Demandatuak egoitza kudeatzen duen Servicios Sociales Aita Menni enpresa eta Foru Aldundia bera izan dira.
Testua: ELA.
Dagoeneko 19 dira hildakoak eta egoiliarren %90tik gora kutsatuta daude. Langileen %47a bajan dago eta beste 15 langiletik gora daude birusarekin kutsatuta. Alarma egoera ezarri zenetik zerbitzuaren kudeaketak hutsune nabariak izan ditu: Materiala oso berandu iritsi zaie langileei, ez zaie inolako formaziorik eta informaziorik eman, sintomak agertzen zituzten langileei testak 10 egunetara egin zaizkie eta ez da inolaz ere bermatu ez langileen ezta egoiliarren osasuna. Gainera, bajan egondako langileen postuak ez dira guztiz bete eta askok eta askok euren opor edo jai egunetan lanera joan behar izan dute ezinbestean.
Behin eta berriz adierazi arren protokoloak zorrotz betetzeko beharra, material guztiez hornitzea eta testak lehenengo minututik egiteko beharra, ez da erreakzio azkarrik egon ez enpresa ezta Foru Aldundiaren partetik. ELAtik argi daukagu egoera saihestu zitekeela, protokoloak zuzenki beteta eta materiala eta testak hasieratik izango balituzte.
Honek guztiak ondorio larriak ekarri ditu, goitik behera kolpatu du egoitza eta hori langileak eta egoiliarrak ari dira sufritzen zuzenean. Langileek sekulako lan kargak eta presio emozionala jasaten ari dira eta egunero ikusi behar izaten dute egoiliarren osasunak nola egiten duen okerrera.
Demanda honen bitartez, ELAk langileen osasuna bermatzeko neurri zehatzak eskatuko ditu: protokoloak osorik betetzea eta ez partzialki, test guztiak egitea, langileei prestakuntza ematea, kontingentzia plana garatu eta langileen ordezkariekin partekatzea eta zerbitzuaren jarraikortasun plan bat martxan jartzea, besteak beste.
Halaber, ELAk Osakidetzari laguntza urgentea ere eskatu dio egoerari erantzun azkarra eman asmoz.
Dimisiorik edo hatxiloketarik egin al da? Ez det uste. Ez al da zahar egoitzaren egoera latz honen errespontsablerik? Non dago zahar egoitzaren zuzendaria, eta Udaletxeak serbitzu sozialetako burua , alkatesa, diputazioko serbitzu sailburua, … 19 hildako eta 90% ko kontagio maia ez al da neglijentzia? Konfinamendua ez errespetagatik badaude atxilotuak eta multatuak. Justicia danondako noizko?