June Baonza Pagaldai diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da. Bere ibilbideak, sentsibilitateak, begirada kritikoak eta esperientzia kolektiboek genero-berdintasunaren, LGTBI+en eta feminismoaren gaietan espezializatzera eraman dute.
Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: Artxiboa.
Emakume Txokoak June Baonza Pagaldai artista durangarrarekin solasaldia antolatu du otsailaren 23rako, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Kulturaten. Bertan, ‘Ama ta Asunak’ proiektuaren emaitza erakutsiko du, proiekzio dokumental eta egun bakarreko erakusketarekin. Bertan, proiekzioaz gain, 6 lan grafiko egongo dira ikusgai.
June Baonza Pagaldai diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea da. Diseinatzaile eta ilustratzaile lanak argazkigintzako eta hainbat tailerretako irakasle gisa uztartzen ditu. Bere ibilbideak, sentsibilitateak, begirada kritikoak eta esperientzia kolektiboek genero-berdintasunaren, LGTBI+en eta feminismoaren gaietan espezializatzera eraman dute.
Hona hemen, June Baonza Pagaldairen beraren arabera, bertaratzen direnek otsailaren 23an aurkituko dutena:
“Pribatutasunean gorde izan dena, herriko plazara ateratzea bezala ulertu behar da amatasunaren politizazioa.
Zenbat bete gabeko espektatiba jaurtitzen dira emakumeen bizkar gainera?
Non biltzen dira hautu hau jarraitzen ez dutenen bizi esperientziak?
Zer da alaba izatea?
6 bizi esperientzia, 6 hautu.
Asunak. Ama ta asunak. Proiektu honek erresumin horiei guztiei heldu nahi die. Adierazteko behar duten arnas gunea eskaini, azaleratu eta loratu daitezen. Gozamenari eta minari, duintasun berarekin tokia eman, bizigarriagoak izango diren espazioak sortzeko”.
Emakume Txokoak Kulturatera gerturatzeko gonbitea luzatu die arrasatearrei, ‘Ama ta Asunak’ lanean batutako obra eta hausnarketak ezagutzera.
DOKUMENTALAREN ERAKUSKETA ETA PROIEKZIOA:
AMA TA ASUNAK
Artista: June Baonza Pagaldai
Otsailak 23, osteguna
19:00etan, Kulturaten (Areto Nagusia)
Dokumentala: euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin
