“Elikadura-nahasmenduen aurka, zaintza kultura bat garatu dezagun”

0
693

Arizmendi Ikastolak antolatuta, ACABE elkarteko Yolanda Iglesias psikologoak hitzaldia eman zuen atzo Gazteluondo gunean.

Ekitaldi irekia atzo arratsaldean egin zen, eta hainbat lagunek adi jarraitu zuten hitzaldia. Goiko argazkian ACABEko Yolanda Iglesias psikologoa eta Arizmendiko Mirari Arando hitzaldiko antolatzaile ageri dira.

“Ikastetxeetan elikadura-nahasmendu kasuak atzemateko” azaldu digu psikologoak “kontuan hartu behar dira ere jangeletako langileak eta garbiketako langileak. Izan ere, ikastetxe batzuetan langile hauek ikusten dituzte botakak komunetan”.

Horregatik “ikastetxe batzuetako garbiketako langileak ere prestaturik daude, eta zerbait arraroa sumatzen badute, horretaz ohartarazten dituzte ikastetxeko arduradunak. Bedelak ere baliotsuak dira ikasleen artean dihardutelako”.

Elikadura-nahasmenduak “egon badaude, eta ez dugu ez ikusiarena egin behar. Adi egon behar gara batez ere ikasleak bere burua bakartzen badu, askotan itxura fisikoaren gaineko komentarioak egiten badira, autokritikak askotan egiten badira,…”.

Ildo honetan, “elikadura-nahasmendua sufritzen duten pertsonen portzentai batek bere itxuraren inguruko jazarpena sufritu izan du”.

Horrenbestez, “garrantzitsua da zaintza kultura bat garatzea, hau da, itxura fisikoaren gaineko komentarioak ez egitea, eta norbera ezberdina izatearen garrantzia azpimarratzea (norberaren pentsatzeko era, iritzi ezberdinak izatea,…)”.

Hortaz gainera, “ikasleekin autoestima landu behar da, norberak sentitzen eta pentsatzen duena adieraz dezan”.

Kasu bat atzemanez gero “ikastetxeak gurasoekin hitz egin behar du, jokabide-protokolo batzuk aplikatu behar dira, eskolan ez da pisuaren edota kalorien inguruan hitz egin behar,…”.

Yolanda Iglesiasek ere duela gutxi Arrasaten beste hitzaldi bat eman du, Kulturaten, Arrasateko Institutoko Hortakotz guraso elkarteak antolaturik.

Profesional honek bertan ere ohartarazi zuen “elikadura-nahasmenduak sufritzen dituzten pertsonen adin tartea gero eta handiagoa dela, hau da, haurren artean eta helduen artean ere gero eta ohikoagoa da. Baita kirolarien artean ere”.

Halaber, azpimarratu egin zuen elikadura-nahasmenduek “jatorri psikologikoa dutela, eta horietako hiru anorexia, bulimia eta betekada-nahasmendua direla”.

“Elikadura-nahasmenik baduzu, norbait arazo hau duela ezagutzen baduzu, edo informazio gehiago gura baduzu, 605 77 35 01 whasappean edota telefonoan lagun zaitzakegu, edota info@acabegi.org emailean”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen