EH Bilduren proposamena: “Garibai peatonala izatea, eta Zerrajera kalea eta Nafarroa etorbidea errei batekoak”

3
1876

Horretarako, koalizioak planteatzen du “autobus geltokia Kontzeziño parean jartzea”. Aldaketa horiek ahalbidetuko lukete “Iturbide ondoan adinekoentzat jardin bat jartzea”. Orokorrean, “Arrasateko bidegorri sarea osotuko litzateke”. Udal-gobernuari planteatzen dio ‘Ekobulebarra’ri buruzko “moratoria bat eska dezala”.

EH Bilduko Maider Morras Azpiazu eta Aitor Zubiaga Barrena zinegotziek Laubide proiektua azaldu dute, “Ekobulebar”aren alternatiba gisa.

Koalizioaren egitasmo hau “legealdiaren hasieratik planteatzen ari gara ‘Ekobulebarraren’ obrak XIX. mendeko hirigintzari jarraitzen diola: ez du trafikoa kaleetatik ateratzen, espazio berde gero eta gutxiago dago, baita oinezkoentzat ere”.

Proiektu hau gauzatuz gero “datozen 30 urteetarako hipotekatuko dute Laubide bera. Laubide diogu toki horri hala deitu izan ziolako. Guk planteatzen dugu bertan bus geltoki bat egitea”.

Bus geltokia Laubide plazako zati batean egingo litzateke, zehazki, enparantzako berdegunea dagoen tokian. “Geltoki ahalik eta erosoena izango litzateke, markesina on batzuekin”. Bere izena Mondraupe izango litzake “esan baitigute garai batean inguru horri Mondraupe deitzen ziotela”.

Autobus geltokia bertan egoteak, horrek ahalbidetuko luke autobusak Garibaira sartu behar ez izatea, eta ondorioz Garibai osorik peatonalizatzea.

Horrek positibiltatuko luke baita ere Iturbide egoitza ondoan adineko pertsonentzat lorategi bat egitea. “Egoitzaren eraikinaren ondoan jarriko litzateke, leku duin bat izango lukete, orain ez dutena”.

Garibai osorik peatonalizatuko litzateke, hau da, Jose Maria Arizmendiarrieta plaza pareko zebrabidetik Maalako biribileraino. Bertan oinezkoentzat eta bizikletentzat soilik izango liratekeen bideak egongo lirateke. “Motordun ibilgailua sartu ahalko lukete soilik Garibai eta inguruan parkinga dutenek”.

Arrasaten egunean “400-500 autobus joan-etorri izaten dira, goizean goizetik gauera arte. Nafarroa etorbideak trafiko hori jasaten du, eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea asko jaitsi da, autobusen ibilbide aldaketaren ondorioz”.

EH Bilduren proiektuak planteatzen du Nafarroa etorbidea trafikoarentzat “norantza bakarrekoa izatea, San Andreserako norabidekoa. Beraz, kotxeek, autobusek,… Mankomunitateko biribiletik (Mataderoko biribiletik) Kontzeziño aurreko biribileraino errei bat izango lukete”.

Trafikoa beste norabidean (Musakolarntzat) ere joan ahal izateko, kotxeak, autobusak,… “Zerrajera kaletik bideratuko litzateke, eta kale hau norabidea bakarrekoa litzateke. Ondorioz, bertako trafiko kopurua murriztuz”.

Trafiko horrek desenbokatuko luke “Caixako etxeen ondoan, hain zuzen, Mankomunitateko biribilean”.
Horrek ekarriko luke Zerrajera kalean eta Nafarroa etorbidean oinezkoentzat eta bizikletentzako espazio gehiago izatea. “Baita autobusen joan-etorriak ez kontzentratzea Nafarroa etorbidean ere, oreka bat egon dadin”.

“Ulertzen dugu Zerrajera kaleko bizilagunentzat eragozpen bat izatea bertatik autobusak igarotzea, baina egia da ere bertan errei bat bakarra egongo litzatekeela, eta trafikoa banatu beharra dagoela”.

Horrek ahalbidetuko luke “Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxera Arrasateko Erdialdetik joango diren haurrek errepide bat soilik gurutzatu beharko luketela, Nafarroa etorbidean”.

Testuinguru horretan ere EH Bilduk proposatzen du Zaldibar gunean “hobekuntzak egitea, adibidez berdegune gehiago jarriz. Biteri etorbide ia osoa ere oinezkoentzat izango litzateke, ‘gasolinera’tik Hotel Mondragon ondoko bidegurutzeraino”.

Aipatu behar da “inguru horretan garajea dutenek bertatik kotxea erabili ahalko luketela, garajeetan sartzeko edo irteteko”.

Udal-gobernuaren proiektuak “biribilbigune erraldoi batean bihurtzen du Roneoko etxeen ingurua. Izan ere, autobusak inguru horretan bueltaka ibiliko dira, Garibai-Biteri-Nafarroa etorbidean”.

Nafarroa etorbideko eta Zerrajera kaleko aldaketa hauek “ez lukete kostu ekonomiko handirik izango, eta Udal-brigadak egingo lituzke”.

Zuhaitzei dagokienez, Udalaren egitasmoak aurreikusten du “Nafarroa etorbidean zuhaitz gehiago botatzea. Villa Amparon ez ezik, Araba etorbidean ere hala egin zuten abuztuan”.

EH Bilduk egitasmo hau diseinatu du “Arrasateko Mugikortasun Plan Integralari jarraituta, oinezkoendako esparruak lortuz. Gure helburua da etorkizunean, Erdialdeko trafikoa murrizteko, trafikoa saihesbidetik ere bideratzea. Ez da lehen aldia izango Arrasaten: Olandixoko tuneleko saihesbidea horren adibide da”.

Kontuan hartzekoa da “TAO sistema 2021ean jarriko dela, eta honek kotxeen fluxua mugatuko du. Kotxeak gehiegitan erabili ordez, kotxeen erabilera arrazionalizatzeko”. EH Bilduren egitasmoa “oinarrizko planteamendu bat da”.

Aitor Zubiaga zinegotziak azaldu duenez, “Europar Batasunetik datozen diru laguntzen gako nagusia da trantsizio energetikoa edo iraunkortasuna. ‘Ekobulebar’ deitzea porlana botatzeari gehiegizkoa da”.

Maider Morras ziengotziak adierazi du “gure proiektuarekin herriak izugarrizko oxigenoa hartzen duela. Pertsonei begirako Hirigintza bat behar dugu”.

Laubide egitasmoarekin “Arrasateko herriguneko bidegorri sarea osatuko litzateke. Garibaik, Nafarroa etorbideak eta Zerrajera kaleak bidegorri bana izango lukete”. Oro har, Arrasaten zenbait bide izango lituzke:

  • “Vía verde” delakoa: Garaia Parke Teknologikoa – Erguingo atzealdea – Monterron parkea – Gernika zumardia – Musakola kiroldegia lotuko lituzkeena.
  • “Vasco-navarro” deiturikoa: Araba etorbidea – Zerrajera kalea – Zalduspe – Ziorlako San Isidro. “Aktuazio txiki batzuk egitea falta zaizkio amaitu egoteko”.
  • “Urbanoa” deitutakoa: Garibai – Biteri – Nafarroa etorbidea – Ospitale ingurua lotuko lituzkeena, besteak beste, “elkargune ugari izan ditzakeelako”.
  • “Azkarra” deitutakoa: adibidez Mondragon Unibertsitatearen atzealdeatik (hau da Loramendi kaletik) igaroko litzateke.

Aitor Zubiaga zinegotziaren hitzetan “200 metro bidegorriak egitea ez du arazoa konpontzen, elkarren artean deskonektaturik badaude, bidegorria funtzionala izan behar duelako”.

Arrasateko EH Bilduk azaldu du orain dela bi aste “Udal-gobernuari proposatu genion ‘Ekobulebarra’ren proiektua eta kontratua ez suntsitzea, baizik eta ‘Ekobulebarra’ren inguruko moratoria bat eskatzea, egitasmoa berplanteatzeko”.

Obrak, baina, “astelehen honetan hasi ziren, bat-batean, nahiz eta obren hasiera 2021eko hasieran hastea iragarria zuen Udalak”.

Herenegun Udal-gobernuari “adierazi genion alternatiba bat genuela, eta bilera bat eurekin egitea proiektua azaltzeko. Baina ezetz erantzun dute, honezkero berandu delako, obrak hasiak baitira, baina teknikoki oraindik posible da, moratoria bat eskatuz”. Aipatu behar da egitasmo hau Udal-hauteskundeetan ere aurkeztu zuela koalizioak.

EH Bilduko Fernando Okina zinegotziak aztertu ditu “beste udalerri batzuetako, Gasteizko, Parisko,… funtzionamenduak”.

Koalizioak bilera egin zuen atzo “Roneoko etxeetako bizilagunekin, gaur Nafarroa etorbidekoekin egingo dugu, eta ostalariekin ere egingo dugu. Herritarrei azaltzen gabiltza ahal den neurrian”. Aurrera begira “gu gai honen gainean izango gara, birplanteamendua lortu arte”.

Koalizioaren hitzetan, “gura dugu herriak ere bere iritzia azaltzea, ‘Ekobulebarraz’, gure alternatibaz, gaiaz,… duen iritzia. Horretarako eurekin bilerak egin behar dira. Grupo San Joanekoak haserratu ziren, eta Roneokoak gaur bilera egitekoak dira”.

Laubide egitasmoa “ez da PNVren aurkako egitasmoa, guk nahi dugu herriarentzat onena, alderdikeriarik gabe, pertsonak lehenbizikoak izanda”.

Baina Udal-gobernuaren proiektuaren eragozpen batzuk aipatu dituzte: “Markesina bat eta edukiontzi batzuk Loramendi Kirolen parean jarri asmo dituzte. Bertan ere autobusak egongo lirateke Roneoko etxe batzuetako lehen pisutik metro batera”.

Handik gertu, “Udalak Hotel Mondragoneko terraza desjabetuko du. Gure proiektuak ez luke halakorik egingo”.

Bus-geltokia “eraikin potente bat litzateke, baina Bergarako bus-geltokia esaterako ez du eraikinik baina oso praktikoa da. Zergatik ezin du Arrasatek horrelako zerbait eduki?”.

Bus-geltokia “herri erdi-erdian legoke baina autobusen joan-etorriek ez lukete erdialdea kaltetuko”. EH Bilduk Zalduspe leku egokitzat zuen geltokia egiteko, “bertan etxebizitzarik ez dagoelako, baina pena bat da, lur horiek jada salduta daudelako. Kokapenaren inguruan debatitu daiteke, baina kontua da trafikoa Erdialdetik ateratzea”.

Koalizioak adierazi du neurri eraginkorrak hartzeko “batzuetan nahikoa dela lau bolardo jartzea, ‘gasolinera’ eta Maalako biribilaren arteko errepide zatiak frogatzen duen bezala”.

laubide.eus

3 IRUZKIN

  1. Erreiak kentzearena eta garibai osoa peatonalizatzea ez da logikoa, ze bestela roneoko eta Grupo Sanjuaneko bizilagunak San Andres aldetik etorri eta kotxea garajean sartzeko kriston buelta eman beharko da Zerrajera eta Hospital aldetik. Edo zigarrola aldetik datorrenak eta Zerrajerako edo Consumerreko parking-Ean autoa aparkatzeko kriston buelta eman beharko du beste aldetik. Horrek ekarriko du kotxe pila bat bueltaka ibiltzea kutsadura handituz. Eta autobus geltokia nire ustez orain dagoen lekuan ondo dago, ez du aldaketen beharrik.

  2. …eta Gipuzkoa etorbidea? Espero trafikorako bi erraiak mantendu, bidegorria sartu eta san andresen antzera, oinezkoen, bizikleta eta kotxeen arteko kombibentzia eta armonia bermatzea… Inor pribilegiatu eta kaltetu gabe! Oraindik ez dugu honen inguruan proposamenik entzun.

    • Guztiz ados nago zurekin, eta ez aurrekoan bezela, Musakolara eta Makatzenara joateko hainbeste buelta eman behar eta esaten duzunez, armonia bermatzea,
      eta 30eko abiaduran, noski.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen