Aspegi Konektatuz proiektuaren I. edizioa ospatu da eguerdian Garaia Parke Teknologikoaren Muru gelan. Lehenengo edizio honetan hiru ildo jorratu dira: hezkuntzazkoa, ekintzailetza eta STEM arloetan, guztiak Debagoienean kokatuta. Proiektu honen helburua Debagoiena ekonomia eta enpresa-sarean dauden emakumeen presentzia ikusaraztea da. Horretarako Aspegi hiru emakume ekintzaile bildu ditu, Ainara Abasolo Irrika Gluten Free-ko sortzailea, Arantza Lejarraga Arizmendi Ikastolako Umezaitza guneko zuzendari ohia (1989-2002) eta Sonia Ortubai Abantail kooperatibaren zuzendari nagusia.
Eunate Elio Mondragon Unibertsitateko Berdintasun arduraduna moderatzailea delarik, hirurek enpresa munduan eta kasu batzuetan kooperatiban duten esperientziaz hitz egin dute emakume baten ikuspuntutik. Eliotek esan duenez, “hasieran kooperatiben mundua oso maskulinizatuta zegoen arren, garai hartan emakumeak bere sorreran paper garrantzitsua izan zuen kooperatibak sortu ziren, hala nola Auzolagun eta Umezaintza, ekintzailetzaren eredu bihurtu zirenak.”

Sonia Ortubay izan da hitza hartzen lehena. Ortubayk ingeniaritza tekniko mekanikoa eta goi-mailako ingeniaritza ikasi zuen eta Fagor Sistemas, LKS eta Abantail kooperatibetan lan egin du. Eroskiko Kontseilu Errektoreko kide ere izan da.
Berak esan duenez, “beti bizi izan naiz mundu oso maskulinizatu batean. Goi Eskola Politeknikoan ikasten hasi nintzenean oso emakume gutxi ginen, eta Nantesera joan nintzenean goi-mailako ingeniaritza ikastera are gutxiago ginen. Nire kasuan, aukeraketa pertsonala izan zen, etxetik bizi izan bainuen industria eta kooperatibismo giroa.” Azpimarratu duenez, “nahiz eta, orain berdintasunezko ikuspegia dugun, oso industria-enpresa gutxitan emakumeak daude zuzendaritza-kontseiluetan edo beste maila batzuetan. Unibertsitateen kasuan, oso emakume gutxik aukeratzen dituzte oraindik ikasketa teknikoak.”

Ondoren, Arantza Lizarragaren unea iritsi da. Psikologian lizentziatua, 1989tik 2002ra Umezaintzaren zuzendaria izan zen. Arizmendi Konfiantzaren Pedagogia proiektuan aktiboki parte hartu du ere.
Lizarragak Auzolagunen (orain Auzolan) 1969ko hastapenak ekarri ditu gogora. Nola hortik sortu zen Umezaintza ere, estatuko lehen lan-haurtzaindegia. “17 emakume elkartu ziren Arizmendiarrieta eta Iñarraren babesarekin proiektu hau abian jartzeko. Emakume hauek eta beste batzuk lanean hasi zirenez, behar horretatik sortu zen Umezaintza. Lehenengo 2 langilerekin, eta denbora gutxian beste hainbeste batu zitzaizkien. Beste kooperatiba batzuen eta Arrasateko Udalaren laguntza ere izan zuten.”
Era berean, azaldu du “denborarekin Auzolagunetik banandu zen Umezaintza, bere beharrizanak zituelako, hala nola, bere langileek Magisteritza ikastea, zaintzeaz gain hezi ahal izateko. Haraneko beste kooperatiba hezitzaileekiko harremanaren ondoren sortu zen Arizmendi. Euskal Herriko ikastolarik handienetako bat bihurtu gara.”
Hastapenak gogoratuz, azpimarratu du “ez ziren errazak izan. Jende askok ez zuen proiektuan sinesten, baina aurrera jarraitu zuten eta herriaren babesa lortu zuten. Estatuko beste toki batzuetako pertsonekin ere kolaboratu zuten, beste haurtzaindegi batzuk sortzen lagunduz. Uste dut ez dela nahikoa aitortu emakume horiek egindako lana.” Ortubayk azaldu duenez, “emakumeei ezartzen dizkiguten rolak apurtzeko lanean jarraitzen dugu, eta ikasleak ikasketa teknikoetara bideratzen saiatzen gara. Gizartearekin eta familiarekin aktiboki lan egiten dugu berdintasunaren alde.”

Ainara Abasolo izan da hitz egiten azkena. Irrika Gluten Free enpresaren sortzailea, Ayala Ostalaritza Eskolako gozogintza ikasketak egin zituen. Makrobiotika ere ikasi du.
Familiaren jatetxean lan egin zuen amak erretiroa hartu arte, eta, ondoren negozioaz arduratu zen obradorea bihurtuz. Zeliakia diagnostikatu ziotenean hasi zen glutenik gabeko produktuak egiten. Jatetxean hasi zen produktu horiek egiten, baina duela bi urte jarri zuen martxan bere negozioa. “Nire helburua glutenik gabeko baina osasungarriak ziren produktuak egitea zen. Merkatuan glutenik gabeko produktuak daude, baina gehigarri asko dituzte.”
Abasolok azaldu duenez, bere kasuan ez da zaila izan negozioa martxan jartzea. “Orain laguntza asko daude negozio batekin hasi nahi duten emakumeentzat. Familiarekin kontziliatzea zaila bada ere, nire kasuan, senarrak, koinatak eta amak ematen didaten laguntzagatik ez balitz, oso zaila izango litzateke aurrera egitea.” Hala ere, baikor dago etorkizunari begira. “Pixkanaka aurrera goaz. Noraino iritsiko garen ez dakigu.”