Emakume Txokoak 20. urteurrenerako jardunaldi feministak antolatu ditu [Egitaraua]

0
678

Egitaraua ezagutzera eman berri du, eta izen-ematea zabalik da honezkero. Jardunaldi feministak 27 eta 28ko asteburuan ospatuko dira, NAHINORANAHI ‘Elkar irakurriz, zainduz, aktibatuz’ goiburuarekin.

Beheko testua eta irudiak: Emakume Txokoa.

NAHINORANAHI hitz jokoak ilusioa eta anbizioa iradokitzen ditu. Nahi bikoiztua darama
NAHINORANAHI leloak; Nahi dugun horretara iristeko desioa eta irrika adierazteko, alegia.

Leloa, Miren Amurizak sortua da.
Arrasateko Emakume Txokoa, Ermukoarekin batera, aitzindaria da Euskal Herrian.
Zerk egin zuen hau posible? Denboraren orratzak atzera biratuz, 2003ko Arrasatera bidaiatuko dugu.
Orain dela 20 urte, salbuespena zen udaletan Berdintasun Saila egotea.
Arrasaten bazegoen.
Orain dela 20 urte, salbuespena zen mugimendu feminista antolatua egotea herrietan.
Arrasaten bazegoen.
Orain dela 20 urte, salbuespena zen udalaren eta Mugimendu Feministaren edota emakume taldeen artean harremana izatea.
Arrasaten bazuten.

Gainera, udal gobernuaren konpromiso politikoa zegoen proiektua aurrera eramateko, horretarako beharrezko ziren bitarteko pertsonal eta ekonomikoak bermatuz.

Ermuan ere antzeko baldintzak betetzen ziren, eta, elkarrekin, emakumeentzako espazio izango zirenak amesten hasi ziren. Ideia sortu, partekatu, ametsa gauzagarria ala burutazio zoroa ote zen aztertu… Izan ere, erreferentzia falta erabatekoa zen garai hartan. Eta horrelako proiektu bat amestea erabat urratzailea.

Emakumeentzako espazio propioak lau printzipio hauetan oinarritu ziren:

  • Udalaren eta Mugimendu Feministaren elkarlanak sostengatu behar zituen.
  • Euskal Herrian eta euskaraz sortuak izan behar ziren.
  • Emakumeentzako espazio libre eta seguruak izan behar ziren.
  • Herrian eragiteko xedea izan behar zuten.

Mugimendu feminista antolatua, konpromiso politikoa, jakintza teknikoa, proiektua definituta… dena prest zegoen, ez zen ezer falta, ezta zailtasunak ere.

Emakumeentzako espazio propioen proiektua beste erakunde publiko batzuekin konpartitu bazen ere, ez zuten babestu. Ez zuten proiektuaren ideia edo xedea begi onez ikusi, eta ez zuten inolako laguntzarik eman. Horrez gain, proiektua gauzatu zuen udal gobernua, ilegalizazio fase batean sartzeko puntuan zegoen. Jakina zen ez zuela beste legealdi bat gobernatuko, eta, halere, proiektuak aurrera egiteko beharrezko ziren langileak eta bitarteko ekonomikoak bermatu zituen.

Zailtasunak zailtasun, Emakume Txokoa martxan jarri zen, eta ibilbide oparoa egin du gaur arte mugimendu feminista, herriko emakume talde eta bertan parte hartzen duten herriko emakumeekin eskuz-esku. Proiektu parte hartzailea izan da hasieratik, eta izaera parte-hartzaile eta eraldatzaile horri eusten dio.

Gaur egun, Emakume Txokoaren proiektuan sinetsi ez zutenek, edota hasiera batean interesik azaldu ez zutenek ere balorean jarri eta beharrezkotzat jotzen dituzte espazio hauek.

20 urte ez dira egunero betetzen, badaukagu zer ospatu, zertaz harro egon! Eta behar den bezala ospatzeko, jarraian aurkeztuko dugun egitaraua prestatu dugu mimo handiz.

Anbizioarekin jokatu zen duela 20 urte, eta ilusioarekin eta anbizioarekin jarraituko dugu NAHINORANAHI!!!. Amestu, pentsatu, sortu. Balore feministak oinarri beste 20!!!

Elkar irakurri, zaindu eta aktibatzeaz gain, jardunaldi honetan lekua egin nahi diogu aitortzari eta esker onari. Helburu horretarako propio, urriak 27an, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Seber Altubeko karpan Ekitaldi Feminista bat antolatu dugu.

Emakume askok osatzen dugu Emakume Txokoa. Asko, bere ibilbide oparoan ekarpena egin eta konpromisoa hartu dugun emakumeak. Horiek guztiak, izen-abizenekin eta era anonimoan, omenduko ditugu.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen