ELA: “Agerraldi berriak enpresaren arduragabekeria berriro azaleratu du”

0
701

Beheko testua: ELA.

Bigarren agerraldia izan da hilabete eskaxean, eta 51 positibo eta hildako bat eman ditu oraingoz. Ekidin zitekeen drama bat da. ELAk argi dauka, zoritxarrez, enpresaren arduragabekeriaren eta aurreikuspenik ezaren emaitza dela. Guztiz onartezina da dimentsio honetako zentro batean – gogora dezagun Euskadiko osasun mentaleko ospitale garrantzitsuenetariko bat dela – langileek eta pazienteek prekarietatea maila honetan jasan behar izatea, euren osasuna eta pazienteena bermatu gabe. Langileek sekulako lan kargak dituzte eta orain, karga emozionala gaineratu zaie. Beldurrez doaz lanera.

Pertsonal falta, lan-osasunaren alorreko neurri zehatzen gabeziak eta Aita Menniko lan-baldintzen prekarizazioa, oro har, hitzarmenaren negoziazioan aldarrikatzen ari garen gaiak dira, eta pandemiak larriagotu egin ditu.

Sektorizazioak zorrotz bete gabe jarraitzen du. Langileak unitate desberdinetan lan egiten aritu dira, pertsonal faltagatik errefortzuak egiteko. Honek, era berean, ospitalea osatzen duten unitate guztiak arriskuan jarri ditu. Konfinatu aurretik, konfinatu bitartean eta ospitalean bi agerraldi izan ondoren ere langileak batetik bestera ibiltzen dira. Lehenengo agerraldia Benito Menni 3 unitatean sortu da, eta bigarrena Unitate Penal Legalean. ELAren aburuz, honek lotura zuzena dauka langileak unitate desberdinean aritzearekin. Azaroaren hasierako agerraldiaren ondoren bost unitate desberdin estaltzen dituzten langileak ere badaude. Hau justifikaezina da.

Bestalde, PCR probak egitearen kudeaketa bera ere txarra izan da. Ez zaie bigarren PCR probarik egin kaltetutako unitateko langileei (Benito Menni 3), eta negatibo eman zuen azaroko lehen agerraldian, langile bati baino gehiagori zuzenean lan egitera bidaltzen zaie. ELAtik Ospitaleko langile guztientzako baheketa masiboa egitea behin eta berriz eskatu zaio enpresari, baina emaitzarik ez dugu ikusi gaur egun.

Beste behin ere, osasunaren alorrean pribatizatutako eremu baten aurrean kokatzen gara, eta negozioa lehenesten du langileen eta erabiltzaileen bizitzaren aurrean. ELAk dei egiten die enpresari, Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari drama horren aurrean hitzetik ekintzetara pasa daitezen. Era berean, langile guztiei dei egiten die mobiliza daitezen, baldintza duinak lortzeko helburuarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen