Besaide Mendizale Elkarteak dagoeneko prest du aurtengo Arrasateko MTB Mondra Bike martxaren bide orria. Ibilaldia datorren ekainaren 13an ospatuko da, irteera eta helmuga J.M. Arizmendiarrieta plazan izango duelarik, goizeko 9:00etan hasita.
Martxak bi ibilbide izango ditu, 36 kilometro eta 1000 metrotako desnibeleko motzago bat eta (42km/1600m) beste luzeago bat. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, markajea ahalik eta murritzena izango da, beraz, GPSa erabili beharko dute parte hartzaileek. Izena eman duten guztiei, ekainaren 12an trackak bidaliko zaizkie emailez.
Izena ematerakoan 300 txirrindulariren muga ezarriko da eta proba amaitutakoan luntx eder bat egongo da parte hartzaileentzat (paella eta birrak).
Parte hartu nahi dutenek www.kirolprobak.com webgunean eman beharko dute izena, ekainaren 11 arte eta federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, 20 gainerako guztiek.




