“Ekhi istorioak gogora dakar ametsak betetzeko inoiz ez dela berandu”

0
1048

Noelia Fernandez arrasatearrak “9 eta 109 urte bitarteko umeentzat” liburua idatzi eta argitaratu du. Funtsean “mago izan nahi zuen ume baten istorio polit bat da”, eta dagoeneko eskuragarri dago. Honatx elkarrizketa.

Bideoa eta irudiak: NF.

Zein adin tarterako da egokia?

Ekhi 9 eta 109 urte bitarteko umeentzat zuzenduta doa.
Adin tartea hain zabala da, inoiz ez delako goizegi, ezta beranduegi ere bakoitzaren ametsak lortzeko.

Zer kontatzen du oro har liburuak?

Zer du liburu honek ume batentzat?
Ekhi mago izan nahi zuen ume baten istorio polit bat da.
Gizartearen eskakizunek gainezka eginda eta estuki lotuta, umeak ez dauka une bakar bat ere bere pasioaz, magiaz, gozatzeko. Inguruneak bere ametsak baztertzera bultzatzen du, “horrek ez dizu jatekorik emango” lelotzat hartuta.
Emakume berezi batekin izango duen ustekabeko topaketak ehun eta laurogei graduko aldaketa ekarriko dio umearen istorioari. Bizitzaren uneren batean guztioi parean suertatzen zaizkigun egoerak gainditzeko gakoak aurkituko ditu. Gure beldurrak kudeatzeko, aldaketekin ez izutzeko, kritikatuak izateari eta porrot egiteari beldurra kentzeko gakoak. Berekin ikasiko du dohain eta talentuek, bitxiak izanda ere, berdingabeak egiten gaituztela. Munduari geure onena ematen uzten digutela, horrela toki hobea bihurtzeko.
Zer dauka Ekhik “zuretzat”, pertsona heldu hori?
Ekhik heldu bakoitzaren barnean lo dagoen umeari, mezu batzuk zuzenduta dauzka.
Gogoeta eragingo dizun “atximurra” izan nahi du, ume zinetik bete nahi zenituen ametsei buruz. Ekhi dakarren mezua hau da: “uste baduzu, uzta duzu. Uste ederra izan, zure uzta ere ederra izan dadin”.

https://www.youtube.com/watch?v=jZUNGVnS0pY&feature=youtu.be

Orokorrean, nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?

2015 eta 2018 artean egin nuen “gorputzaren terapia integratiboa” ikastaroaren amaierako proiektu gisa da. Ohiko memoria tekniko bat aurkeztu ordez, ipuin bat idaztea erabaki nuen, urte hauetan formakuntzan ikasitako bizitza-lezio asko, nire semeentzat idatzita uzteko.

Nire tutore Ricardo Álvarez, psikologo eta terapeutak, irakurri zuenean, istorio hau publikoari zabaltzea polita izango zela iradoki zidan. Une horretan, nahiago izan nuen etxekoekin eta lagun minekin soilik partekatzea.

Nola ez, zerbait aldatu da nire barruan urte honetan, une benetan desafiatzailea bizitzen ari garelako. Konfinamendu garaian, etxean bakarrik nengoela, jende asko bere onena ematen ikusi nuen, egoera eramangarriagoa izan zedin. Bitartean, konfinamenduan neure buruari galdetzen nion zer ekarpen egin nezakeen halako iluntasun, halako mezu negatibo, hainbesteko beldur artean, argi pixka bat bidaltzeko. Gogoeta horretatik www.kosmoipuinak.eus sortu zen. Eta hortik, nire lehen liburua argitaratzera.

Liburuak ilustrazioak baldin baditu, zuk eginak dira ala beste pertsona batek egin ditu?

Liburu honen ilustratzailea Julie Rosseau da. Frantziako lagun mina, hiru urteko prestakuntza nirekin egin zuena. Bera emakume magikoa da. Urrezko bihotza du eta xehetasunez islatzen du liburuko hitz bakoitzaren atzean ezkutatzen den emozionaltasun guztia. Ezin nuen abenturakide hoberik aurkitu.

Non eros daiteke liburua?

Liburua euskaraz eta gazteleraz eros daiteke nire webgunean: www.kosmoipuinak.eus Denda “izar-kioskoa” planetaren barruan dago. Kosmoipuinak, aztertu gabeko planeta bitxiez betetako unibertso berria da. Ezagutzera gonbidatzen zaituztet.

Liburua Amazonen ere eros daiteke. Eta orain dela gutxi, banaketa akordio batera iritsi naiz Elkar dendarekin eta bizpahiru aste barru, bere denda guztietan eta bere webgunean egongo da eskuragarri.

Arrasatearra zara baina hainbat urtetatik Legution bizi zara ezta? Nor da (orokorrean) Noelia Fernandez?

Bai, Legution bizi naiz.
Nor naizen ni? Ameslari eta Bihotz alaiko emakumea. Haurtzaroko bere amets sekretuetako bat gauzatu berri duena.

Zer esango zenieke arrasatearrei liburua erostera anima daitezen?

Ekhi Ilusioa berreskuratzeko gonbidapena da. Inoiz ez dela berandu ametsak betetzeko, oroigarri bat. Lortzeko behar dugun guztia geure barnean dago!
Egoera hobe baten zain gauden bitartean; geldi gauden bitartean, bizitza igarotzen ari da. Eta aurrera egiten du. Une bakoitza erabat bizi gabe. Ahaztu egiten dugu gutako bakoitza bakarra garela eta ahalmen infinitua dugula. Gutako bakoitzak ametsak ditugu, eta amets horien atzean dohain bakarrak daude, mundua leku hobea izan dadin laguntzeko.

Ekhi, momentu honetan argitaratzea ez da izan kasualitatea. 2020 hau denok markatuta utzi gaituelako, ametsei buruz hitz egiten urtea amaitzea gustatuko litzaidake.
Ekhi adibide bat izatea nahi dut. Zirkunstantzietatik harago, Ametsak bete daitezke!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen