Azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an zaintzaren sektore publiko batenalde egindako mobilizazioen hirugarren eguna izango da hau.
Babestu Bizkaia, Babestu Araba, Gipuzkoako Senideak, pentsiodunen plataformak, kolektibo feministak, Itaia, Irauli Zaintza, Malen etxea eta abarrekin batera egindako bi eguneko mobilizazioen ondoren, bereziki larria da erakundeen jarrera ikustea.
Aste honetan bertan ezagutu dugu Eusko Jaurlaritzaren kanpaina Emakunderen bitartez egindakoa martxoaren 8rako: Nork zaintzen du? Arazo honi irtenbidea emateko gizartearen eta erakundeen inplikazioa eskatuz.
ELAtik urteak daramatzagu arazo hau mahai gainean jartzen, eta Eusko Jaurlaritza bezelako erakundeak urteak daramate beste alde batera begira. Martxoaren 8an ahoa betetzen zaie hitz politez baina egunerokotasunean eta COVID pandemiaren aurrean langileak bakarrik uzten dituzte. Daukaten interes bakarra enpresei dirua bideratzea da.
Horregatik, zaintza-eredu hori aldatzeko interpelatzen jarraituko dugu. Izan ere, bai baitakite kosta ahala kosta defenditzen duten ereduak ez diela bermatzen bizi baldintza duinik, ez langileei, ez eta erabiltzaileei ere (ehunka hildako eta milaka langile kutsatuta). Lankidetza publiko-pribatuaren gezur handi horren atzean hau dago:
- Plantilla guztiz eskasak eta ratio gizagabeak, izugarrizko lan-kargak dakartzatenak eta behar besteko arreta bermatzen ez dutenak, eta, era berean, pertsonek zainduak izateko duten eskubidea urratzen dutenak.
- Egutegi gizagabeak, agendak leporaino, eta 365 egun eta 24 orduko prestasun osoa.
- Hilabete bukaerara iristea bermatzen ez duten soldatak; errealitate horrek iraunarazten du soldata-arrakala.
- Baliabide materialetan eta babes-neurrietan ez inbertitzeak arrisku larrian jartzen du bai gure osasuna, bai zaintzen ditugun pertsonena.
- Arreta eskasa, gizatasunik gabea, soilik oinarritzen dena emakume langileen berebiziko ahaleginean.
- Pribatizazio gogorra eta guztiaren gainetik, enpresen irabaziak bermatu nahia. Irabaziok gero eta handiagoak dira, plantillak murriztu, lan baldintzak okertu eta arreta denbora murriztu ahala.
Horregatik, propaganda gutxiago eta irtenbide gehiago eskatzen ditugu. Aldarrikatuko dugu ezinbestekoa dela sistema aldaketa bat, zaintza publikoa izan behar dela: lanera beldurrikgabe joatea bermatzen duen sistema, interes kapitalista eta alderdikoien aurrean blindatuta egongo dena, eta honako ezaugarriak izango dituena:
- Langile guztiak publikoak izango den sistema, zeinak azpikontratazioaren eta behin-behinekotasunaren gaitza bizi izan duten langile guztion subrogazioa eta finkotasuna bermatuko duen.
- Plantilla eta ratio nahikoak izanik, zaintza hurbileko eta goxoa bermatuko duen sistema. Zaintza behar duten pertsonak modu duin eta integralean artatuak izan daitezen bizitzako ziklo guztietan, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Hurbiltasunean, kalitatezko tratuan eta pertsonen autonomiarekiko errespetuan oinarritutako zaintza-eredua.
- Lan-baldintza duinekiko sistema, hilabete amaierara iristea ahalbidetuko duena eta zainketen balio soziala eta produktiboa aitortuko duena.
- Genero-arrakala ezabatzeko benetako neurriak dituen sistema.
- Laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak dituen sistema behar dugu, bereziki arrisku psikosozialen prebentzioa bermatuko duena.
- Langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat duen sistema, pandemiak uzten dizkigun ondorio larriak, neurri batean behintzat, arinduko dituena.