Emakume Txokoa: “Erasotzailea da erantzule bakarra, ez dago aitzakiarik”

0
236

Emakume Txokoak protokoloa eta bi zerbitzu gehiago (indarkeria sexistaren aurkako arreta telefonoa eta gunea) antolatu ditu jaien harira. Horren inguruan aritu gara Amets Beltran de Gebara Arexolaleiba Berdintasun teknikariarekin.

Sanjoanetan edozein eraso sexista egonez gero, zer egin behar dute inguruko pertsonek?

Lehenik, erasoa jasandako emakumearen bizipena eta errelatoa zalantzan ez jartzea. Bigarrenik, emakumearen erabakia errespetatzea, hori ere gako garrantzitsua baita, eta hirugarrenik, emakume horren uneko beharrak identifikatu eta ingurukoek behar horiek asetzeko alternatibak eskaintzea.

Zer egin behar du edo zer egin dezake erasoaren biktimak?

Erasoaren nolakotasunaren arabera, biktimak behar ezberdinak izan ditzake: osasun-zerbitzuetara joateko beharra, bizipena konpartitzeko beharra, erasoari izena jartzeko eta lantzeko beharra,…

Erasoaren salaketa aurkezteko beti dago denbora, hau da, ez du zertan unean bertan salaketa ofiziala aurkeztu. Badira hainbat zerbitzu, salaketa aurkeztu barik, erasotutako emakumeek jaso ditzaketenak, euren eskubidea da.

24 orduetan egongo da erabilgai zerbitzu telefoniko hau (688 809 137)?

Zerbitzuak arreta emango du Sanjoanek iraungo duten tarte horretan, ekainaren 23ko arratsaldeko 20:00etatik ekainaren 26ko gaueko 21:00etara. Zerbitzuak helburu informatiboa ere eduki badauka, adibidez zalantzak argitzeko.

Gainera, eraso bateko biktimak hala eskatuko balu, betiere hala nahiko balu, arreta hau presentziala ere izan daiteke.

Erasorik ez egon arren, zerbitzu honek baditu helburu gehiago?

Bai, emakumeek jaietan izandako bizipen, iritzi, interesak,… adierazteko ere balio du. Izan ere, kontuan hartu behar da indarkeria matxistak bere horretan diruela, bere moldeak aldatu dituen arren, telefono-arreta hau ere baliagarria izan daiteke molde horiek atzemateko eta horiek ezagutzeko. Horrela, guk ere egungo erasoak testa ditzakegu.

Jaietan ez ezik, gainontzeko egunetan ere eskura daude beste zerbitzu telefoniko batzuk?

Bai, noski. Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko arreta zerbitzua (900 840 111) arrastorik uzten ez duena, Arrasateko Gizarte Zerbitzuena (943 25 20 07) ez dira urjentziazko kasuetan bertara deitzeko baina bai beste uneetarako, Udaltzaingoa (943 25 20 10), Ertzaintza (112) eta Emakume Txokoa (943 79 41 39).

Telefono zenbaki hauek ikus daitezke Sanjoanetarako Emakume Txokoak banatutako esku-orrietan ere.

Zer ondoriozta daiteke Arrasateko jaietan matxismoak egindako erasoen inguruan?

Nik esango nuke indarkeria matxista fenomeno bezala oso errotuta dagoela gure jendartean, sistemikoa dela eta jaietan tarteka oso agerian geratzen da.

Ezin dugu ahaztu jendarte hau osatzen dugunok sostengatzen dugula indarkeria matxista. Ez da jaietan soilik agertzen den fenomeno bat.

Gaur-gaurkoz jendarte eredu hau botere harremanetan eraikita dagoenez, gizon eta emakumeen arteko botere harremanetan eraikita, biolentzia existitzen da.

Jakina da ez gaituztela modu berdinean sozializatzen emakumeok eta gizonak, rolak, estereotipoak,… oso markatuta datoz oso txikitatik, eta horixe da ondorioa, ezta?

Zerbait gehitu nahi baduzue edota erantzundakotik zerbait azpimarratu, bada aurrera, zuena da hitza

Erasotzailea da arduradun, erantzule bakarra, ez dago aitzakiarik: ez drogak, ez alkoholak, ez janzkerak, ez sexua egoteak, ez emakumearen portaerak,… horietako batek ere ezin du inolaz ere erasoa justifikatzen. Erasotzaileari jausi beharko zaio jausi beharrekoa. Sanjoanak izan daitezela emakumeondako gune aske bat.

Erlazionatutako albistea:

Indarkeria sexistaren aurka gunea eta telefonoa eskura izango dira jaietan

2022ko ekainaren 15ean argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen