Arrasatearrak 4 urte daramatza Lekeitioko Isuntza traineruan arraunean. Azaldu digu estropadetako sakrifizioak “merezi duela” eta “arraunean berdin-berdin egin dezaketela barnealdeko pertsona batek eta kostaldeko batek”.
Argazkiak eta bideoak: Isuntza, Eider Altube, ETB.
Lekeitioko traineruak atzo Kontxako Banderako Sailkapen estropadan parte hartu zuen. Tartean, Eider Altube Kazalis arrasatearrak jardun zuen.
Zer moduzkoa da Kontxako esperientzia?
Arraunlariontzat esperientzia oso berezia eta bakarra da. Egia da ere aurten, koronabirusaren ondorioz, publikoaren animoak eta berotasuna jasotzea ezinezkoa izan dela, eta beraz ez da aurreko urteetakoa modukoa izan. Hala ere, Kontxan parte hartzea guretzat gauza handia da.

Zer moduz egin zenuen arraun?
Itsasoa atzo ez zegoen %100ean disfrutatzeko moduan, baina guk Kontxan ligako estropadarik onena bertan egin ohi dugu. Ez dakit nondik ateratzen ditugun indar eta gogoak, baina Kontxan udako beste estropadetan baino handiagoak dira.
Atzoko estropada Ligako gogorrena edo gogorrenetarikoa izan zen, baina gozatu egin genuen, Ligako azken estropada da, eta Kontxa izateak asko hunkitzen zaitu.

Atzo estropadaren hiru laurdenak oso ondo egin genituen, baina haize olatu asko zeuden, eta horrek lana zaildu zigun ziabogara heltzean eta ziabogatik irtetean. Beste dena ondo defendatu genuen.
Haize-olatua ez da olatu definitu bat, eta beraz nahaste borraste bat sortzen da: haizea alde batetik doa, olatua beste batetik, Kontxako pasealekuko erreboteko olatua bestetik,… Beraz, arraun egitea oso exijentea da.

Zelan sortu zitzaizun arraun egiteko aukera?
Nire ama lekeitiarra da, eta ondorioz Lekeitiorekin harreman estua dugu. Familia oso arraunzalea da, eta nire aita adibidez oso Isuntza zalea da. Behin egunkari bateko azalean San Joaneko nesken Kontxako garaipena ikusi nuen, eta komentario tonto bat egin nuen, arraunketa probatuko nuela esanez.
Ondorioz, gauzak lotzen hasi ziren, eta dei bat jaso nuen Lekeition nesken arraun talde bat sortzeko ekimena zegoelako. Hasieran ez zen serioa baina parte hartzen hasi nintzen, eta egun bertan jarraitzen dut. Honezkero lau urte dira.

Isuntzak hobetzeko tartea dauka?
Aurtengo denboraldia ez da gure onena izan, koronabirusak aldaketa asko eragin dizkigu. Batetik, entrenatzailea aldatu behar izan dugu azken unean, eta horrek eragin handia izan du. Eta bestetik, taldean ere aldaketak izan dira. Isuntzak eduki badauka hobetzeko tartea, onena etortzeke dago.
Zer da zuretzat arraun egitea?
Betiko galdera da, galdera ona. Zer ematen dizu arraunak bertan buru-belarri jarraitzeko? Lau urteren ostean ez daukat erantzun zehatzik. Taldekideekin, traineruarekin eta itsasoarekin sortzen diren harremanak oso bereziak dira, deskribaezinak.
Estropaden eta entrenamenduen ostean sortzen zaizkizun sentsazio edota emozioa ezin dira beste ezerrekin konparatu. Sakrifizio honek merezi du, sari emozional bat dauka.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Barrualdekoa izateak ez du esan nahi itsasoarekin harreman gutxiago izan dezakegunik kostaldean bizi den pertsona batek baino. Arraunean berdin-berdin egin dezake arrasatear batek eta lekeitiar batek.
Neska batek arraunean egin gura badu, Isuntzako ateak zabalik dauzka. Izan ere, kontuan hartu behar da barrualdeko pertsona batek ere arraunean egin dezakeela.
