Emakume Sailaren 30. urteurrena ospatu du Arrasate Rugby Taldeak

0
473

Klub zuri-moreak omenaldia egin ziren bertako emakumeei aurreko larunbatean. Besteak beste, belaunaldi ezberdinetako jokalarien artean errugbian jokatu zuten Mojategin.

Argazkia: ART Neskak.

Arrasate Errugbi Taldeak emakumezkoen saila omendu zuen larunbatean, aurtengo denboraldian 30 urte betetzen baitira neskek osatutako taldeak elastiko zuri-morea defendatu zuela aurrenekoz txapelketa ofizialetan. 

1993-1994 denboraldian geratu zen hori; taldearen haziarekin topo egiteko, baina, bi urte egin behar dugu atzera, 1991-1992 ikasturtean 15 neskez osatutako taldea errugbia praktikatzen hasi baitzen Arrasaten.

Urteurrena ospatzeko, aurreko zapatuko eguerdian belaunaldi ezberdinetako jokalariak batu ziren Mojategin, egungoak barne, eta entrenamendu saioa burutu zuten. 

Ondoren, poteoa egin ostean, Herri Gain elkarte gastronomikoan bazkaltzekoak ziren, eta emakumezkoen sailaren inguruan Goiena Komunikazio Taldeak ekoiztutako ikus-entzunezkoa pantailaratzekoak ziren.

Arrasate Errugbi Taldeko emakumezkoen sailak hiru garai ezberdinetan lehiatu du, urte hauetan guztietan erabateko jarraikortasunik izan ez duela.  

Lehen proiektuak 1994-1995 denboraldira arte eutsi zion, eta nesken taldea 2007an birsortu zen, beste hiru denboraldietako ibilbidea izanik, 2009-2010 ikasturtera arte.

Bigarren garai honetan Durango Rugby Taldeko neskak izan zituzten bidelagun. Azken etapa gaur egungoa dugu, pandemia garaian -2020an- martxan jarri zena eta, egunotan, inoiz baino osasuntsuago eusten diona.

Zorionak ARTko Emakume Saileko lagunei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen