EKKO: LHko 5 eta 6ko ikasleek trebezia soziala landuko dute trebatutako begiraleekin

3
864

Ikastetxeek eta San Juan de Dios Ospitaleak atzeman dituzte ikasleen artean “agresibitate jokabideak” eta “trebezia sozialerako zailtasunak”. Horren aurrean, MUk begiraleak trebatuko ditu, Udalak ordainduta, eta begiraleak Arizmendi eta Herri Eskolako ikasle eta familiekin arituko dira.

Gaur goizean EKKO proiektua aurkeztu dute bertan parte hartuko duten entitateek, Monterron parkean.

Maria Ubarretxena alkateak gogora ekarri duenez aurreko legealdian Udalak San Juan de Dios Ospitalearekin programa bat abiatu zuen.

“Herriko ikastetxeetan, bai Herri Eskolan, bai Arizmendi Ikastolan, inkesta batzuk pasatu ziren eta ondorioz datu batzuk eman zizkiguten, gure neska-mutikoak nola” zeuden jakiteko.

Proiektu horren jarraipena “EKKO da, ikusi baita gure neska-mutikoei erreminta batzuk eman behar zaizkiela, beraiek hainbat egoera kudeatzen jakin dezaten. Erreminta horiek euren bizitzentzat onuragarriak izango dira”.

Erreminta horiek emateko, aurrez begiraleek “formakuntza berezi bat jasoko dute Mondragon Unibertsitatearen eskutik. Halaber, San Juan de Dios Ospitaleak begirale jardungo du”. Egitasmo hau Arizmendi Ikastolan eta Arrasate Herri Eskolan eramango da aurrera.

Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia Maitane Muñozek azaldu du “EKKO sigla batzuk direla: Eskola, Komunitatea, Kirola eta Osasuna. Esan daiteke Gizarte Zerbitzuetatik egin dugun proiektu handienetariko bat dela gure legealdian”.

Era berean, “apustu bat da eta espero dugu arrakasta handikoa izatea. Aurrez bazegoen DBHko 1. eta 4. arteko mailetako programa bat, eta bertan argazki bat egin zen”.

“Azken urteetan horretan aritu da San Juan de Dios Ospitalea, eta kontsumo nahiz adikzio ezberdinak jorratu dira. Ildo horretan, ikusi zen LH 5. eta 6. mailetan zerbait gehigarria egin behar zela, bestelako egitasmo bat”.

Azterketak atzeman du “adikzioaren gain, beste arazo batzuk badaudela, batez ere pandemia garaian, antsietatea esaterako. Arazo hau gure gazteen egunerokotasunean dago”.

Ondorioz, erabaki zuten programa bat diseinatzea “aisialdiaren bitartez, eta horretan Udalak San Juan de Dios lagun izan du, baita MU begiraleen formakuntzako ere”.

Formakuntza “irailean hasi eta abenduan amaituko da. Urtarrilean egitasmoa eskoletan sartuko da. Saio presentzialak eskola orduetan emango dira, eta beste saio batzuk eskola orduetatik kanpo izango dira gurasoekin”.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu du EKKO egitasmorako “gurasoen inplikazioa oso garrantzitsua dela, eurak ere prozesuko parte izatea, aisialdiko erreferente bihurtu ditugunekin batera”.

Era berean, Udalak animatzen ditu “esparru ezberdinetako (kulturakoak, kiroletakoak, gizarte-elkarte inguruetakoak,…) begiraleek izena ematera, proiektua bigarren fasera igaro ahal izateko”.

Hartara, Udalak diru-laguntza lerro bat irekiko du eta “begiraleen formakuntza Arrasateko Udalak ordainduko du. Aste honetan Boletin Ofizialean argitaratuko dira diru-laguntza horiek, eta ondoren 10 eguneko epea izango da izena emateko eta eskaerak egiteko. Izena BAZen edo arrasate.eus eman ahalko da”.

“Espero dugu pertsonek izena ematea, egitasmo hau aurrera eraman ahal dadin, oso garrantzitsuak baitira gaztetxoek gizarte-trebetasunak izatea, autoestima lantzea,… beti ere gizarteko erreferente positiboak izanda”.

Udalak “lehen fasean, formakuntza ordaintzeko, 30.000 € bideratuko ditu, eta bigarren faserako kalkulatzen gabiltza eta aurrekontu bat egiten ari gara”.

Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleko ordezkariak, Emilio Andrés Martín Tejedorrek azaldu duenez “programa hau zenbait urtez landutako prebentzioaren emaitza da”.

“Ohartu ginen 1. eta 2. mailetako ikasleek, batez ere bigarrenekoak, prebentzioarekin zerikusi handirik ez zuten hainbat jokabidez. Ordea, zerikusia zuten antsietatearen ondoriozko nahasmenduekin”.

Izan ere, San Joan de Diosek atzeman ditu “autoagresio eta heteroagresio jokabide argiak eta inpultsoa kontrolatzeko zailtasun jokabideak dira. Horrek guztiak ondorengo etapa batean pertsona kontsumitzera eraman dezake”.

“Konturatu ginen hori etengabean azaltzen zela DBHko 1 eta 2 mailako ikasleetan. Horren inguruan hausnartu egin genuen, aldatu genuen eurekin lan egiteko modua, baina guk ezin genuen DBHko 5. eta 6. ikasleekin lan egin”.

Kontuan hartzekoa da “bi maila hauetan, garunak plastizitatea izan behar duela, eta aldaketak egiten ditu. Beraz, garaiz lan egin behar genuen, aldaketa horiek zentzuzkoak, osasuntsuak izan daitezen”.

Zein ziren ikasleen zailtasun handienak? “Trebetasun sozialekin zerikusia zutenak: zentzuzko era batean komunikatzeko zailtasuna, beste pertsonaren azalean jartzeko zailtasuna (‘enpatia’ hitza entzuna dute, baina ez dakite zein den bere esanahia), pertsonen arteko harremanak (binarioegiak dira, ‘nire alde edo nire aurka’, ez dago tartekorik)”.

Horren guztiaren ondorioz, “20tik gora lan-saio diseinatu genituen, eta azken 5ak gurasoekin ere egin genituen”, 5. eta 6. mailako ikasleei zegokienez.

“Ikastetxeekin harremanetan jarri ginen, eta erantzun ziguten eurek ere guk ikusten genituen zailtasunak ikusiak zituztela. Izan ere, ikastetxeak ikasle horiekin egunero izaten dira”.

EKKOren helburuetako bat da “lantzea eta jarraipen bat egitea 5. mailatik DBHtik irteten diren arte. Hau da, bi programak erreskadan egitea”. Oro har, “nire iritzian, programa psiko-hezitzaile bat izango da, prebentzio-programa bat baino”.

Karmele Perez formazioko koordinatzaileak zehaztu du “MUko HUHEZI fakultateari egokitu zaiola programan esku hartuko duten begiraleak formatzea”.

“Interesgarria da begiraleak aisialdian eta kirolean dabiltzan gazteak izatea, eta gaztea berariaz bilatutakoa da, bilatzen baita gaztetxoek gertu ikusiko duten profil bat izatea”.

Gainera, begiraleek ikasleekin “eskoletan, ikastetxeetan lan egiteaz gain”, ikasleek “aisialdian, kirolean, udalekuetan, ludoteketan,… ere begirale berberak aurkituko dituzte. Beraz, baliteke esku-hartze integral bat izatea nolabait”.

Formazioa “laburra izango da, lehen hiruhilekoan gauzatuko da, irailetik abendura, eta helburua da begirale horiek formatzea gazteen ezaugarri sozio-emozionaletan, baita ezaugarri horietan esku-hartzeko trebetasuna ere”.

Lanketan gazteak “testuinguruan, haur eta gaztetxoen ezaugarri psikologikoetan kokatuko dira, eta ikasleekin trebatuko dira, zertarako? Gaztetxoen gaitasun sozio-emozional horiek garatzen laguntzeko”.

Horretarako, 100 orduko ikastaro bat diseinatu da, horietatik erdia aurrez aurreko saioez osatzen da “eta badu ezaugarri garrantzitsu bat”:

“Praktikak egingo dituzte, alegia, landuko dena 5 modulutan oinarrituta dago, 5 edukietan oinarrituta dago, eta eduki horietako bat erabiliko da esku-hartzea diseinatu, eskoletan praktikatu eta ebaluatu”.

Hortaz, “iruditzen zaigu nahiko tresna ematen dituela, ez soilik irizpideak, eta helburuetako bat da bizipenetan trebatzea, ez soilik printzipioak ematea, baizik eta praktikarako oinarriak eta esperientzia ematea ere”.

Iratxe Salaberria Arrasate Herri Eskolako zuzendariak egitasmoa eskertu du, “izan ere, eskoletan gogortasuna nabari da, ikasleek pasatu duten egoera estu hori orain askatzen ari dira, eta honetan badirudi ez dakitela non gelditu”.

Izan ere, “ez dute aurreko belaunaldien geldiketa, eta beraz ikasketa honetan aurreko belaunaldiak izango dira, baina ez dira saio laukiak, zurrunak izango, saioek malgutasuna izango dute, hori baita orain ikasleek behar dutena”.

“Begiraleak moldatuko dira ikasleen beharretara, eta ikasleek hori eskertuko dute. Elkarrekin lan egin dezagun”.

Arizmendi Ikastolako LHko koordinatzaile Aritzek azpimarratu du saioak ez direla “ongian eta gaizkian oinarrituko, pertsona gisa landuko da, ikasleek barne-sendotasuna izan dezaten”.

Esaterako, “nerabezaroan egin beharreko aukeraketa guztien aurrean ikasleek barne-indarra izan dezaten”.

Halaber, azpimarratu du “erreferenteak ikasleak baino nagusiagoak, oro har gazteak eta hurbilekoak izatea. Saioen ostean kalean ikusiko dituzten erreferenteak, esparru ezberdinetan”.

Egitasmoa herri eta eskualde mailakoa da, “Aretxabaletan eta Eskoriatzan egin da, eta osoa da”.

Momentuz ikasleei ez zaie parte hartzeko deialdi egin: “Irakasleak dagoeneko informatuta daude eta irailetik aurrera ikasleak eta familiak informatuko ditugu, kontuan hartuta saioak urtarrilera arte ez direla hasiko”.

Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleko ordezkariak, Emilio Andrés Martín Tejedorrek adierazi du “nire ustez programak 3 oinarri izango dituela”:

“Nik balioan jarriko nuke egin duzuen lana, eta egia da zaila dela mutil bati esatea zer egin behar duen eta nola egin behar duen, hori aurrez bizi ez badu”.

Adibidez “Aretxabaletan eta Eskoriatzan formatu direnak behar horretatik igaro dira, emozionalki transmititzetik. Bestela errore bat litzateke”.

Era berean, azpimarratu du “pertsona egokiak formatzea”. Halaber, “oso garrantzitsua da eskola orduetan izatea, horrela mutila desubikatuko ez baita. Egindako lana balioan jarri behar da”.

3 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen