EHBildu: “Zigor ekonomikoak lan komunitarioengatik ordezkatzeko araudia eskatzen diogu Udalari”

7
1091

Beheko testua: EH Bildu.

2020ko irailean, Arrasateko bi lekutan (zehazki, Monterron parkean eta Uribe Auzoan) Arrasateko Udaltzainek isunak ezarri zizkieten hainbat gazteri, ustez edaten egoteagatik. Ez dakigun arren, zehatz-mehatz, isuna jaso zuten gazteak zenbat izan ziren, gugana etorri diren gurasoek eta gazteek emandako informazioagatik, hogeita hamarretik gora izan daitezkeela kalkulatzen dugu.

Arrasateko Udaltzaingoak isun horiek, herrian izapidetu ordez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailera bidali zituen eta gazte bakoitzari 1000€ko isuna heldu zaio.

Honen aurrean Arrasateko EHBilduk adierazi nahi du isun hauen kantitatea, oso altua izateaz aparte, ez duela proportziorik errespetatzen egindako ekintzarekiko. Adibide batzuk jartzearren, musukoa ez eramatea 100€kin zigortzen da, itxiera perimetrala ez betetzea 300€kin edota terraza batean 4 pertsona baino gehiago egotea 300€kin…

Arrasateko EHBilduren ustez Udal honek bi gauza landu beharko lituzke: batetik, herrian diseinatutako zigor araudi bat, legea errespetatzen duena eta justizia erreparatiboa lantzen duena. Eta, bestetik, Udaltzainen lanaren eredu berri bat, non herrirako lan egiteko helburuarekin balore hezitzaileak eta laguntzaileak lehenetsiko diren, kolektibo jakinen
kriminalizazioa saihestuz.

Horiek horrela, Arrasateko EH Bilduk beharreko ikusten du gazteek zein herritar orok zenbait hutsegite egiten dituztenean zigorrak beti ekonomikoak izan beharrean aukera egotea, isuna jaso duenak hala eskatuko balu, herriaren aldeko lan komunitarioagatik ordezkatuak izateko.

Araudi baten beharra dago non herritarrak aukeratu dezakeen isuna ordaindu edo isun hau herriarentzako lanarekin bete. Ez gabiltza eskatzen isunik ez jartzea, eskatzen ari garena da gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko honetan zigor ekonomikoei ordezkapen sistema bat eraikitzea. Hau berau ematen da Kode Penalean, non kartzela zigorrak komunitatearen aldeko lanengatik ordezkagarriak diren kasu askotan, hutsegite administratiboak baino larriagoak
diren delitu batzuk barne. (84 Kode Penala).

Guzti honen aurrean, Arrasateko EHBilduk hurrengoa eskatu nahi du:

  1. Arrasateko Udalak beharrezko gestioak egin ditzala Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailean, Arrasateko gazteei jarritako isunak komunitatearen aldeko lanarekin ordezkatuak izateko aukera egon dadin.
  2. Arrasateko Udalak ordenantza bat arautu dezala non zigorrak lanengatik ordezkatuak izan daitezkeen isuna jasotzen duen pertsonak halaxe nahi izanez gero.

7 IRUZKIN

  1. Ta ezker abertzalearen proposamena zein da? Udaltzaiñak multak jartzen egon biharrian musuak banatzia? Edo al corro de la patata jolastia arauak forrotik pasatzen dauien gazteekin?

    • Uste dut ez dozula ondo ulertu Ereño. Kontua da isunak gurasoek ordaintzen dituztela eta lortzen den bakarra da gurasoei dirua ateratzea, gazteek berdin jarraituko duten moduan. Gaztea hauek lan komunitaria egitea dabiltza komentatzen, adibidez, igande goizetan herriko bazterrak garbitzera jarri, horrela ikasiko baitute gauzak ez zikintzen. Nire amak hau egiten zigun anaioi umetan, eta gauzak ez zikintzen bizkor ikasi genuen.

  2. Jendeak soilik poltsikoa ukitzen zaionean ikasten du. Argi dago ere “diktadurarekin” bakarrik ikasten dugula. Askatasuna eta gure arduraren menpe gaudenean ez ditugu legeak betetzen. Beraz, nahiko paradojikoak gara.

  3. Zu zentrau zure partidu politikuak in biharreko hobekuntzetan, asko diela… Bide batez, EAJren udaltzain – ertzain ereduan inguruen be hausnartzia eskatzen dotzut, helburuetako bat gaztiak kriminalizatzia izan ez dadin.

    • Gazteak ez ditu inork kriminalizatzen. Gazte batzuk beraiek bakarrik kriminalizatzen dira. Boteioia ezin bada egin, ezin da egin eta kitto. Gurasoek jakin beharko zuten bere seme alabak 10etan etxean egon behar direla denok bezala. Ez baldin badaude bi arazo dituzte, bat bere seme alabak kalean edaten (izuna), eta bigarrena haien ardura gutxi (beste izuna bat). Tamalez, ikasten dugun modu bakarra, poltsikoa.

  4. Aitor noiz konturatu gara ba lan komunitarioa bide egokia dela? Isunak jaso dituztenean soilik? Ez al litzateke bide hau jorratu behar izan duela urteak? Zer egin du EH Bilduk honen inguruan gobernuan egon denean? Nik esango dizut: ezer ez.

  5. Argi eta garbi: Ez dakit seme-alabarik dauzkazun, zure arrazonamenduaren arabera ezetz esango nuke. Isunek edo zigorrek baino gehiago balio dute ekintza hezigarriek, kalte bat eragiten denean erreparazioa da biderik egokiena nire uste apalenean. Gurasoek ez genituzke ordaindu behar gure seme-alabek egindako ekintza okerrak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen