Aurten tailer eta ikastaro berriak antolatu dira, besteak beste, ‘Eztabaida feministak: Terapia versus politika’, ‘Bizipen gineko-obstetrikoak tailerra’, ‘Elikadura kontzientearen ikastaroa, indarkeria sinbolikoa prebenitzeko’, ‘Poesia xuxurlatuz tailerra’ eta ‘Emakumeok eta hitanoaren erabilera’.
Dagoeneko hastear dago 2021-22 ikasturte berria eta horrekin batera, Arrasateko Emakume Txokoak berriro ateak zabaldu eta ekintza egitarau zabala aurkeztu du irailetik hasi eta abendura arte. Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak eta Esther Lizarralde Emakume Txokoko teknikariak aurkezpena egin dute gaur goizean.
Egitarauaren baitan, hain zuzen, beti bezala, gizon eta emakumeen berdintasunean eragiteko helburua duten ekintza eta ekimenak jaso ditu, kasu honetan, Jabetze eskolako ikastaro eta guneez zein, egitarau orokorraren baitan antolatutako ekintzez osatuta. “Ikastaro guztiek ikuspegi feministatik erreparatzen diote errealitateari eraldaketarako tresnak eskainiz”, adierazi du Johanna Sanchez-ek, Arrasateko Udaleko Zinegotziak.
Izen ematea zabalik egongo da irailaren 13tik 17ra bitartean eta informazio gehiago edota orientazioa jasotzeko, Emakume Txokora hurbildu (Jose Luis Iñarra pasealekua, 10) edo dei dezakete interesdunek 943 794 139 telefonora edo idatzi 618 206 233 whatsappera. Astelehenetik ostegunera goizeko 10:30tik 13:30ra, eta 15:00etatik 18:00etara, eta ostiralean goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara.
Jabetze eskolako ikastaro eta guneak berriro martxan:
Arrasateko Jabetze eskola Emakume Txokoan dagoen formazio eta topaketa gunea da eta helburu du emakumeen ahalduntze prozesuak sustatzea, parte hartze soziopolitikoa ahalbideratzeko, feminismora hurbiltzeko eta sareak sortzeko.
“Jabetze eskola konfiantzazko eremua da emakumeontzat, jendartean bizi dugun egoeraren inguruan irakurketa kolektiboa egiteko; gure bizipenak, ondoezak, jasaten dugun indarkeriak….. izaera estrukturala dutela ulertzeko eta egoera horiei aurre egiteko tresnak eskuratzeko”, azaldu du Johanna Sanchezek, Arrasateko Udaleko Berdintasun zinegotziak.
Horretarako, beti bezala, lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dituen jarduera sorta antolatu du Jabetze Eskolak, elkarlana oinarri hartuta eta giro onean, emakumeak eta emakumeon eskubideak erdigunean jarriz.
Ondorengoa da Jabetze Eskolako hiruhileko eskaintza:
- Feminismoa(k) lantzeko eta ezagutzeko:
- Eztabaida feministak: Terapia versus politika
- Bizipen gineko-obstetrikoak tailerra
- Osasuna eta gorputza lantzeko, genero ikuspegia kontuan hartuta:
- Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa
- Chi Kung
- Feldenkrais
- Osasun psiko-emozionala eta arreta osoa: Mindfulness
- Tratu onak eta lotura afektiboak
- Elikadura kontzientearen ikastaroa, indarkeria sinbolikoa prebenitzeko
- Aisialdia, kultura eta sormena:
- Poesia xuxurlatuz tailerra
- Emakumeok eta hitanoaren erabilera
- Zapalduen antzerkia
- Dantza taldean
- Mendian ere geure buruaren jabe
- Ahalduntzerako guneak:
- Irakurketa feministen txokoa.
- Topalekua emakume migratuentzat: Emakume migratuak topo egiteko topagunea eskaintzen du, istorioak partekatzeko, harremanak sortzeko eta bizi diren lurraldean jarduten eta bizitzen lagunduko dieten tresnak eskuratzeko gunea, alegia.
Hainbat tailer eskainiko dira gune honetan, besteak beste zaintza lanetan ari diren emakumeen lan eskubideak lantzeko tailerra edota on-line tramiteak egiteko oinarrizko tresnak eskuratzekoa ere.
Egitarau orokorra
Jabetze eskolak eskainitako ikastaro, tailer eta guneez haratago ere, egitarau orokorraren baitan, ekimen ugari antolatu ditu Emakume Txokoak, guztiak berdintasuna sustatzeko eta eztabaida feministak kaleratzeko helburuz. Ekitaldiak Kulturaten izango dira eta herritar guztiei irekita egongo dira.
- Ikasturte berriari hasiera emateko: “Erresistentzia arazo fisikoa da” antzerki emanaldia, Maite Aizpurua Olaizolarekin (Irailak 24).
- Bertso saioa, Amaia Agirre, Miren Amuriza, Oihana Arana, Haizea Arana eta Eli Pagolarekin (Urriak 28).
- “Carceles bolleras” dokumentalaren emanaldia eta aurkezpena, Cecilia Montagut zuzendariarekin (Urriak 7).
- “Nik sinisten dizut” irakurketa kolektiboa, indarkeria matxistaren gaia lantzeko, Irakurketa feministetako guneko kideak dinamizatuta eta herritarrak eta herriko eragileen parte hartzearekin (Abenduak 2)
Ostegunetik aurrera postontzietan banatuko dira egitarauak informazio guztiarekin.