Ekimen parlamentario baten alde, Egiaren berri jakiteko [Testua: Intxorta 1937]

0
539

Intxorta 1937 kultur elkarteak dei egiten die Euskal Herriko diputatu hautetsiei ekimen parlamentario bat sustatu dezaten, 1936ko gerran desagertutako pertsonen dokumentazio guztia, Guardia Zibilaren artxiboetan baitago, Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentrora eroan dezaten, eta gero senideei bidali diezaieten.

Argazkiak: Intxorta 1937 kultur elkartea.

Ekimen parlamentario baten alde, Egiaren berri jakiteko

87 urte igaro dira gure aitajaun-amandreak, pertsona zibilak zirenak, hil zituztenetik. Desagertuta jarraitzen dute. Ez dakigu egia osoa. Haien salatzaileek eta hiltzaileek ez zuten eskatu inoiz barkamenik. Eta Justiziak jarraitzen du beste albo batera begiratzen.

Lehenengoz, Barne Ministerioak erantzun ofiziala eta dokumentatua eman dio Arrasatetik desagertutako pertsonen hiru bilobek egindako eskaerari: Gregorio Sampedro Azpiazu, Jose Antonio Urionabarrenetxea Isasmendi eta Florencia Olazagoitia Ceciaga, eta Guardia Zibilaren artxiboen bidez egin du, eta, laburbilduz, honako hau diote:

Guardia Zibilak atxilotu zituen. (Arrasaten agintari zibil eta militar nagusiak ziren Jesus Gorosabel Mendia alkatea eta Rafael Latorre Roca teniente koronela). Gobernadore zibilaren (José María Arellano Igea) esku jarri zituzten, eta hark Ondarretako espetxera eroan zituen, egun batzuk geroago plazako epaile militarraren (Ramiro Llamas del Toro komandantea) esku jartzeko.

Eta besterik ez, ez digute esaten zer gertatu zitzaien gero; baina badakigu jakin inoiz ez zirela itzuli Arrasatera.

87 urte igaro eta gero gure senideen dokumentazioa ez egotea artxibo zibiletan eta Guardia Zibilaren artxiboetan jarraitzea da gabezia demokratiko hutsa, eta horrek ez ditu errespetatzen pertsona desagertuei buruzko nazioarteko eskubideak.

CIRC Gobernuetako eta gobernuz kanpoko adituen Nazioarteko Konferentziak (2003ko otsailaren 19tik 21era egina) jasotzen du: Senide guztiek dute eskubidea gatazka armatu baten edo barne indarkeria baten ondorioz desagertutako senideei zer gertatu zaien jakiteko, bai eta non dauden ere, edo hilda egonez gero zer-nola hil ziren edo hil zituzten.Hartu beharko lirateke neurri eraginkor guztiak legegintza, administrazio, judizio eremuetan edo beste eremu batzuetan, eskubide horiek bermatze aldera.

Debagoieneko 123 gizon eta emakume hil zituzten kolpistak sartu zirenetik. Gure ustez, gutxienez 47 (Arrasate, Oñati, Bergara, Aretxabaleta, Marin-Eskoriatza eta Gatzagakoak), horiek guztiak zibilak, egoera berean egongo lirateke, eta ehunka gehiago Gipuzkoako beste eskualde batzuetan.

Horregatik, Intxorta 1937 kultur elkarteak dei egiten die Euskal Herriko diputatu hautetsiei ekimen parlamentario bat sustatu dezaten, dokumentazio hori eroan dezaten Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentrora eta leku horretatik dokumentazioaren kopia bat bidali diezaieten pertsona zibil desagertuen senideei.

Bitartean, urtero legez, irailaren 26an, omenaldia egingo diegu, Arrasatek gogoan dituen monolitoaren aurrean, Errepublikaren aurka kolpisten aldetik giza eskubideen urraketa jasan zuten Debagoieneko pertsona guztiei.

Intxorta 1937 kultur elkartea

Nati Roa Bedia, Nati Cabello Urionabarrenetxea, Goio Markaide Sampedro, Juan Ramon Garai Bengoa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen