Ekidek 15 milioi inbertituko ditu San Andresen, 80 lanpostu berri sortzeko

0
1316

Arrasateko enpresak iragarri du Fagor Electrodomesticos ohiaren planta “2023an progresiboki” jarriko duela martxan. Bere asmoa da bere “jarduera guztia biltzea” bertan.

Argazkia: Ekide.

Ekide Groupek otsailean San Andresko planta erosi zion Ekimen Berri Kudeaketari, hau da, Mondragon Korporazioaren enpresa bati, 2011n Fagor Electrodomesticosen San Andresko eta Garagartzako plantak erosi zituena.

Bi aldeek ez dute prezioaren berri eman, eta Ekidek erositako plantak 58.000 metro koadro ditu. Gaur iragarri du “eraberritze eta egokitzapen lanak aurten egingo” dituela, eta 15 milioi euroko inbertsioarekin, aurreikusten du “80 lanpostu berri sortzea datozen 4 urteetan”.

Arrasateko enpresak zabalkunde prozesu batean dihardu, eta planta berritzeko eta egokitzeko lanak aurten egingo dira, datorren urtean planta abian jartzeko asmoz.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Bateratu eta Bilakatu laguntza-programen babesa du.

Ekide Group-ek 30 urteko esperientzia dauka, ingeniaritzan eta ekoizpen industrialean dihardu, eta kontrol-erremintekin, ikuspegi artifizialarekin eta robotikarekin lan egiten du.

Arrasateko egoitzaz gain, plantak funtzionamenduan ditu Bizkaian, Mexikon eta Txinan, baita bulego komertzial bat Amerikako Estatu Batuetan ere.

225 pertsonak lan egiten dute Ekide Groupentzat eta iaz bere fakturazioa 35 milioi eurokoa izan zen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen