ELMAko torrea: Arkitektura Art Dècoaren harribitxia Mondragoen [Testua: Ramon Ugalde]

2
873

Bai hala da, non eta Mondragoen estilo honetako harri-bitxi arkitektonikoa daukagu. Benetan ere, Europako Art Déco estiloan jasotako eraikin onenen zerrenda bat egingo balitz “gaztelu” edo “torre” hau zerrendaren goiko postuetan jarri beharko litzateke.Gure inguruan ez dago maila honetako eraikinik.

Baina harrigarria bada ere, orain arte behintzat eraikin hau ez da bat ere estimatua izan gure herrian. Azken urteotan Elmako torrearekiko interesa zertxobait piztu da zorionez.

Benetan ere harrigarria da industria jarduera egiteko holako eraikin dotorea jasotzea. Normalean aktibitate ekonomikoak garatzeko eraikinak erabat funtzionalak izaten dira, apaindura bakoak, hemen ordea ez da hori gertatzen.

Elmako historia landu dutenek kontatzen dute, enpresa hau 1924an sortu zela eta 1930ean fabrika berria jasotzea erabaki zuten. Mondragoeko udal artxiboan Elmako plano originala dago gordeta, baina urte batzuk direla artxiboa urez bete zen, eta dokumentu hau busti egin zen eta egilearen firma ez da ondo atzematen. Data, ordea, ondo irakurtzen da, 1930eko irailaren 5ean. Beraz ez dakigu obra honen diseinugilea nor izan zitekeen. Pista bat izan daiteke urrengo urrian antzerako fatxada zuen lantegi baterako planoak egin zituela Luis Arana ingeniari industrialak La Industrial Mondragonesa (Kutxarerie) lantegirako. Fatxada hau ere Art Déco estilokoa zen bao luzenkakin eta errematean pinakulo geometrikoekin. Elmarekiko antzekotasunak handiak dira, datak ere oso gertukoak, idazkera ere berdintsua … baina ziurtasun osoz ezin dugu baieztatu Luis Arana izan zenik Elmakoaren diseinugilea. Hala balitz arkitektorik gabeko arkitektura maisu lan baten aurrean geundeke.

Estilo honetako eraikin industrialen aurrekaririk ez dugu ezagutzen Euskal Herrian eta ezta ondorengorik ere gure gaurko ikuspuntutik arraroa egiten zaigu. Agian diseinugileak ez zion aparteko garrantzirik eman bere lanari. Garai hartako arkitektura aldizkarietan, edo prentsa idatzian ere ez zuten erreparatu eraikin honetan.

Esan bezala, obra hau enkargatu zutenak Elmako ugazabak izan ziren eta egiten dugun galdera da: zergatik hain eraikin dotorea? Ze nik uste dut konszienteak izango zirela obra berezi bat egiten ari zirela lantegi industrial baterako. Ze, eraikin hau ez zen bakarrik enpresaren administrazioko bulegoetarako, tailerrak eta biltegia ere bertan kokatzen ziren.

Elmako ugazabek edo eurekin lotura duten familiarrek etxe interesgarriak jaso zituzten Arrasaten euren egoitzarako, noski: Ikusteder, Pendiz Alai, Markieegirena, Balaukona, Ertzaintzaren komisaldegia …euskal kutsuko art déco estiloan. Beraz sensibilitate arkitektonikoa bazeukaten. Baina Elmakoarekin euren denborako Europan egiten zen estilo arkitektoniko garaikide eta modernoarekin konektatu zuten.

Arkitekturaren historian Art Déco estiloa Art Nouveu estiloaren bilakaeratzat hartzen da, 1925an sortu zela esan daiteke. Estilo honetan eraikuntzarako teknika modernoak erabiltzen dira, apaindurari garrantzi berezia ematen zaio. Baina apaindura nolabait estandarizatu egiten da, erreplikatzen diren motibo geometrikoekin lortzen da. Art Nouveau edo modernismoan motibo dekoratiboak naturan inspiratzen dira gehiago (lorak, landarak, tximeletak, sorgin orratzak…) Burgesia apalago baten estiloa da. Estilo honek ere langile trebeen lana eskatzen du : ireltseroak, enkofratzaileak, soldadoreak… Modernismoa artisau kotizatuen asuntoa zen gehiago, Art Déco langile industrial trebeena.

Frantzia iparraldean, Lehen Mundu gerraren txikizioa jasan zuten ziudadeetan estilo hau baliatu zuten eraikin berriak egiteko, eta ale interesgarriak daude Reims edo San Quintinen baina guk dakigunez lantegiak egiteko ez zuten erabili. Zinema aretoak, azokak, saltoki handiak, eraikin zibilak …estilo honetan jaso zituzten. Horrek ere harrigarriago egiten du Arrasateko Elmako Torrea.

Elmako bloke industrial hau eraiki zuena Construcciones Luis Olasagasti izan zen, Donostiako enpresa bat. Arrasaten eta inguruan lantegi asko egin zuten, 60. hamarkada arte.

Profesional trebeak ibili ziren lanean eraikin honetan: leihoteriako burdinazko karratuak egin zituzten soldadoreak, leiho edo bao luzeak ondo jarritako adreilu gorriekin inguratu zituzten igeltsero trebeak, eta batez ere enkofratzaileak. Enkofratuak prestatzen derrigorrez arotz finak ibili behar izan ziren, eta hormigoiaren kalitatea eta plastizitatea ondo kontrolatzen zituzten profesionalak ere bai. Gure ustez, eraikin honetan hormigoiarekin lortutako forma arin hauek aipatu beharrekoak dira: Leiho luzenkak banatzen dituzten ardatzak, mensulak, erlaitza, erlaitz azpian dauden kasetoiak eta erlaitz gaineko pinakuloak… Elementu guzti horietan enkofratze lan ikaragarria dago. Berez, eraikin honen egitura gehiagoko barik, eskultura lan interesgarria da. Eta harrigarria bada ere, ia ehun urte bete behar baditu ere, oso egoera onean dagoena.

Laburtzeko Elmakoa eraikuntza industrialaren emaitza bikaina da: material industrialekin eginda dago (hormigoia, adreiluak, burdinazko perfilak …) teilak ere industrialak dira.

– Eta Elmako Torreari begiratu bat ematen badiogu jabetuko gara bere konposizioa, bere forma ez dela ohikoa ez lantegi baterako eta ez bulego baterako ere.Bere eskema konpositiboa Torre-jauregiarena da. Eredu honen aurrekari bat XVI . Mendeko Otalorako jauregian daukagu Azatzan (Araozaraza). XX. Mendearen hasieran konposizio hau luxozko txaletak, burgesia berriaren kalitatezko egoitzak egiteko erabili zen. Arrasaten betan horrelako eskemarekin jasotako etxeak Maixorrenak, Zarugalde kaleko Azkarateren jauregitxoa… daude. Eta are arraroagoa eraikin industrial batean, bloke bakoitza babesteko lau haizetako teilatu batekin estali zuten.

Beraz Elmakoak jauregi torre bat akordatu eragiten digu. Zer dela eta eman zioten forma hori? Noren ideia izan zen Luis Arana ingeniariarena edo Elmako ugazabena? Zaila da imajinatzea ze prozesu jarraitu zuten holako “gauza arraroa” diseinatzeko. Baina kapritxo hori izan da XX. mendean Arrasaten burutu den lan arkitektoniko interesgarrienetarikoa.

– Planoa bera ere bitxia da ez da angeluzuzena, trapezioa baizik: alde bakoitza neurri diferentekoa da: 27, 32,16, 34 metrokoa bakoitza; luzeena Gipuzkoa etorbidera begira dagoena da. Trapezoide 688m2koa da gutxi gora behera. Bitxikeria honen zergatia ez dugu argitzerik izan, agian errepidea eta aurreko lantegien artean geratuko orubearen formara egokitzeko? Pabelloi honen eraikuntza 1930an hasi zen eta urrengo urterako bukatuta zegoen.

– Arkitekturaren aldetik Elmako eraikuntza lorpen bikaina da: Zokaloa (orain azpiratuta) matxoiak, Kanpoko pilastrak (bao luzenkak babesten dutenak ) egiturarako beharrezkoak direnak oso modu dotorean burutu dira. Kanpoko pilastrek funtzio estrukturala egiten dute, hormigoizko losari eusten, horregatik solairuak oso diafanoak dira habe edo zutiko gutxirekin. Guztira lau piso zabal daude eta goiko ganbaran beste altillo, bi pisutxo. Kalitatezko arkitektura da hau espazio ireki eta argitsuak lortzen dituena, baina ez oso garestia. Baliabideak ondo neurtuta daude eta.

Art Décoaren ezaugarrietako bat da eraikinaren elementu bakoitzean edertasuna lortu nahi dutela eta aztertzen ari garen eraikin honetan arau hau ondo baino hobeto betetzen da. Behintzat kanpo aldera begira zeuden (dauden) fatxadetan. Kontuan euki behar dugu Elma eraikina egin zenean errepidetik eta ingurutik hiru fatxada ikusgai zeudela, hegoaldekoa ordea gainetiko lantegietara ematen zuen eta fatxada honi ez zioten aparteko baliori eman eta modu “arrazionalistan” egin zuten (horma lisoak eta burdinazko leihotxo karratudun zelosiekin bete zuten). Torrea, bere liraintasuna eskainiz, Mondragoeri begira jarri zuten. Kanpotik begiratura multzo osoaren konposizioa oso dotorea da: oreka dago torrearen liraintasuna eta blokearen sendotasunaren artean.

Elmako apainduran elementu geometrikoak nagusitzen dira, eraikinaren diseinatzailea geometriarekin jolasean balebil moduan.

Jabetu behar gara eraikina 75 zm beherago hondoratu dela (errepidea altxatu dutelako) , eta beraz oinarrizko zokaloa edo plintoa ez da ikusten. Beheko planta txandakaturiko bao edo hueko zabalekin eta matxoi sendoekin egituratzen da,: Fatxada bakoitza neurri desberdinekoa denez bao kopurua ere ez da berdina, baina simetrikoak dira.

Eta tarteko matxoietan bost moldura edo gerriko sendo batzuk horizontalean jarri dituzte. Moldurok sendoak direnez euren arteko tarteak nahiko sakonak dira. Baoetan burdinazko leihotxo karratuak daude. Beheko planta honek Horizontaltasun sensatzioa trasmititzen du, baina astuna izan gabe, goiko parteko pilastra eta lehio luzenkak ordea Bertikaltasunarena. Horizontaltasun eta bertikaltasunaren arteko jolas hori oso atsegina da ikusmirarako. Bolumen konbinazio honekin oso eraikin orekatua lortzen da. Fatxadari jarraipena eta errematea ematen dioten pinakuloak ere oso neurtuta daude. Badirudi gora igo nahi duela baina pinakuluok koroatzen dituzten txapeltxoek tope moduko bat egiten diote: Eraikina lurrean ondo finkatzeko untza buruak bailiran.

Esan bezala, “gaztelu” honen eraikuntza modu industrialean burutu zen: leiho luzenkak bi neurrikoak dira, moduloak balira moduan: Estuenek torrea jazten dute eta zabalenek blokea. Nolabaiteko konponbide estandarrak. Torreko leiho luzenkek ardatz bat daukate eta blokekoek piskat zabalagoak direlarik bi. Leihozangoak adreilu gorriz apaindu dira, eta beirate karratuak burdinazko perfil luzeetan kokatzen dira.

Erlaitza gainean pinakuluak daude, gaztelu baten almenak gogora arazten dutenak, baina erlaitz azpia ere kasetoiekin apainduta daude.

Dena hormigoia da, horregatik nabarmentzekoa da garai hartako enkofratzaileek egin zuten arotz-lan bikaina. Art Décoan bete betean gaudenez piskat gehiago egin behar zuten eta erlaitzari ere, hobeto eusteko, moldura mailakatu bat jarri zioten eta pilastretatik zintzilik edo eusten ( eraikin alai honetan jolasa ez da eskas) mensula geometrikoak. Piramidetxo batzuk ere badaude pilastrak apaintzen, zer dira iltze puntak? edo erortzear dauden diamantetxoak?

Erremateko pinakuluekin ere jolas apur bat egin zuten; fatxada bakoitzean zer daukagu bost mutil, euren txapela eta lepoko dotoreekin? Bost “moai” lepotik eta gerritik helduta? Edo Belle Epoqueko señorita batzuk?

Erdiko kartelean enpresaren izena dator: Elma, eta honetan ere kaligrafiarekin jolastu zuten, letrekin artisau lan bikaina eginez. Kaleko atea ere ez zuten ahaztu, tamalez gaur egun bere osotasunean ezin da ikusi, baina detaile geometrikoak nabarmentzekoak dira.

Eta barruan, zer? Barruko espazioak soilak eta argitsuak dira gehienbat. Ganbaran, aipagarria da hormigoizko zutiko eta habeekin egindako egitura. Konplikatu samarra dirudi, baina oraindik hormigoiarekin esperimentatzen ari ziren eta egurrezko ganbaren egitura tradizionala erabiltzen dute. Geroago etorriko ziren hormigoarekin egindako esperimentu ausartagoak.

Baina badaude elementu pare bat oso landuta daudenak eta Art Décoaren estiloan egin zituztenak: Bulegoetara igotzeko eskaileraren barandilla eta gela bateko zorua. Eskailerako barandilla burdinazkoa da eta forma geometrikoekin apainduta dago. Baina tuboekin eta soldadurarekin egina dago, garai hartako teknika industrialekin ( ez errementari baten lana burdina mazizoarekin) eta barandillaren egurrezko heldulekua ere arotz lan ederra da.

Eta gela batzutako zoruari dagokionez terrazo teknika erabili zuten, nahiko modu sofistikatuan, kolore berdeska eta laruarekin motibo geometrikoak marraztuz zoruan. Kasu honetan terrazo in situ , solairuan bertan prestatu eta egindakoa. Terrazoarena ere joan zen mendeko 20-30 urteetan asko erabilitako teknika izan da. Teknika hau berriro modan jarri da.

Bestalde, eraikin hau margotuta dago, nire ustez gusto handirekin.Esan dezadan bukatzeko Elmako gazteluak bere bolumen jolasarekin, bere materialen erabilera dotorearekin (hormigoi margotua, adreilua, burdinazko xaflak, beirazko zelosiak …) edertasun mezu bat bidali nahi duela. Begira zein dotore eta lerden nagoen esango baligu bezala.

Tamalez Mondragoen mezu hau ez dute ulertu, eta hor utzi dute itota eraikinen artean eta beheko fatxadaren parte handi bat lur azpian, eta hor jarri diote letrero barregarri bat, Lanbideko ofizinetan ere eskatzen zuen art deco estiloko dekorazioa barik sosada bat egin dute. Baina Elmako Gaztelua ederregia da, zigor asko jasan arren bere liraintasunari harro asko eusten diona. Lore eder bat oraindik ximeldu gabea.

Lore ederra bai baina alboko etxeekiko harremana ez da ona. Elmako Gazteluak Gelmako etxe batzuei ez die uzten arnasa lasai hartzen baina bera ere itota geratzen da. Horren zergatia asmatzea ez da erraza eta beste ataltxo batean saiatuko gara piskat argitzen gai korapilotsu hau.

Eta bukatzeko, hemen daukazue La Industrial Mondragonesaren (Kutxarerie) planoa, edo hobeto esanda Luis Arana ingeniari industrialak dibujaturiko aurrealdea edo fatxada. Baliteke Elmako Fabrikako diseiunugilea ere bera izatea. Eta baliteke Luis Arana barik abizena Aranoa izatea. Ziur ziur ez dakigu.Dena dela argi ikusten da arkitektorik gabe arkitektura ona egitea posible izan zela garai hartako Arrasaten.

2 IRUZKIN

  1. Aspaldian argazkiak atera nizkion Elmako eraikinei. Niretzako ez dakit art deco denik, baina bai iruditzen zaidala gotico itxurako eraikina. Nik deituko nizkio “gotiko industriala” edo olako zerbait

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen