Ekainaren 8an Iturbiden bisitei berrekingo zaie

0
845

Martxoaren 13an, Covid-19ak sortutako pandemiagatik, bisitak bertan behera geratu ziren Iturbide egoitzan.

Martxoaren 13an, Covid-19ak sortutako pandemiagatik, bisitak bertan behera geratu ziren Iturbide egoitzan. Ekainaren 8an, astelehena, Euskal Autonomia Erkidegoa sartzearekin batera, 3. fasean zentrorako bisitei berrekingo zaie. Horretarako, zenbait neurri jarraitu beharko dira. Olatz Etxabek Iturbideko zuzendariak azpimarratu duenez, “Aldundiak egoitza bakoitzaren esku utzi du bisitak egiteko jarraitu beharreko protokoloa”.

Iturbideko egoitzaren kasuan, egoiliarra pertsona bakar batek bisitatu ahal izango ditu, eta beti pertsona berbera izango da. Bisitak egunero egin ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta. Ezin izango da geletara sartu eta bisitak beheko solairuan egingo dira. Horretarako, hiru gune prestatuko dituzte: harrera aretoa, erabilera anitzeko areto bat eta areto nagusia. Sarrera- eta irteera-noranzkoak geziekin markatuko dira lurrean.

Bisitetan, egoiliarraren eta bisitariaren arteko bi metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da. Bisitariei sarreran tenperatura neurtuko zaie, eskuak eta zapatak garbitu beharko dituzte, eta beti maskararekin joan beharko dira bisitara. Gaixotasunaren sintomak dituzten pertsona guztiek ezingo dute bisitara sartu.

Printzipioz, bisitek ordu erdiko iraupena izango dute, baina hori aldatzen joango da eskariaren arabera. Laugarren fasera igarotzean, bi pertsonak bisitatu ahal izango dituzte egoliar bakoitza. “Kalera ateratzeko baimena eskatu dugu, baina oraingoz ez digute baimenik eman. Gehiago itxaron beharko dugu.”

Une honetan, Iturbideko egoitzan 67 egoiliar daude. Horietatik soilik 7 pertsonak ez dute gaixotasuna gainditu. Gainerakoek gainditu egin dute edo egindako testek antigorputzak dituztela frogatu dute. Etxabek azaldu duenez, “Egoitzaren egoera normalizatu egin da eta ohiko jarduerak egiten ari dira berriro”. Langileek higiene eta babes neurriak zaintzen jarraitzen dute, “ez baitugu ahaztu behar Iturbiden 26 egoiliar hil direla pandemia honetan”.

Egoera hau ere oso gogorra izan da langileentzat. “Orain lasaiago gaude. Lan gutxiago dugunez, denbora gehiago dugu haien beharrei hobeto erantzuteko. Oso gogorra izan da, baina orain egoiliarrak ondo daudela ikusten dugunez, gu lasaiago gaude. Gainera, kontuan izan behar da oso egoera zailetik gatozela, hilabete askotako grebaren ostean. Langileak oso nekatuta zeuden egoera hau baino lehen, eta hau errematea izan da”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen