EH Bilduk hainbat proposamen egin dizkio Udal Gobernuari Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko

0
1688

Osasun-larrialdi egoeran hilabete luze daramagularik, sortutako krisia uzten ari den ondorio sozialak eta ekonomikoak ikusita, Arrasateko EH Bilduk jarraian datozen neurriak berandu gabe hartzeko eskaera egiten dio Arrasateko alkate Maria Ubarretxenari.

Testua: Arrasateko EH Bildu.

Osasun-larrialdi egoeran hilabete luze daramagularik, sortutako krisia uzten ari den ondorio sozialak eta ekonomikoak ikusita, Arrasateko EH Bilduk jarraian datozen neurriak berandu gabe hartzeko eskaera egiten dio Arrasateko alkate Maria Ubarretxenari:

Krisi Mahaia eratu. Martxoaren 13an egin bezala, COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioei aurre egiteko Krisi Mahaia eratzeko eskaera berresten dugu, hilabete luze eta gogor baten ostean, oraindik garaiz gabiltzalako egoerari herriko hainbat sektore sozial eta ekonomikoekin lankidetzan modu antolatu, koordinatu eta eraginkorrean erantzuteko.

– Herriaren erradiografia zehatza osatu. COVID-19a zein bere ondorioak herrian uzten ari diren egoeraren datu zehatzak izatea ezinbesteko baldintza da ondorioei egoki aurre egin ahal izateko eta Udala da informazio hori guztia batu dezakeena. Bai, osasunaren ikuspegitik (zenbat kutsatu dauden, zer egoeratan dauden, Iturbide egoitzako egoiliarrek zer nolako eboluzioa daukaten, egunean zenbat test egiten diren eta zer irizpideren arabera…) bai, ikuspegi sozio-ekonomikotik (zenbat enpresa ari diren lanean eta zenbat itxita, zenbat lagun geratu den lanik gabe edo ERTE egoeran horren ondorioz… ).

– Herritarrak informatu. Ulergarria ez ezik bidezkoa ere iruditzen zaigu herritarrek egoerari buruzko informazioa jaso gura izatea eta Udalak behar horri erantzun behar dio herritarrak sistematikoki informatuta izateko kanalak zabaltuz.

– Dolu laguntza eskaini. Osasun larrialdi egoeran zehar hildako guztien (ez soilik COVID-19aren ondorioz) gertukoei dolu laguntza eta babesa eskaini une latz hauek ahalik eta ondoen eraman ahal izateko.

– Boluntarioen koordinazioa ahalbidetu. Gurutze Gorria, Gizarte Zerbitzuak eta Zaintza Sare Herritarraren arteko benetako elkarlana ahalbidetu behar da, mahai tekniko formal bat osatuz, informazioa trukatuz eta elkarrekin lan egiteko sistema eraikiz.

– Ikuskaritza plan bat martxan jarri: Osalanekin batera, Udalak lan presentziala egiten ari diren lantoki eta udal zerbitzuetan COVID-19aren ondorioz sortutako lan arriskuak kudeatzeko prebentzio eta kontingentzia neurriak hartzen ari direla ziurtatatu behar du. Udalarentzat diharduten zerbitzuetan, segurtasunez aritzeko ekipamenduak zein test azkarrak bermatu ditzala ere exijitzen dugu.

– Informazio, aholkularitza eta laguntza bulego bat ireki: BAZeko telefonoaz harago, jarduera etetearen ondorioz galerak izan eta izango dituzten sektoreei begira (dendari, ostalari, nekazari, enpresa txiki, elkarte…) kaltetuak zuzenean eta ezagutzaz artatzea da helburua.

– Dirulaguntza zuzenak eman ehun ekonomikoari: Dirulaguntza lerro bat sortzea proposatzen dugu jarduera etetearen ondorioz galerak izan eta izango dituzten sektoreei (dendari, ostalari, nekazari, enpresa txiki…) jarduera eten duten hilabete bakoitzeko 500€ko diru-laguntza zuzenak emateko.

– Komertzio txikia sustatu: Elikagaien erosketa tokiko komertzio txikietan eta azokan egitea sustatzeko kanpaina egitea. Horrekin batera, beharrezkoa da komertzio guztietan babes neurriak hartzen direla bermatzea eta hutsunea dagoen kasuetan EPIak banatzea. Edota baserritarren azoka segurtasun neurri guztiak hartuta egiten dela bermatzea eta baserritar eta nekazarien lana eta esfortzua bistaratzea.

– Gizarte Larrialdietarako Laguntzak malgutu eta gehitu: Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko gehienezko zenbatekoak igo ditzala eta hauek jasotzeko baldintzak malgutu edo/eta ezabatu ditzala, etxebizitzan alokairua edo hipoteka mailegua zein gasa, argindarra edota telefono zerbitzua ordaintzen laguntzeko.

– Etxibizitza arriskuan dutenen batu-basea: Egoeraren ondorioz, ERTE bat jasan, jardun ekonomikoa eten edo langabezian geratu direlako etxebizitzaren alokairua edo hipoteka ordaintzerik ez duten herritarren datu-basea osatu dezala, kaleratzeak saihesteko eta alokairu kontratuak automatikoki luzatzea eskatzeko.

– Hotelak larrialdiaren zerbitzura jartzeko gestioak egin: Duela aste bi proposatu genuenez, Arrasateko hotelak COVID-19aren ondorioei aurre egiteko baliatzeko gestioak egin ditzala, urgenteena izan daiteken erabilera emateko: gaixorik edota konfinamenduan egon behar dutenak bertan egoteko, Iturbideko langileak egoteko…

– Haur eta nerabeen ongizatea bermatu: Konfinamendu egoeraren ondorioz sor dakizkiekeen beharrei, kezkei eta arazoi erantzuna emateko eta haien eskubideak errespetatzen direla bermatzeko, Telefono zerbitzu bat martxan jartzea eskatzen dugu, Jaurlaritzaren “Zeuk esan” zerbitzutik haratago. Baita etenda dauden Haur eta nerabeen heziketarako Udal zerbitzuak berraktibatzea ere. Bertako langileak ardura daitezke haur eta nerabeentzako telefono zerbitzua eskaintzeaz ere.

– Udal web gunean kultur eta aisialdi eskaintzak egin: Udal web gunetik askotariko aisialdi eskaintza eskaini dezakete etenda dauden kontratu horietako hezitzaile eta teknikoek ere. Kiroldegiko teknikariek, kale hezitzaileek, Gazte txoko eta ludotekakoek… Lan postu horiek mantendu eta, bide batez, herritarrei etxealdia goxotzeko aukera emango genizkieke. Udal Bibliotekaren, Kultura Sailaren edota Emakume Txokoaren eskaintzak bizirik mantentzeko ere balia dezake.

– Elikadura bermatu: Eskolako jantokian bazkaltzen duten haur eta nerabeen erradiografia egin. Norbait oinarrizko elikadura bermatu gabe dagoen jakiteko eta hala balitz egunero elikadura bermatzeko bidea landu.

– Etxetik ikasteko baliabideak bermatu: Arrasateko ikastetxeetan ikasten duten haur eta nerabe guztiei ikasketak etxetik jarraitu ahal izateko baliabide teknologikoak (internet konexioa, ordenagailua…) bermatu behar dizkiegu, ikastetxeekin harremanetan jarriz eta etxeetan dauden gabezia horiek helaraziz. Izarkom-ekin eskura daiteke konexioa merke, informatika enpresekin tratuan ordenagailuak…

– Elikagai bankua martxan jarri: Gurutze Gorriaren lan boluntarioa ez da iristen bankuaren erabiltzaile guztiengana, eta haren ohiko erabiltzaile guztiekinharremanetan jartzea ezinbestekoa da, euren egoeraren berri jasotzeko eta oinarrizko beharrak bermatzeko, arestian aipatutako diru-laguntzak eskainiz, besteak beste.

– Preso dauden arrasatearrak etxeratzeko eskatu: Espetxe politikaren berezko bidegabekeriaz aparte, konfinamendu egoerak euskal preso politikoei neurri bidegabe gehiago ezartzea ekarri du eta, hori gutxi ez eta, espetxe gehienak ez daude prest osasun krisi honi aurre egiteko. Hori horrela, gure preso politikoak etxera ekar ditzatela eskatu behar dugu, erakunde internazionalek ere esan duten bezala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen