Testua: ELA.
Langileen prekaritateari aurre egiteko, lan baldintzak hobetuko dituen enpresa hitzarmenaren alde borrokan jarraitzen dute Aita Menniko langileak; bai Arrasateko ospitaletakoak zein EAEko beste zentroetakoak. Horregatik, beste greba jardun gehiago deitu dituzte otsailaren 7tik 11ra. Horrela, greba txada horrekin, langileek 18 greba egun eginak izango dituzte.
Kalitatezkoa eta publikoa beharko lukeen buruko osasunaren sistema baten aldeko borroka ere bada Aita Menniko langileena, enpresa horrek Osakidetzak EAEn eskaintzen ez duen zerbitzua eskaintzen baitu Aita Menni. Osasun mentala zinez garrantzitsua izanagatik ere, ordea, esku pribatuetan uzten du Osakidetzak, eta horrek esan nahi du enpresa handien interesen menpe geratzen dela zerbitzua, eta prekarizatu egiten dela.
Izan ere, beharginak jasaten ari diren presioa eta prekarietatea gero eta nabarmenagoa da. ELAk betidanik esan izan du erabiltzaile eta pazienteen zaintza arreta bermatu ahal izateko lan baldintza duinak izatea ezinbestekoa dela. Egiturazko arazo hori agerian utzi du pandemiak, izan ere, gero eta karga fisiko eta emozional handiagoa dute langileek, eta enpresak ez du borondaterik arazo guzti horiei erantzuteko.
Positiboen agerraldi bakoitzaren ondorioz, bestalde, langile falta handia egon da eta zuzendaritzak langileei egindako presioa oso nabarmena izan da (ordutegi malgutasun handiagoa izaten dute langileek, euren opor egunetan edo jaiegunetan lan egitera joatera behartzen dituzte, funtzio eta zeregin gehiago egin behar izaten dute, eta abar). Gainera, langile falta hori egiturazkoa izango dela eta minimoetan lan egin beharko dugula esaten diete. Osakidetzak ezarritako protokoloak ere ez dira bete sarri askotan (sektorizazioa, adibidez), badira beren lanpostuetara proba diagnostikorik egin gabe joan diren lankideak…
Halaber, hitzarmena negoziatzeko izandako azken bileran, enpresak aurreko bileretan egindako proposamenak okertu zituen eta azarotik ez du inolako borondaterik agertu langile batzordearekin eseri eta lan baldintzei buruz negoziatzeko. Enpresak dio ez dagoela dirurik lan baldintza eta zaintzan inbertitzeko, baina bitartean hogei milioi euro inbertitu dituzte eraikinetan.
Bestalde, langileek azkeneko hiru urte hauetan egindako mobilizazio dinamikei balore handia eman nahi dio ELAk, eta instituzio publikoei eta enpresari interpelatzen jarraituko duela adierazi nahi du. Atzo bertan, Arrasateko Udaleko Osoko bilkuran mozio bat aurkeztu zuen ELAk eta beharginek hitza hartu zuten Udal Gobernuari euren lan gatazkan esku hartzeko eskatuz.
Beste behin ere ELAk enpresari negoziatzeko borondatea agertu nahi dio eta greba dinamikekin jarraituko dute langileek, langileen lan baldintzak benetan hobetuko dituen hitzarmena lortu arte.