“Elkar zainduz aurrera goaz” lemapean Martxoak 8ko egitaraua aurkeztu dute

0
654

Gaur goizean Martxoak 8ko emakumeen nazioarteko egunaren egitaraua eta honen kartela aurkeztu dituzte Emakume Txokoan. Bertan, Eva Abuin Bideburu Feminismoa eta LGTBI+ zinegotzia, Esther Lizarralde Mendizabal Emakume Txokoko teknikaria eta Helena Azkarragaurizar Jauregi artista arrasatearra izan dira, besteak beste. Egitaraua aukera anitzak ditu eta ekintza ezberdinak martxan jarriko dituzte ez bakarrik 8an baizik eta hilabete osoan zehar. Aurtengo leloa “Elkar zainduz aurrera goaz” izango da, “hausnarketa feminista sustatu eta zaintzaren garrantzia aldarrikatzeko helburuarekin” aukeratu izan dela adierazi du Abuin zinegotziak.

Argazkiak: Udala.

Lehenik eta behin, Helena Azkarragaurizar artista arrasatearraren kartela aurkeztu dute. Beste urte batzuetan ez bezala, aurten ez da lehiaketarik egin, izan ere, “ Aurreko urteetan beste herri batzuetako artistek beraien kartelak aurkezteko aukera izan dute. Aurten Arrasateko Udalak eta Emakume txokoak aukeratu du egilea; herriko artistak babestea eta beraien lana balioan jartzeko helburuarekin. Horregatik, aurrerantzean, herriko emakume artistekin lan egingo dugu” adierazi du Evan Abuinek.

Azkarragaurizarrek, bere aldetik, kartela diseinatzeko kontutan izandako aldagaiak azaldu ditu. “Gaia zaintzan zentratuta egonda, ideia hau ohiko elementu batekin islatzen saiatu naiz. Elementu hori poltsa beroa da. Modu honetan, ikus genezake emakume bat poltsa bero handi batekin ibiltzen. Poltsa beroak zaintza pertsonal edo kolektiboak irudikatu ditzake, izan ere, ibiltari izate horrek, norbait zaintzera doan pertsona ere izan daitekeelako. Baina baita leloari eutsiz ‘aurrea goazen’ irudikapena ere” azaldu du. Teknikari dagokionez, arkatza erabili du kartela diseinatzeko.

Aurtengo M8ko egitarauak ekimen sorta zabala jasoko du, “hausnarketa feminista sustatzeko asmoz, eta zaintzaren garrantzia aldarrikatzeko”.

Egitarauaren baitan, hainbat ekimen eta emanaldi jasotzen dira, bai udalak eta baita ere herriko eragile ezberdinek antolatu dituztenak, “polita da ekimen honetan eragile desberdinek parte hartzea”. azpimarratu du Esther Lizarralde Emakume Txokoko teknikariak. Ondoren, egitarauaren berri eman eta “herritar guztiak” gonbidatu ditu “aldarrikapen egun horren testuinguruan antolatu diren emanaldietako hausnarketa kolektiboetan eta herriko eragileak deitutako mobilizazioetan parte hartu dezaten”.

Egitaraua:

Egitaraua abian jarriko da martxoaren 7an,  “Emakume izoztua” liburuaren aurkezpenarekin, AED-k, Udal Bibliotekak eta Emakume Txokoko irakurketa feministen guneak elkarrekin antolatuta. Annie Ernaux, idazle frantziarra, 2022ko Literaturako Nobel Sariaren irabazlea izan zen. Liburua euskarara ekarri du Gema Lopez Las Herasek, Jokin Zaitegi bekaren laguntzaz. Itzultzaileak eta Irakurketa Feministetako kideak aurkeztuko dute liburua elkarrekin.

Martxoaren 8an hainbat eragilek mobilizazioak antolatu dituzte:

Neska* Gazteak eta Ikama  taldeak kontzentrazio deia egin dute, herriko plazan 12:00etan

Aurretik, 11:30ean Sasoibide elkarteak Lilabide izeneko ibilaldia antolatu du, 5 kilometrokoa, emakumeei zuzenduta, Biteri plazatik abiatuta.

Arratsaldean 17:30ean Seber Altube plazan, Arrasateko emakume sahararrek  tea hartzeko gonbidapena luzatu dute, 18:00etan eskainiko duten hitzaldiaren aurretik. Hitzaldian ”Emakume sahararren borroka” izango dute hizketa gai.

19:00etanGure bizitzekin negoziorik ez!” lelopean manifestazioa antolatu du Arrasateko Mugimendu Feministak, Seber Altube plazatik abiatuta.

“Aurretik adierazi bezala, azpimarra jarri nahi diegu ekimen hauei eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzera”.

Martxoaren 9an emakume artisauen eta ekoizleen AZOKA izango da goizean Seber Altube plazan. Azokak eskaini nahi die plaza emakumeek sortutako artisau lanei eta emakumeek ekoiztutako bertako produktuei. Azoka goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da.

12:30ean, Seber Altuben bertan, KALEAN OTSO ETXEAN USO Antzezlana izango dugu, 12:30ean, Patata tropikala antzerki taldearen eskutik. Eguraldi txarra izanez gero Kulturateko Areto Nagusian izango da emanaldia. Haur eta gazteei zuzendutako antzezlan honetan babes gabekoen aurkako indarkeriaren gaia lantzen da, Ipuin tradizionalak eraldatuz (Txano gorritxo, 3 txerritxoak…). Antzerkia, musika eta txotxongiloak nahasten dira antzezlan honetan, modu pedagogiko eta dibertigarrian.

Martxoaren 13an, eguaztenean Miren Aranguren Etxartek, “Ez dadin bizitza eten” liburua aurkeztuko du. Liburuak planteatzen du zaintza ereduen hausnarketa eta eraldaketa beharrezkoa dela bizitza erdigunean kokatuko duen gizarte antolaketa bat osatzeko bidean hasteko, ez dadin inoren bizitza eten. Liburua aurkeztu eta solasaldia eskainiko du Arangurenek, 19:00etan, Kulturateko Areto Nagusian.

Martxoaren 17an, domekan, Emakume Master Cup finala izango da Uarkape Frontoian 12:00etan hasita.Apirilera jauzi egingo du egitarauak eta 12an, egubakoitzean “Trapu zikinak” antzerki emanaldia izango da JAME auditorioan, 19:00etan Lore More taldearen eskutik. Herri garbitokietatik abiatutako antzerki sorkuntza kolektiboa da honakoa. Trapu zikinak garbilekuetan bildu eta lan egiten zuten emakumeen lanari omenaldi bat egitearen desirarekin sortutako antzezlana da. Egun, gure belaunaldiak ez du lan fisiko hau bizi, baina antzezlanak hurbildu nahi du emakume horientzat esan nahi zuenera eta elkartze horrek suposatzen zuenera, haientzat zuten espazio ez misto bakarretako batean. Espazio hauetan nola sostengatzen zuten eguneroko bizitza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen