ELAk beste bost greba egun deitu ditu Aita Menni ospitalean

0
915

ELA sindikatuak beste bost greba egun deitu ditu Aita Menni ospitalean eta kanpoko zentroetan, sindikatuak gaur eguerdian zentroaren atean eskaini duen prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Greba-egunak urriaren 13an eta 14an eta azaroaren 2an, 3an eta 4an izango dira. Aita Mennik 480 langile ditu gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat zentrotan.

Langileek hiru urte daramatzate enpresarekin negoziatzen, eta azpimarratu dutenez, “Zuzendaritza honek ez du inolako borondaterik bere lan-baldintzak hobetzeko”. Salatu dutenez, “10 milioi euroko inbertsioak egin ditu lau urtean, eta langileek ez dute inolako babesik sentitu, guztiz kontrakoa. ” Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren bitartekaritza eskatu dute, “Aita Mennik Osakidetzarekin hitzartutako zerbitzua eskaintzen baitu. “

Aita Mennin lan egiten duten langileen aldarrikapenen artean honako hauek daude: soldata igoerak, lanaldiak hobetzea, kontratazioa arautzea eta, batez ere, zerbitzua hobetzeko beharrezko neurriak hartzea. ELAk Arrasateko herritar eta gizarte eragile guztiak mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen