Elikagai bankua elkarlanean [Arrasateko zaintza Sare herritarraren testua]

3
1405

Zaintza Sare Herritarretik astelehenean argitaratu genuen oharrean genion bezala, Caritas, Harreman eta Udalarekin Elikagai Bankua berriz martxan jartzeko elkarlana abiatu dugu. Elikagai Bankuak Arrasateko 600 herritar ingururi eskaintzen die zerbitzua eta martxoaren 11tik itxita egon da.

Azken asteetan, Gurutze Gorriarekin zein Caritasen Bidean egitasmoarekin Elikagai Bankua martxan jartzeko beharraren inguruan hitz egin dugu, eta guztiok adierazi diogu Udalari hau aktibatzeko beharra. Azkenik, joan den astean Udala eta Harremanekin egindako bileran hori aurrera eramateko modua josi genuen, azken banaketatik bi hilabetera.

Gaur Udalak argitaratutako prentsa oharrean, Arrasateko Elikagai Bankua berriz martxan jartzeko ahaleginetik kanpo utzi du Zaintza Sare Herritarra. Gure parte hartzea “zerbitzu” hau emateko laguntza gisa aurkeztu du. Udal Gobernuarekin izan dugun harremanean behin eta berriz azpimarratu dugu gu ez gatozela Udala laguntzera.

Zaintza Sare Herritarrak elkarlanean aritzeko eta egoera honetan dauden zaintza beharrei modu komunitarioan erantzuteko helburua dauka. Elkarlana ez da batek eskatu eta besteak ematea, baizik eta elkarrekin egoerak aztertu, eta lankidetzan erantzunak ematea. Guk horretan sinesten dugu eta horretan ari gara, gure denbora, indarra eta konpromisoa egoera honi modu komunitarioan erantzuteko ahaleginean jarriz.

Arrasateko Udalak “eskaera” hau egin zigunean, argi eta garbi adierazi genion zein den gure filosofia, eta ekimena guztion arteko elkarlan gisa ulertzea eskatu genuen. Udalari eskatzen diogu, zerbitzuak hartu-emateko logikatik elkarlanaren eta benetako auzolanaren logikara pasatzeko ahalegina egin dezala. Elkarlanean ez dago hierarkiarik.

Denon arteko elkarlana da, edo ez da elkarlana, eta ez da bidezkoa udalak ekimena bere egitea eta protagonismoa eskuratzeko baliatzea (bide batez Elikagai Bankuaren aktibaziora beranduegi iritsi gara alde guztiak). Herrian auto-antolatutako ekimen komunitarioak gutxiestea eta modu interesatuan erabiltzea larria dela uste dugu, gehiago krisi egoera honetan.

Erakunde publikoek ardura berezia eta zuzena daukate krisialdi honen kudeaketan, baina kontua ez da nork salbatuko gaituen, krisialdiaren ondorioak beti bezala betikoek ez pairatzean dago gakoa. Horretarako, etorkizunean ere elkartasun eta zaintza eredu komunitarioa da erdigunean jarri beharko duguna.

3 IRUZKIN

  1. Ulertu dotenagatik Mariak eta bere zinegotzixek betikua ein daue, ezta? Herrittarren meritua eurendako hartu.
    Betikue da, Marian marketing makinaria martxan jarri da, eta beti moduen egixak erdizka esanda bere buruai merituak jarriutzo.
    Herrixandako lan ein gure dauenak ez dau argazkixa topetan, interesak bestelakuak dienien narrusendokerixiek irabazten dau.

  2. Ez dut asko ulertu baina pena da udala eta herriaren artean elkar ez ulertzea, zoritxarrez arrasaten asko gertatzen ari da azken aldian

  3. Oso debate interesgarria da administrazio publikoa eta jendartearen arteko ekimenaren arteko elkarlanaren kudeaketa. Ez da bat ere erraza ondo asmatzea honetan, izan ere beti sortzen da botere-harremanak emateko arriskua. Politikari batzuekin beste batzuekin baino gehiago, noski, baina zoritxarrez, nire esperientziaren arabera, alderdi politiko ezberdin guztietako kideekin gertatzen da hau.
    Edozein modutan elkarlan hauek ondo aztertu eta antolatzea oso inportantea dela deritzot, herritarron parte-hartzea bermatuko duelako eta benetako jarduera demokratiko batean murgildu gaitezkeelako modu horretara. Herritarrok ere, arduratsuago izango gara modu honetara eta gure etorkizunarekin inplikazio handiagoa izango dugu. Ea ba zerbait egiteko moduan gauden!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen