Uriburuko sutearen ondorioz bizilagun bat balkoian babestu behar izan da, baina onik da

0
5592

Suhiltzaileek emakumea erreskatatu dute, eta zorionez ez dute Ospitalera eraman behar izan, baina denbora batez etxera itzultzerik izango ez duenez, Udalak babesa emango dio hotelean. Lehen azterketen arabera, inguruko etxebizitzek ez dute kalterik izan eta bizilagunek ez dute irten beharrik izan.

Suhiltzaileek Arrasateko Uriburu kalean izandako sute batean harrapatuta geratu den emakume bat erreskatatu behar izan dute. Ezbeharra eguerdiko 12:30ak aldera jazo da, kale horretako etxebizitza bateko azken solairuan sute bat piztu denean. Emakumea, beldurtuta, balkoian babestu da sutetik ihesi eta bertatik atera behar izan dute erreskate taldekoek.

Suhiltzaileak, osasun-zerbitzuak, Ertzaintza eta Udaltzaingoa gerturatu dira sutearen gunera eta bertan artatu dute emakumea. Lagun honek zorionez ez du erredurarik izan, eta hasiera batean ospitalera eramango zutela zirudien arren, azkenean ez da horren beharrik izan.

Sua itzalita, kaltetutako gunea aireztatu dute suhiltzaileek eta segidan, inguruko etxebizitzak kalteturik izan diren aztertu dute. Maider Morras Azpiazu alkateak adierazi duenez, «printzipioz inguruko etxebizitza guztiak ondo daude eta bertako bizilagunek ez dute etxetik irten beharko». Sutean ez da, beraz, kalte pertsonalik izan, baina bai kalte materialak eta erretako etxebizitzako bizilagunek ezingo dute, denbora batez, euren etxera itzuli. Momentuz, Udalak arreta egingo die eta asteburu honetan bizilekua eskainiko die hotelean. Aztertzen ari dira sutea zerk eragin duen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen