Eider Gutierrez arrasatearrak seigarren aldiz jarraian irabazi du Euskadiko apnea indooreko txapelketa, asteburuan Bilbon. Gutierrez, gainera, gaur egun apnea estatikoan Espainiako txapeldunordea da.
Jokatutako lau modalitateetatik, Eider Gutiérrezek hirutan hartu zuen parte: estatikoan (4:40 minutu), hegatsik gabeko dinamikoan (74,50 m) eta bialetekin egindako dinamikoan (128 m), eta hiruretan lehen postua eskuratu zuen.
Euskoapnearen edizio hau 2007tik egiten den bederatzigarrena izan da, eta Bilbon egin den lehena. Proba Euskal Urpeko Jardueren Federazioak (EHUIF-FVAS) antolatu du, Bilbao Kirolak erakundearen laguntzarekin.

Apnea indoorrari buruz
Apnea indoorra 25 edo 50 metroko igerilekuan egiten den apnea-modalitatea da, lau probarekin: estatikoa (STA), hegatsik gabeko dinamikoa (DNF), bi aletekin egindako dinamikoa (DYN-BF) eta monoaletarekin egindako dinamikoa (DYN). Apnea estatikoan, kirolariek helburu dute ur azpian arnasa eutsita ahalik eta denbora gehien egotea; apnea dinamikoan, berriz, ahalik eta metro gehien egitea murgilduta, bialeta zein monoaletarekin propultsatuz, edo gorputzaren indar hutsaren bidez DNFren kasuan.





