Ekin Emakumeak elkarteak urrian hasiko diren jabetza eskoletako ikastaroetarako izen ematea zabaldu du. Denera bost ikastaro izango dira eta izena emateko 651707936 telefonora edota emakumeak@ekinemakumeak.eus helbidera jo beharko dute interesatuek.
Ikastaroetako bat “Astrologia bizia” izango da; «zure karta natala sentitzeko gonbitea. Zatoz zure izarren oihartzuna gorputzean aurkitzera». Saioak Izaro Susperregik gidatuko ditu eta urriak 15 eta 29 eta azaroaren 12 eta 26ean izango dira, arrratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Ekinen egoitzan. Bazkideek 55 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 60.

“Ilustrazio tailerrean” «irudiak sortzen eta irudien bitartez kontatzen ikasiko dugu. Ilustrazio teknika desberdinak frogatu eta eskuaren bitartez irudimenarekin jolastuko gara. Ondo, gaizki, oso gaizki eta oso ondo marrazten duten horientzat». Olaia Benitok emango duen ikastaroa urriaren 7, 14, 21 eta 28an luzatuko da, arrratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Ekinen egoitzan. Bazkideek 28 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 30.

Dunixe Royo Mondragonek gidatuko du, aldiz, “Joskintza ikastaroa”. Bertan «josteko makina martxan jarri eta lehen osagarri eta arropak josten hasiko gara». Tailerra urriaren 6tik abenduaren 15era bitarteko astearteetan emango da bi txandetan arrratsaldeko 16:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, Ekinen egoitzan. Bazkideek 105 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 110.

“Lehen sorospenak” ikastaroa Ekin Emakumeaken egoitzan eta Aretxabaletako institutoan emango da, urriaren 19 eta 26ean, eta azaroaren 2an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Prezioa 20 eurotakoa izango da, 15 eurotakoa bazkideentzat. Laura Perez Aristi eta Iratxe Hernandez Alkizuk gidatutako ikastaroan «PAS protokoloa eta segurtasuna, BBB/RCP oinarrizkoa, DEA/DESA erabilera, arnasbideen buxadura eta Hemlich maniobra, odoljarioak eta zaurien lehen arreta eta oinarrizko botikina eta erabilera» izango dira jorratuko diren gaiak.

Azkenik, Kontxi Gamendiak zuzenduko duen “Yin Tao” ikastaroa legoke. «Norbere burua sendatzeko gaitasuna garatu. Estresa eraldatuz barne bakea lantzeko tailerra. Oreka fisikoa, emozionala eta espirituala garatzeko». Ikastaro hau Etxaluzen emango da, urriaren 29, azaroaren 26 eta abenduaren 17an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Bakideek 57euro ordaindu beharko dituzte, 60 gainerako interesatuek.





