Testua: J.M. Balzategi. Argazkia: Ointxe!.
Ekiola Ointxe! kadete mailako taldeak asteburuan jokatuko du Iturripen Euskal Ligako A-1 mailarako igoera fasea. Ointxe! taldeko jokalari gazteek Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute 1. mailan, eta, horregatik, otsailetik aurrera Euskal Ligan lehiatzeko eskubidea lortu dute. Baina asteburu honetan jokoan dagoena A-1 mailan plaza bat da, Espainiako Txapelketetarako plaza bat lortzeko aukera ematen duena.
Taldearen ibilbidea bikaina izan da Gipuzkoako Txapelketan, jokatutako 14 partiduetan garaipena lortuz, eta oso saskibaloi dinamiko eta alaia erakutsiz. 80 puntu sartu dituzte batez beste, eta 27 puntu baino ez dituzte jaso partiduko.
Ekiola Ointxe! taldeak larunbatean jokatuko du finalerdia, eguerdiko 12:30ean, AZ Participaciones Araba, Arabako txapeldunaren aurka, eta irabazleak beste kanporaketako garailea izango du aurkari finalean: Ordizia (Gipuzkoako 2. sailkatua) edo Barakaldo, Bizkaiko txapelduna.
Finala ere Iturripen jokatuko da igandean arratsaladeko 18:00etan. Aupa neskak!!!