Emakume Abertzaleon Topaketen aurkezpenak hausnarketa egin du

0
669

Arrasateko Bilgune Feministak antolaturik, 30 bat emakumek deskolonizazioaz, arrazakeriaz,… gogoeta egin zuten. Hausnarketa honek segida izango du nazio mailako topaketetan.

Argazkiak: Arrasateko Bilgune Feminista.

Arrasateko Bilgune Feministak antolaturik, bailarako 30 bat emakume elkartu ziren atzo goizean Arrasateko Gaztetxean.

Antolatzaileek eskertu zuten emakume ugarik, Covid-19aren testuinguruan, ekitaldian parte hartu izana: “Eskertzekoa da testuinguru honekin hausnarketa, eztabaida edota aurkezpen saio hauetara etortzeko gogoa izatea”.

Halaber, neurriak bete ahal izateko eta aforoa mugatzeko, ABFek izen-ematea antolatua zuen, eta saioan zehar neurriak hartu zituzten.

“Ekitaldia ondo bidean joan da, gustura jardun dugu eta goxo”, baloratu du Garazi Bedatse Barberan Garai kideak.

Emakume Abertzaleon VIII. Topaketa Feministen aurkezpena izateaz gain, Arrasateko Bilgune Feministak bere burua ere aurkeztu zuen, “bailarako hainbat emakumeri zuzenean aurkeztuz”.

Gainera, nazio mailako topaketen gai zentralaz hausnartu zuten, “gogoeta dinamika bati hasiera emanez, eta hausnarketa honi jarraipena emango zaio Topaketetan, horren inguruan Bilgune Feministak daraman bidea osotzeko”.

Gaztetxeko saioan “harreman kolonialen ertzak aztertu ditugu, Euskal Feminismotik argazki gaurkotu bat egin ahal izateko, eta ikusi dugu prozesua bera dela garrantzitsuena. Hau da, hausnartzen jarraitzea, elkarlanak sustatzea, saretzea, elkar entzutea,…”.

Emakume Abertzaleon VIII. Topaketa Feministak ekimenaren izen-ematea aste honetara arte zabalik egon da. “Hasieran aurreikusten zen nazio mailako Topaketak Oreretan egitea, denok bertan elkartuta, baina azkenean ez da posible izan, eta modu deszentralizatuan egingo dira”.

Horrela, herrialde bakoitzean bi tokitan gauzatuko dira, talde txikiagoetan. Aipatzekoa da Oreretako hitzordurako 300 plaza antolatu zirela eta aste bakar batean bete egin zirela.

Horrek erakusten du “Euskal Herrian badela deskolonizazioarekiko eta arrazakeriarekiko interesa, gure pribilejio zuriak zalantzan jartzeko, eta hori pozgarria da”.

“Arrasaten bildu garenok poztu gaitu ere bailaran badirela adin tarte, herri,… ezberdinetako pertsonak gai honekiko sentsibilizatuta daudenak, eta lanerako gogoz. Baloratzekoa da ere parte-hartzaileek denbora hartzea gure burua berrikusteko, gure arrazakeria eta pribilejioak begiratzeko,…”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen