Josu Arkauz arrasatearrak, estatuek ezarritako 29 urteko kondena bete ostean, pairatutako torturak azaldu ahal izan dizkigu. Legez kanpoko estradizioaren ostean, 38 eguneko gose-greba eginda, Madrilgo inkomunikazioan “guardia zibilek orduro esaten zidaten nire semeak non zeuden, euren argazkiak erakusten zizkidaten…”. Inpunitatearen aurrean “inpunitateari aurpegi batzuk jarri beharko genizkioke”.
Egiaztatutako tortura kasuak 111 dira Arrasaten eta 5.657 Euskal Herri osoan, Torturaren Aurkako Egunak azaldu bezala.
Espainiar estatuaren legez kanpoko praktika horren biktimetako bat Josu Arkauz Arana arrasatearra dugu. Bi estatuek ezarritako kondena bete zuen (29 urte eta 8 hilabete luze) eta 2020an aske geratu zen.
Torturaren errealitatea salatzea garrantzitsua da, besteak beste, “egungo gazteek ez baitute tortura hurbildik ezagutu, azken urteetan ez baitira lehen bezainbeste kasu izan eta salaketa aurkeztu, hala ere”:
“Baliteke euskal edo abertzale munduan egun torturarik ez izatea, baina nik ezagutu dut 2020ra arte kartzelako egoera, eta biziki jipoitutako eta biziki tratu txarrak pairatutako preso arruntak jaso ditugu patioan”.
“Ez dakit euren aurkako tortura erabiltzen zuten baina ikaragarrizko egurra ematen zieten, batez ere ijitoei, trafikatzaile txikiei,… Patioan ikusi izan ditut larriki desorekatutako zientoka pertsona, estatu espainoleko espetxerik espetxeko nire ibilbide luzean zehar”.
Frantziar estatuan “ez dut halakorik ikusi, han kultura daukate, eta horrekin ez dut esan nahi frantsesek tortura erabili izan ez dutenik, batez ere euren kolonietan. Ez hainbeste metropolian, izan ere, nahi eta nahi ez dena jakiten da”.
Arduradun politikoak “han ez daude prest, hemengoek bezala, beste alde batera begiratzeko. Hala ere, magrebiar bati egin diezaiokete jatorrizko frantses bati egiten ez diotena”.
Tortura erabiltzen dute “informazioa lortzeko tresna bezala, eta gakoa da torturak ondorioak dituen edo ez, tortura egileak identifikatzen dituzten edo ez, inpunitatea dagoen edo ez,…”.
Josu Arkauz Aranak frantziar estatuan “atxilotua izan ostean galdeketa latzak izan ditut, baina berme guztiekin, errepublika frantsesak dituen bermeekin. Galdeketa luzeak dira, lo gutxikoak, baina zigor fisikorik ez da. Zigor psikologikoa, ordea, unibertsala da eta mekanismoa berbera da Parisen zein Madrilen”.
“Nik esango nuke estatu espainolean euren senean, genetikan daramatela informazioa kolpeka ateratzea. Izan ere, pazientzia gutxi daukate, haien historia besterik ez da aztertu behar”.
“Eurek uste dute euren inperioa edozelan defenditzen dela. Kolonialistek oro har pentsamolde berdina daukate, eta frantziarrek gauza ikaragarriak egin izan dituzte Magreb Handian eta Saharaz hegoaldeko Afrikan”.
Preso arrasatearra frantziar estatuak 1997an estatu espainiarrera estraditatu zuen, estradizioa “erabat legez kanpokoa izan zelarik. Ez diot nik, nire abokatuak baizik, eta ebazpen hori Frantziako epaitegi batean hartu zuten”.
Ondoren “hango nolabait Auzitegi Gorenera errekurritu zuten, eta erabaki zuten legez kanpokoa izan zela. Nazio Batuen Erakundeko organismo batek ere berretsi egin zuen”.
Kontuan hartzekoa da Josu Arkauz, estraditatua izan ez zedin, eta torturak saihesteko, 38 eguneko gose-greba zeramatzala bera estraditatu zutenean eta guardia zibilak bera torturatzen hasi zirenean.
Kolpeak Madrilerako joanekoan hasi ziren: “buruan eta belarrietan kolpeak eman zizkidaten 500 kilometroko ibilbidean zehar. Heriotza mehatxuak eta tortura mehatxuak egin zizkidaten”.
Guardia zibilen esku Madrilgo komisarian inkomunikatuta egotean “elektrodoak jarri zizkidaten, kolpe asko eman zizkidaten, bortizki zigortzen ninduten, ‘poltsa’ buruan jartzen zidaten,…”.
Hortaz gain “begiak tapatu zizkidaten, biluztu egin ninduten, gorputz osoan kolpeak ematen zizkidaten,…”. Tortura psikologikoak ere eragin zizkioten:
“Orduro esaten zidaten non zeuden nire semeak, adibidez amamaren etxean zeudela, kolunpioetan zeudela, euren argazkiak erakusten zizkidaten,… presio itzela egiten zidaten”.
“Nik jakin banekien torturatuko nindutela eta zortea izan nuen bost eguneko inkomunikazioan bitan ospitalera eraman behar izan nindutelako, besteak beste, takikardiak jota”.
“Nik forentseari entzun nion guardia zibilari esaten ‘kontuz, ez ahaztu Iantziri (Gurutze Iantzi) gertatutakoa’. Halakoa zen forentsearen eta torturatzailearen arteko kolaborazioa. Auzitegi Nazionaleko forentseak ni ospitalizatzea eskatu zuen”.
“Guardia zibilek uste zuen, hainbat urte pasatu ostean, erakundearen inguruko informazio batzuk izango nituzkeela. Saiatu ziren horiek lortzen, ezagutzen duten tresna bakarrekin, torturekin. Gauza askorik ez zuten lortu, noski. Tortura latza izan zen”.
Josu Arkauzen kasua ezohikoa izan zen, “izan ere, lehen aldiz lortu zuten espainiar estatura hiru forentsek atxilotu bat oskultatzea. Izan ere, ni Madrilgo Dirección General de la Guardia Civil delakoan egon nintzen, eta torturen ondorioz Ospitalera eraman behar izan ninduten. Zorionez, Frantzian nuen familiari eta abokatuari esker, hiru forentse Espainiara etortzea lortu zuten, Observatorio Internacional de la Tortura behatokitik, hau da, Nazio Batuen Erakundeko (ONUko) organismotik”.
“Oker ez banago, forentse bat alemaniarra zen, beste bat eskoziarra eta bazen nazioarteko beste bat. Organismo hori independentea zen, eta horrela 1997ko abenduko ebazpenean nire kasuaren inguruko aipamen bat egin zen”.
Hiru forentseak Josu Arkauz oskultatu, aztertu zuten, eta “garai hartan ohikoa zen ikerketa horren ondorioak, edozelakoak zirela, publikoak ez egitea. Aholkuak baino ez dira izaten. Beraz, organismo horrek Gobernuari adierazten dio torturarik ez egiteko, baina aholku soila baino ez da”.
Ordea, “nire kasuan, norbaitek ondorioak filtratu egin zituen eta Internetera eraman zituen. Agiri horrek gauza interesgarriak erakusten ditu”.
Alabaina, “guk ez dugu aukera hori fundamentuz baliatu, arrazoi askorengatik: garai hartan gure mugimenduarentzat garrantzitsuena ez zen Herrian tortura kasu bat azalaratzea, abokatuek bestelako lan batzuk izango zituzten”.
Dena den, “nire abokatua Frantziako zen, Didier Rouget, abokatu oso ona, eta gai hauetan aditua. Gauza asko lortu zituen nire kasu partikularrean: azpimarratzekoa da kasua ONUarengana iritsi zela eta Nazio Batuen Erakundeak erabaki bat hartu zuela”.
Josu Arkauz ez ezik, urte batzuk lehenago, “nik Iparraldera ihes egin behar izan nuenean, nire lehengusua, anaia eta koinatua atxilotu eta torturatu ere egin zituzten”.
Hala ere, tortura horiek guztiak ez dira argitu, epaitu eta ez errepikatzeko bermerik garantizatu. “Inpunitate horri ere aurpegi batzuk jarri beharko genizkioke. Frankismo garaian baziren indar ezkertiarrak eta bestelako indar politikoak tortura salatzen zituztenak, nahiz eta eurentzat azaleko gai bat izan, baina salatzen zuten, bazuten deferentzia”.
Baina trantsizioa delakoa hasi zenetik “hipokresia hutsa ikusi dugu gizarteko indar politikoetan, izan ere, tortura kasuak ukaezinak ziren, ondorio fisiko nahiz psikologikoak agerikoak baitziren. Baina batzuek 40 urte eman dituzte beste alde batera begira”.
Areago, “hainbatetan tortura justifikatu egin zuten, eta jeltzaleei, orduko EAri, PSOEri eta eskuinarreko alderdiei buruz ari naiz. Jakin bazekiten inkomunikazioan egiten zenaz, eta uste dut lagundu ere egiten zutela, ez bakarrik beste alde batera begiratuz, baita torturetatik ateratako informazioa euren politikak egiteko aprobetxatuz ere”.
Eurentzat “izugarrizko oztopoa ginen, eta horrekin amaitu behar zutelakoan, tortura erabili zuten. Ildo horretan, Ertzaintzak ere tortura kasuak ditu. Hipokresia hutsa da”.