Emakume arrasatear baten erailketa matxista salatzeko bilkura egingo da bihar (urtarrilak 2)

0
2701

Testua eta kartela: Arrasateko Emakume Mundu Martxa, Arrasateko Bilgune Feminista eta Pottogorriak.

2020 urtea zorigaiztoko notiziarekin amaitu dugu, biolentzia matxistaren ondorioz gizonezko batek Kanariar Uharteetan bizi zen Mariam Ibarlucea, emakume arrasatearra erail duela jakin izan dugu.

Erailketa matxistak, emakumeon aurkako biolentziaren muturreko ondorio dira eta bestelako biolentzia ugarirekin elkar elikatzen dira. Erailketak, atzera bueltarik ez duen ekintza izanik, bereziki era gogorrean kolpatzen gaitu.

Emakumeon aurkako biolentzia ez da berria, ez da kasualitatea, sistemikoa da, estrukturala. Pandemia egoerak, eta honek eragin duen krisi zein isolamenduak, are eta egoera zaurgarriagoan utzi gaitu emakumeak, horregatik, 2021ean, denon artean honi aurre egiteko baliabide eta neurri zehatzak aldarrikatu, exijitu eta ezarri behar ditugu, 2021ean beste erailketarik edo biolentzia kasurik salatu behar ez izateko.

Marianen familia eta senitartekoei gure elkartasunik beroena adierazi nahi diegu eta mugimendu feministaren laguntza eta prestutasun osoa dutela.

Bitartean, ezinbestekoa iruditzen zaigu gure gaitzespenik sendoena agertzea gertaera lazgarri honen aurrean, eta maskarak, distantzia eta segurtasun neurri guztiak bermatuz, Urtarrilaren 2an eguerdiko 12:30ean elkarretaratzea egingo dugu Arrasateko herriko plazan. Bertara gonbidatzen ditugu herrikide guztiak, denok batera egoera hau salatu eta gaitzesteko.

Ez dugu emakumeon aurkako biolentziarik onartuko, bat erasotzen badute denok erantzungo dugu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen