ELA-k greba deialdia egin du azaroaren 17rako

0
367

Sindikatuak Zaintzaren alorrean datorren asteartean greba orokorra egitera deitu du. Deialdia Iturbide Egoitzaren aurrean egin dute gaur eguerdian zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izateko helburuarekin.

Hau izan da ELAk irakurri duen testua:

ELAtik datorren azaroaren 17an greba orokorra deitzen dugu zaintzaren esparruko langile guztientzat. Egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten langileak deitzen ditugu: adinekoen egoitzetakoak, etxez etxeko langileak, adin txikikoak zaintzen dituztenak, aniztasun funtzionala dutenekin lan egiten dutenak… Gaur, hemen Arrasaten, Deba eskualdeko zaintza esparruko langileak bildu gara langile guztiak grebara animatzeko.

Eta gure aldarria honakoa da: zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izatea.

Pandemiak agerian utzi ditu zaintzaren sistemak gaur egun bizi dituen gabezia guztiak. Argi dago pribatizazioaren eta negozioaren mesedetan eraikitako sistema dela, emakumeon bizkar gainean are eta gehiago jartzen duena zaintza lanaren ardura guztia. Gainera, diru publikoarekin finantziatzen da, langileak gero eta gehiago prekarizatuz.

Esparru honetan gertatzen ari dena dramatikoa da. Dramatikoa zentzu guztitan: langileak oso nekatuta daude, adinekoen egoitzetan egoiliar eta langile pila bat kutsatu dira eta egoeraren zama guztia langileek eraman dute. Foru Aldundiak inprobisatu egin du, ez ditu beharrezko neurriak hartu egoera hau mozteko. Kutsatzeak izan ez dituzten egoitzak ere egoera larrian daude. Langileen bajak ez dira betetzen, pertsonal falta ikaragarria daukate eta erizain eta medikuak falta dira. Arriskuan jartzen dute euren osasuna eta baita egoiliarrena ere eta honen guztiaren arduradun zuzenak instituzioak dira. Baina interes ekonomikoak lehenesten dituzte pertsonen gainetik.

Aretxabaleta eta eskoriatzako, etxez etxeko langileak ere hiru urte daramate euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan eta oraindik ere enpresak ez die erantzunik eman. Herritarrentzat hain beharrezkoa den zerbitzu baten, horrelako eredua nahi al dugu? Hau da benetan gizarte honek merezi duen eredua eta hainbeste defendatzen duzuena?

Ezin ditugu ahaztu etxeko langileak ere. Emakume hauen egoera esklabutzaren adibiderik gordinena da. Ez zaie greba eskubidea aitortzen, ez zaizkie euren eskubideak bermatzen, baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute. Ezin ditugu ahaztu ezta ere, pandemia honetan jasaten ariko diren abusuak, zapalkuntzak. Hemendik besarkada bero bat bidaltzen dizuegu. Zuek ere protagonistak izango zarete greba honetan.

Badakigu gizartea gero eta kontzienteagoa dela egoera honetaz, ordea. Adinekoen egoitzetako senideak ere mobilizatzen hasi dira, Euskal Herriko pentsionistak ere gaia kalera atera dute eta baita Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak eta talde feministek ere.

Greba honekin sektore hau bizitzen ari den drama kalera atera nahi dugu, aldarrikapen konkretu batzuk eskatuz:

1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza

komunitarioak…)

2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.

3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).

4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.

5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.

6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.

7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean behintzat pandemiaren kalte larriak arintzeko.

Bestetik, nahiz eta azken hilabeteotan LAB sindikatuarekin greba egun hau antolatzeko hainbat bilera eta esfortzu egin ditugun, ezin izan gara zoritxarrez, adostasun batera iritsi grebaren eremu geografikoa definitzerakoan. ELAtik argi utzi nahi dugu aliantzak ezinbestekoak direla gizartea eraldatzeko eta bide batez LAB sindikatuari deitu nahi diogu grebara atxikitzera, indarrak batuz.

Eskerrak eman nahi dizkiogu baita ere, senideen elkarteari eta eskualdeko talde feministei eta pentsionistei ere euren prestutasuna eta babesagatik. Zalantzarik gabe denon elkarlana ezinbestekoa da greba honen lanketarako.

Azaroaren 17an, 11.30etan Arrasateko plazan egingo dugun elkarretaratzera deitzen ditugu eskualde honetako langile zein herritarrak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen