“Elbira feminista eta borrokalaria zen frankismoaren errepresio garaian”

0
777

Iban Gonzalez Pagaldai arrasatearrak Elbira Zipitria irakaslearen inguruko dokumentala zuzendu du, eta atzo Arrasaten aurkeztu zuten.

Aurkezpena atzo arratsaldean egin zen Amaia Antzokian, eta Berdintasun zinegotzi Yoana Sanchez Herrerok ekitaldiaren aurkezpen txiki bat egin zuen.

Iban Gonzalez Pagaldai zuzendaria aurkezpenean batez ere Elbira Zipitria Irastorzari buruz eta bere garrantziaren inguruan mintzatu zen.

Izan ere, “gure herriaren historian emakume esanguratsu bat da”, egun “erreferenteen beharrean gaudenean, nire ustez”.

Bazterketaren aurkako borrokan, aurrerapausoak eman dira eta “adibidez gaur egungo neskatila-mutikoek kalean adibidez Errealeko emakumeen gorengo taldeko jokalarien izena eraman dezakete soinean”.

“Nik uste Elbira Zipritia guretzat erreferente bat izan behar dela, baina aurrez ezagutu behar dugu, eta horretarako egin dugu lan hau”.

Aurkezpenean ere Iñaki Gonzalez Pagaldaik parte hartu zuen, zuzendariaren anaia, izan ere “pertsona oso aproposa delako eta Ikastolako Haur Hezkuntzako irakasle diharduelako, bokazio handi-handikoa”.

Gainera, “hizkuntza-komunitate gutxituetan lan ugari egin ditu, ezagutza handia lortu du eta hausnarketarako joera handikoa da”.

Iñakik ekitaldian galdera bat partekatu zuen publikoarekin: Zer da hezkuntza euskaldun formala? “Nik uste Elbirak bete-betean asmatu zuela: Hezkuntza euskalduna ez da bakarrik euskaraz ematen dena”.

Horregatik “Zipitria harremantzen zen sasoiko kultur-eragile askorekin, eta horregatik bera komunitatera joaten zen. Edukiek ere definitzen dute herri baten hezkuntza eredua”.

“Nire iritziz berak gol handi bat egin zuen, munduan kokatzen lagundu zuelako, modu ezberdinetan kokatu daitekeena: estatuen arabera, jatorrizko herrien arabera,…”.

Iñakik nabarmendu zuen ere “Zipitriaren beste ezaugarrietako bat: berrikuntza”. Eta hau “oso garrantzitsua da guretzat eta jatorrizko beste herrientzat ere”.

“Zergatik berrikuntza? Gure herriko seme-alabak asko maite ditugulako eta eurentzat onena gura dugulako. Etorkizunera begira gure herria eraldatu nahi dugu, baita hobetuko duten pertsonak hezi ere”.

Berrikuntzak ere balio du “gure komunitatea prestigiatzeko. Sasoi hartan eta beste sasoi batzuetan, frogatu behar izan da euskaraz eta euskalduntasunetik heztea beste heziketak bezain ona dela. Edo hobea izan behar dela”.

Halaber, “hizkuntza-komunitate gutxitua garen neurrian, Elbirak zabaldu zuen bidea oso garrantzitsua izan zen, gerora ikusi dugun bezala: Euskaldunok bakarrik ez gara hezkuntza euskaldunera hurbildu, beste askok ere gauza bera egin dute”.

Iñakik azpimarratutako hirugarren puntua orduko testuinguruarekin zerikusia du: “errepresiopean edo gutxietsitako egoeran, denok gura dugu gure herriko seme-alabak ahalik eta modu osasuntsu eta askeenean haztea”.

“Orduko sasoian, genero banaketarik gabe, pertsona oinarri, eta hezteko gako horiekin, Elbira oso garrantzitsua izan da gure Herriaren ibilbidearentzat”.

Ibanek gehitu zuenez Elbirak “Feminismoa praktikan jartzen zuen, Feminismo hitza esan barik. Beste garai bat zen, eta bera feminista, aktibista eta borrokalaria zen, nahiz eta beste kontzeptu batzuk erabiltzen zituen”. Noiz eta “frankismoaren zapalkuntzaren testuinguruan”, “errepresioaren urte luzeetan”.

Ondorioz, Elbira Sara herrian (Lapurdi) bizi eta lan egiten hasi zen, “ez zen erbesteratu, eta bertan etengabeko formakuntza egin zuen, pedagoga bezala, munduan zeuden korronte liberalago batzuetatik ikasten”. Ondoren Hego Euskal Herrian “aplikatzeko”. Dokumentala hasi egiten da Saratik Donostiara abiatzear den egunean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen