ELA: ‘Aita Menniko langileen greba eskubidea guztiz urratu du Eusko Jaularitzaren zerbitzu minimoen dekretuak’

0
680

Testua: ELA.

Bihar langileek egun bateko lanuztea deituta dute, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren borrokarako bidean. Baina beste behin ere, Eusko Jaularitzak araututako zerbitzu minimoak neurrigabekoak dira, langileek greba eskubidea mugatuz. Gainera, greba eguna baino hamar ordu lehenago iritsi zaigu zerbitzu minimoen dekretua. Honek, enpresaren eskutan uzten dute zerbitzu minimo hauen antolaketa guztia, langileen ordezkariekin kontrastatzeko denbora margenik utzi gabe eta presio guztia langileen bizkar gainera eramanez.

ELAtik oso larritzat jotzen dugu, beste behin ere, Eusko Jaularitzaren jarrera eta argi geratu da administrazio publikoa patronalaren mesedetan lerrokatzen dela etengabe. Praktika hauen helburu bakarra greba zapuztea da, langile guztiak nahastuz eta inolako margenik utzi gabe gure antolakuntzarako.

Aita Menni Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasungintza mentalean erreferentziazko entitatea da, finantziaketa publikoa oinarritzat duena. Irabazi asmorik gabekoa omen da, baina bitartean milioi bat eurotako irabazi garbiak ditu urtean. Langileek sufritzen dituzte osasungintza pribatizatzearen ondorio guztiak, handien mesedetan.

Arrasateko ospitalean 400 pazientetik gora daude, ezgaitasun mental desberdinetako perfilekoak eta atentzio psikiatrikoa behar dutenak, baina Gipuzkoa osoan zehar ditu zentroak. Pazienteen zaintzaren kalitatea urtetik urtera okerrera doa pertsonalean ez delako inbertitzen, ez delako kontrataziorik egiten eta dauden langileak itota egiten dutelako lan, besteak beste. Biharko grebaren bitartez, Aita Menni osatzen duten 500 langileen lan baldintzak hobetu eta pazienteen zaintzaren kalitatea lehen lerroan jarri nahi dira.

ELAtik bihar goizeko 11.30etan Arrasateko plazan egingo den mobilizaziora deitzen ditugu herritarrak, langileei babesa erakutsi eta kalitatezko osasungintza baten aldeko borrokara.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen