Aisialdirako proposamen gehienak digitalak eta norberak norberarentzat moldatutakoak diren garaiotan, elkarrekin bazkaldu, kantatu eta jolasten duten auzo eta herriak sekula ez direla hilko aldarrikatu dute Arrasateko Uribarri auzoan, euren jaixetako egun nagusian.

Eguna behar bezala hasteko, patata tortilla txapelketarekin ekin diote eta bazkal orduan, eguzkiak gogotik jotzen zuenez, elizako atariko kerizpea txiki geratu da bertan bazkaldu eta kantuan aritu diren 60 lagun inguruak hartzeko. Ohiko musikoen artean aldaketaren bat izan bada ere, euskal errepertorioko doinurik ezagunenak errepasatu dituzte, euriari deitzeko inolako beldurrik gabe.

Eta bazkalostean, ume eta helduek betiko jolas eta joko «analogikoetan» pasa dituzte ondorengo orduak, puzgarrietan txikienek eta musean beteranoenek. Esan beharra dago, mus txapelketak sekulako arrakasta izan duela eta denera 40 izan direla izena eman duten bikoteak.

Gaueko bertso-saio mundialera arteko orduak motzak izan dira «azken hatsa Udalaitzeri begira» eman aurretik, bazkari, kantu eta jolas ugari geratzen zaizkie eta Uribarriko bizilagunei.











