ELAren NAZIOARTEKO IKERTZAILE ONENETARIKOAK AURRERAPAUSOEZ ARIKO DIRA ARRASATEN

0
2580

DalecandELA elkarteak antolatuta, bertako zenbait adituk mahai-ingurua egingo dute bihar, ondoko hizpideekin: gaixotasuna bera (euskaraz AEA, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa), bere eragina eta bere inguruko zaintzak. Gainera, etzi, ikerkuntzaren aurrerapausoen inguruko jardunaldia egingo da, Amerika, Asia zein Europako adituen parte-hartzearekin.

Irudia: DalecandELA elkartea.

Topaketaren izena ‘ALS-ArrasatELA’ dugu, Kulturaten izango da eta bihar jarriko da martxan, urriak 29, mahai-inguru batekin:

“Hizlariek euren ikuspuntuak partekatuko dituzte, bai gaixotasunaren gainean, bai euren bizitzengan eta inguruengan duen eraginaren gainean, bai AEA duten pertsonen zaintzaren gainean”.

Mahai-ingurua Ane Irazabal Elkorobarrutia kazetari arrasatearrak moderatuko du, eta ondoko lagunek ere parte hartuko dute:

  • Juanjo Diez, AEArekin bizi den pertsona
  • Jone Lopez–Erauskin doktorea, AEAren ikertzaile San Diegoko Unibertsitatean, AEBetan
  • Sara Calvo, AdELA Arabako lehendakaria
  • Luis Varona, AEAren Diziplina Anitzeko Bizkaiko Unitateko neurologo Basurtun
  • Adolfo Lopez Munain, neurologo, Donostiako Unibertsitate-Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko nagusi

Ekitaldia irekia izango da eta arratsaldeko 18:00etan ekingo zaio Kulturaten. Hori asteazkenari dagokionez, eta etzi, osteguna, AEAren ikerketan egindako aurrerapausoen inguruko jardunaldia egingo da. Europako, Asiako eta Amerikako zenbait ikertzailek hitza izango dute:

  • Ana María Cuervo espainiarra, autofagian ikertzaile aurreratuena (New York)
  • Long-Cheng Li txinatarra, ARNaren aktibazioaren aitzindaria (Txina)
  • W. Cleveland estatubatuarra, biologo zelular eta neurobiologo (California)
  • Óscar Fernández-Capetillo bilbotarra, minbiziari eta AEAri aurre egiteagatik saritua izan da zenbaitetan (Suedia eta Madrid)

Ekitaldiko harrera hiru ordezkarik egingo dute: Maider Morras Azpiazu alkateak, Iñaki Gutierrez Ibarluzea Osasun Saileko Ikerkuntza eta Berrikuntza zuzendariak, eta Jaime Lafita DalecandELAren sortzaileak.

Harrerari goizeko 08:30ean ekingo zaio, eta handik eta hemendik etorriko diren zientzialariei zein ikertzaileei egingo zaie.

Jardunaldia arratsaldean osotuko da Aukeran dantza konpainiaren ikuskizun batekin, arratsaldeko 18:15ean, hain zuzen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen