ELAk Aita Menniko 500 langile grebara deitu ditu datozen 16, 17 eta 18rako

0
605
  • Aita Menni Euskal Herriko Osasungintza mentalaren esparruko enpresarik garrantzitsuenetariko bat da. Osakidetzak eta Eusko Jaularitzako Osasun sailak eskaintzen ez duen zerbitzu publiko bat ematen da eta langileok bizi dugun egoera jasanezina da. 10 greba egun eginak ditugu dagoeneko eta hiru urte baino gehiago daramagu enpresararekin negoziatzen inolako erantzunik gabe.

Pasa den 29an enpresarekin izandako bileran aurrekoetan proposatutakoa baino eduki okerragoak eskaini zizkigun. Besteak beste, 2022 urterako langileok erosahalmena galtzea. Langileen baldintzetan inbertitzeko dirurik ez dagoela diote, baina bitartean aurten eraikin desberdin eta obretan 20 milioi euro inbertitu dituzte. Hori guztia diru publikoarekin, noski.

Eusko Jaularitzako Osasun Sailarekin ere bilera eskatu dugu, baina ez dugu inolako erantzunik jaso. Ez gaituzte entzuten, ez gaituzte kontutan hartzen.

 Askotan beldurrez joan ohi gara lanera eraso fisiko anitz jasaten dugulako, behar berezidun pazienteak ditugu. Kolpeak, atzamarkak, bultzadak…ohikoak dira mota horietako erasoak eta askotan bakarrik gaude mota honetako inzidentziei erantzuteko, ez dago pertsonalik. Azken hilabeteotan adibidez, lau lankidek baja hartu dute eraso fisikoak direla eta.

Ez daukagu denborarik behar bezala gure pazienteak zaintzeko eta azken urteotan langile kopurua ere murriztu egin da. Sarritan ez dira bajak, inzidentziak etabar kubritzen. Gauetan, bestetik, langile bakarra dago patologia desberdineko 43 paziente artatzeko eta erizain  eta mediku bakarra dugu ospitale guztirako. Inzidentziren bat gertatzean, sarritan beste unitate batzuetako langileak etortzen dira laguntzera, euren zonako pazienteak bakarrik utziz. Gainera, erizain falta nabaria dago eta sarri askotan unitate bat baino gehiago kubritu behar izaten dituzte egunean zehar ere. Pandemiak langile faltaren arazoa areagotu du eta enpresak ez du ezer egin honi erantzuteko.

Bestalde, aipatu nahiko genuke Psikiatria Legaleko Unitatea dugula Aita Mennin. Presoak diren eta mediku laguntza behar duten pazienteak artatzen ditugu. Krimen delituak dituzten pazienteak daude bertan eta langileak sarri askotan babesik gabe aurkitzen gara.  Unitate batetik bestera ibiltzen dira eta ez dago langileontzat babes neurri nahikorik.

Errezeta garbia da: gastuak murriztu prekarietatea eta aldi bateko kontratuak areagotzeko. Lankide asko dago 10 urte baino gehiago daramana lanean eta oraindik aldi baterako kontratua duena. Ezinbestekoa da behin-behinekotasuna murriztea langileek egonkortasun laborala izan dezagun. Ondorioz, lankide asko Osakidetzara joaten ari dira lanera, lan baldintza hobeagoen bila. Izan ere, Osakidetzan lan egiten duen erizain laguntzaile batek, adibidez, Aita Menniko batek baino  3000euro gehiago irabazten du urtean.

Amaitzeko, ospitaleko jabeak diren  Jesusen Bihotz Sakratuaren aizpa Ospitalariak aipatu nahiko genituzke.  Ados daude enpresak erabiltzaileentzako proposatzen duen zaintza ereduarekin? 

Hau guztia esanda, ezin dugu onartu gure baldintzak okertuko dituen proposamenik. Urgentziazkoa da Aita Menniko langileon lan baldintzak hobetzea eta pazienteenganako atentzioa bermatzea. Hori dela eta, ELAk datorren abenduaren 16, 17 eta 18an grebara  deitzen ditu langile guztiak  eta mobilizazioak indartuko ditugu hitzarmen duin bat lortu arte.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen