Elikadura eredu jasangarria eraikitzen jarraitu nahi dugu [Testua: Ereindajan]

0
1229

Gure proiektu kooperatiboa babestuko duten kide berrien bila gabiltza, etorkizunean ere elikagai osasungarriak jendearen esku egon daitezen.

Orain dela 5 urte hasi ginen Ereindajanen bidea marrazten, elikadura modu zentzudun batean kudeatu nahi genuelako, gure kabuz. Hurbileko elikagaiak zuzenean eskuratzeko hainbat bide ditugun arren (bailarako azokak, hainbat kontsumo talde, eta denda txiki batzuk), aukera horiek ez gintuzten erabat asebetetzen.

Testuinguru horretan, elikadura burujabetza ipar hartuta, bailarako hainbat kontsumitzaile eta ekoizle batu ginen. Erantzukizuna gure gain hartu nahi genuen, eta hala sortu zen Ereindajan Denda-Topagunea. Ordurako, erreferentzia gisa baziren hainbat denda martxan Euskal Herrian, eta haien eredua jarraituz ateak zabaldu genituen Arrasaten, udalak utzitako lokal batean.

Hasieratik, inguruko nekazari, abeltzain, okin eta gainontzeko ekoizleengan jarri dugu konfiantza, eta urtez urte hornitu dute gure denda. Horrela, hurbil ekoiztutako janari osasuntsua erraz eskuratzeko moduan ipini dugu, eta hori izan da gure proiektuaren ardatza. Produktu ekologikoak lehenesten ditugu eta urtaroek ere badute zeresana: sasoian sasoikoa izaten dugu, beraz, tomate bila udan etorri.

Irabazi asmorik gabeko elkartea gara, eta pertsonak erdigunean jartzen saiatzen gara uneoro. Hala, ibilbideari ekin genionetik prezio justu eta arrazoizkoak izateko ahalegin aktiboa egin dugu, ekoizleek modu duinean lan egin dezaten, eta, aldi berean, erosteko ahalmena ez dadin oztopo izan dendara gerturatzen direnentzat.

Izaera kooperatiboa duen elkartea gara, langileen eta bazkideen artean (ekoizle nahiz kontsumitzaile) hartzen ditugu erabakiak. Bazkideen sostengua, noski, ezinbestekoa da: bai ekonomikoa, bai beste hamaika modutan iristen zaiguna. Izan ere, aurrera egin ahal izateko, auzolana zein bolondresen bultzada ditugu motor garrantzitsu.

Bizitzaren oinarriak zaintzen

Krisialdi honek erakutsi digu bizitza posible egiten duten euskarriak zeintzuk diren eta berretsi egin du elikadura sistema eraldatzeko gure grina. Elikagaien ekoizpen eta kontsumo eredu iraunkorrarekin bat egiten duen jendartea eraikitzeko ahaleginean jarraituko dugu, gure txikitasunetik baina etenik gabe. Gaurtik hasita izan dezagun komunitate osasuntsu bat, ekoizle eta kontsumitzaile sare indartsu batekin.

Guzti horretarako, proiektu hau babestuko duten bidelagun berrien bila gabitza, beraz, bazkide egitera gonbidatzen zaitugu

“Inork gizartea aldatu nahi badu, aukera ezin hobea du egunean hiru aldiz:

gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan”

Vandana Shiva

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen