EH Bilduk “udal gobernuaren gestio desastreagatik” gaurko plenoa ez egitea eskatu du

3
1009

“Plenoaren suspentsioa eskatzen dugu, lehenik eta behin, ez zaigulako zinegotzi guztioi deialdia garaiz bidali eta, bestetik, egun batetik bestera 56 orriko dokumentazioa ezin delako ganoraz aztertu eta landu bilkuran eztabaidatzeko”.

Beheko testua: Arrasateko EH Bilduren udal-taldea

Arrasateko Udaleko EH BILDUko zinegotziok otsailaren 4 honetarako deitua dagoen
Udalbatzarra bertan behera uzteko eskatu dugu.

Plenoaren suspentsioa eskatzen dugu, lehenik eta behin, ez zaigulako zinegotzi guztioi deialdi garaiz bidali eta, bestetik, egun batetik bestera 56 orriko dokumentazioa ezin delako ganoraz aztertu eta landu bilkuran eztabaidatzeko. Legeak dioenez, bilkurarako deialdia zinegotzi guztiek jaso behar dugu bi lan egun baino lehenago. Ez dugu jaso, teknikariak ez zielako deialdia zinegotzi guztiei bidali, baina gertatutakoaren erantzukizuna alkatearena da zuzenki. Udal erreglamenduko 61. artikuluak argi esaten du alkatearen ardura dela Udalbatzaren deialdi egitea gai zerrendarekin batera eta udal webgunean bertan ere esaten da Maria Ubarretxenaren ardura dela Udaleko organoak koordinatzea.

Hala, legearen aurrean, gaur ospatu beharko litzatekeen plenoko erabaki guztiak ezdeusak edo nuloak izango lirateke. Gure ustez, alkateak berak suspenditu beharko luke bilkura, eta ofizioz atzeratu, baina, egoeraren berri izan arren, ez duenez ezer adierazi, gure obligazioa da legea betetzea eta betearaztea.

Ez da lehenengo aldia izango epeak ez betetzeagatik hainbat gai edo mozio bilkuraren gai-ordenean sartu gabe geratu direna. Urrutira joan gabe, pasa den urtarrilaren 29an egindako bozeramaileen batzordean, gure hautetsi taldeak ustelkeriaren kontrako mozio bat gehitu nahi izan genuen gaurko bilkurarako, baina alkateak epez kanpo geundela jakinarazi zion gure bozeramaile Maider Morrasi eta, horrenbestez, Udalbatzaren hurrengo bilkurarako uztea onartu genuen.

Legealdia hasiz geroztik, udal gobernuaren kudeaketa traketsa izugarrizko kaltea ari zaigu sortzen hautetsi gisa, besteak beste, deialdiak edota dokumentuak jasotzeko datetan eta, oro har, edozein informazio jasotzerako orduan.

Abenduko bilkurarako, adibidez, ez zitzaigun bidali aurreko bilkuratik alkateak hartuak zituen erabakien berri. Bilkura guztien azkenengo puntua izaten da hori baina badira hiru hilabete ez dugula ezelako informaziorik horren inguruan. Gogoratu beharra daukagu legeak udal gobernuaren gestioari jarraipena eta kontrola egitera behartzen gaituela oposizioko talde gida eta informazioa garaiz eta gardentasunez jaso ezean nekez bete ahal dugu zeregin hori, ez eta alkatearen erabakiek kaltetu ditzaketen herritarrei lagundu ere.

Oso larria da Udalaren kudeaketarekin gertatzen ari dena eta gaur bezala, udalbatzarra bertan behera utzi behar izatea (noiz eta udal langileen soldata edota auzo alkateen izendapena bezalako gai garrantzitsuak aztertu behar genituenean) alkatearen ardura da zuzenean. Ezin zaie teknikariei ardura hori egotzi, politikariak baikara erantzule nagusiak.

3 IRUZKIN

  1. 40.000 euro kobratzen duen liberatu batek ezin du 56 orriko txosten bat irakurri? Ezin dute ganoraz landu eta aztertu? Hemen jendea harrotu egiten da lotsatu beharko litzaieken gauzekin….

  2. Diru kontuei erreparatuz gero adi ibili Arrasateko alkatesak kobratzen duenarekin! 67.500 euroren truke legeak eskatzen dituen epeak betetzea ez da asko eskatzea ba!
    Ondo izan

Utzi erantzuna Erramun(r)i Erantzuna bertan behera

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen