Ekologistak Martxan erakundeak Verter-en aurka kereila jarri du

0
379
ekologistak

Argazkia: EH Bildu / Testua: Piter Encinasek bidalia.

Ekologistak Martxan taldeak, herri-akzioa egikarituz, Verter Recycling 2002 S.L.
enpresaren eta enpresa horren arduradunen aurka kereila bat aurkeztu du
Durangoko epaitegietan. Bertan, 2020ko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian
pilatutako hondakinak eraitsi eta, ondoren, A-8 autobidean jauztearen ondorioak
egozten zaizkio.

Luizi horren ondorioz, zabortegiko instalazioetan zeuden bi langile, Alberto Sololuze
eta Joaquin Beltran, harrapatu zituen lerradurak, eta honek berekin zekartzan materialek
lurperatu. Hondakinen azpian desagertuta daude oraindik eta bilatzeko lanak jarraitzen
dute.

Gertaeren artean beste zenbait hartzen dira barne, larrialdi eta erreskate-lanak
segurtasun tresna egokirik gabe gauzatzea, esaterako; izan ere, hainbat ordutan zehar
jardun zuten gainerako hondakinekin nahastuta amiantoa zekarten 16.148 tona
eraikuntza-hondakin biltzen zituen zabortegi batean, inolako tratamendurik,
isolamendurik edo bereizketarik gabe.

Ezin ahaztu ere, otsailaren 7tik aurrera, hondakinek eta horien deskonposizioak
sortutako metanoak, errekuntzan sartzean, sortu zituzten suteak. Sute horiek hainbat
isuri kutsagarri bota zituzten, eta distantzia eta haize nagusien arabera Zaldibar, Ermua
eta Eibarko biztanleei maila desberdinetan eragin ahal izan diete. Izan ere, antzeman
diren dioxinen eta furanoen emisio handien ondorioz, agintari publikoek zenbait
egunetan zehar luzatu diren alertak ez ezik, segurtasun eta osasungarritasun-neurri
publikoen gomendioak ere ezarri zituzten udalerri horietako biztanleentzat.
Azkenik, Aixola erretak eta Ego ibaiak izan lezaketen kutsadura, uren Ingurumen
Kalitatearen Arauak gainditzen duen amonioaren gehitzea ez ezik, metalen agerpena
(kadmioa, nikela, selenioa …) kantitate altuetan ere antzeman baita.

Ekologistak Martxan taldearen kereila VERTER RECYCLING 2002 S.L.
enpresaren aurka aurkezten da hasiera batean, baita ikertu ondoren erantzukizuna
edota partaidetza egotzi ahal zaizkien enpresako zuzendari edota teknikarien aurka
ere.

Kalifikazio juridikoari dagokionez, eta aldez aurretik nahi epaitu gabe, baliabide
naturalen eta ingurumenaren aurkako delitu (Zigor Kodearen 325., 326., 326. bis
artikuluak eta horiekin bat datozen gainerako artikuluak), baita langileen eskubideen
aurkako delitu baten aurrean ere (Zigor Kodearen 316., 317. eta 318. artikuluak) egon
gintezke.

Ez da alde batera uzten, gainera, administrazio agintari edota funtzionarioen kontrol
administratibo eta teknikoaren jarduerarekin lotutako bestelako erantzukizun penalak
egotea, eta horrek 339. artikuluko ingurumen edota administrazio-prebarikazioko
delituak ekar litzake, Zigor Kodearen 404. artikuluari dagokionez.

Ekologistak Martxan taldeak uste du Zaldibarko zabortegian otsailaren 6tik aurrera
jazotako gertakari larriak ez direla ustekabekoak edo ustekabeko istripu baten ondorio
izan. Zabortegiaren kudeaketa negargarriaren eta haren betetze eta funtzionamendu-
prozesuaren kontrol eskasaren ondorio dira. Eta hori, orain arte publiko egin diren
datuekin.

Gertaera horietatik eta horien ondorio larri eta kaltegarrienetatik eratorritako
erantzukizunak judizialki ikertu eta garbitu beharko dira, mugarik gabeko eta berme
guztiak dituen prozesu penal batean, gertatutakoak eta antzekoak berriro gerta ez
daitezen.

Baina horrek ez du esan nahi hondakinen ekoizpenean eta kudeaketan eredu-
aldaketaren beharrari buruzko eztabaida itxi edo atzeratu behar denik; izan ere,
hondakinen sorrera murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko (ekonomia zirkularra
deitzen diote orain) eta haien kudeaketan inpaktuak murrizteko politikak errealitate
bihurtu behar dira. Ezta hondakinen zabortegien beharrezko kudeaketa publiko eta
gardenaren inguruko eztabaida ere, ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzeko
kontrol eta segurtasun-bermeak ezabatzen dituen negozio ekonomiko pribatua izaten
jarraitzea saihesteko.

Premiazkoa denak, hau da, hondakinek irentsi dituzten eta gaur egun desagertuta
dauden bi langileak aurkitzeak, eta kaltetuenak izan diren herrien osasunari eta
ingurumenari kalte handiagorik ez egiteak, ezin du ke-laino bat izan behar dena
ezkutatzeko, hots, zabortegietatik hasita, hondakinen kudeaketa publikorako beste eredu
bat bilatzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen