Goiko irudia eta bideoa: Udala.
Atzoko plenoan herri-busaren kontratua, Alde Zaharreko zuntza optikoaren beharra eta Biteriko proiektuaz gain, beste zenbait gai ere jorratu zituen:
Eva Abuinek Elkarrekin Arrasateko zinegotzi kargua hartu zuen, honako hau adieraziz: “Onartzen dut legeak horrela agintzen duelako, baina argi daukat konpromisoa ez daukadala legearekin, Arrasateko herritarrekin baizik”.
Gainera, bere aurrekoarentzat, Igor Urizarrentzat esker oneko hitzak izan zituen. “Arrasateko herritarren zerbitzura nago, eta gora Borroka Feminista!”.
Udalbatzak Udaleko Hiri Antolamenduaren Egitamu Orokorra egokitzea erabaki zuen, hirigintza araudiaren 4. artikuluaren arabera. Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek gaitzetsi zuenez, testuak ez dio “arazo sozial larrienetako bati kale egiten dio: etxebizitza duin bat izateko eskubidea, batez ere gazteena”.
Bozketako emaitzak: Aldeko botoak 12 (EAJ-PNV eta PSE), 8 abstentzio (EH Bildu) eta aurkako bozka 1 (Elkarrekin Arrasate).
Bestalde, Udalbatzak aho batez onartu zuen Fundiciones Gelma enpresak 2006an hitzartutakoaren arabera eratutako hipoteka suntsitzea.
2021erako Udaleko Araudi Planak, ordea, ez zuen kontsentsurik lortu, eta bozketaren emaitzak ondokoak izan ziren: 12 aldeko boto (EAJ-PNV eta PSE), 8 abstentzio (EH Bildu) eta aurkako bozka 1 (Elkarrekin Arrasate).
Udalbatzak aho batez onartu zuen ELAk aurkezturiko bi auzi-errekurtsoen inguruko gaiak. Izan ere, sindikatu honek bi auzi-errekurtso aukeztuak zituen, eta auzitegiak arrazoia eman zion.
Ondorioz, atzo Udalbatzak baliogabetu egin zuen 2019an Udaleko Lanpostuen Zerrendaren inguruan hartu zuen erabakia.
Halaber, ELAk 2021erako Udaleko Lanpostuen Zerrendaren hasierako onarpenari helegitea aurkeztua dio. Udalbatzak atzo, aho batez, onartu egin zituen sindikatuak aurkezturiko alegazioak.
Galde-eskeen txandan, Udal-gobernuak, asteburuan kaleetan agerturiko pegatina eta margoketak, alkate, Udaltzaingo eta Ertzaintzaren aurkako mezuak, “babesa agertu nahi diegu Udalaren langilegoaren zati bati, Udaltzaingoari”.
Anuska Ezkurra zinegotziak baloratu zuen udaltzainek “pandemia gogor honetan” egiten duten lana. Gogora ekarri zituen batzokian eta PSEren egoitzan egindako pintadak. Horien aurrean, EAJ-PNVek eta PSEk “oposizioari babesa eskatzen diogu, ez baitugu jaso”.
EH Bilduk erantzun zuen Udal-gobernuak adierazia zuela “horrelako gaiak hobeto aurrez Bizikidetza Batzordean lantzea. Gaur goizean udaltzainburuarekin hitz egin dugu. Ez dugu Udal-gobernuaren hausnarketa sinplea gure egingo”.
EAJ-PNVren hitzetan, “EH Bilduk pintaketak gaitzesteak herri honetako bizikidetzari lagunduko lioke”. Elkarrekin Arrasate EH Bildurekin bat egin zuen: “Gai hau sakonagoa da eta beraz halako hausnarketa bat behar du, bizikidetza mahai batean”.
Udal-gobernuak adierazi zuen EH Bilduk bizikidetza gai bat Osoko Bilkuran aurkeztu zuenean “guk ahal bezain ondo erantzun genuela”.