EH Bilduko alkateek lan bilera egin zuten atzo goizean, larunbatean, urriaren 18an, Arrasaten, eta erabaki garrantzitsu bat iragarri zuten: gobernatzen dituzten udal eta entitateetan Israelekin harremanak eteteko konpromisoa hartu dutela.
«EH Bilduk ez du ekidistantziaz jokatu, eta ez du etorkizunean jokatuko. Israelekin harremanak etetea da Palestinako herria babesteko biderik eraginkorrena», adierazi zuen Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, palestinar jatorrikoa bera, erabakiaren berri ematean.
EH Bilduko alkateek lan bilera egin zuten, atzo goizean, Arrasaten. Besteak beste, Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioaren inguruan konpromisoa hartu zuten: EH Bilduk gobernatzen dituen udal eta entitateetan Israelekin harremanak etetea.
Nadia Nemeh:
“EH Bilduko hamarnaka alkate elkartu gara, gaur, Arrasaten, gure eguneroko lana partekatzeko, pilatu dugun ezagutza partekatzeko eta aurrera begira ikusten ditugun erronkak detektatu eta haiei irtenbideak nola eman adosteko. Esan beharrik ez dago ezegonkortasunak markatutako garaietan bizi garela, eta horrek eragina daukala gure herritarrengan. Ezegonkortasun giroa dago Euskal Herrian, baina baita munduan ere. Faxismoa, autoritarismoa eta gerra hotsak nagusi diren honetan, euskal herritarrok ere zeresana izan behar dugu, eta alkate garen heinean, guk ere ekimena hartu eta ahotsa altxa behar dugula argi dugu. Palestinako herria bizitzen ari den egoera horren adibide garbia da.
Euskal Herria eta Palestina historikoki adiskideak izan garen bi herri gara. Herri zapalduak gara; oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen zaizkigun bi herri gara. Horregatik, gure herrien arteko elkartasuna duela zenbait hamarkada hasi zen.
Palestina duela hamarkadak bizitzen ari den egoera onartezina da. Lurraldearen zati baten okupazioa bizitzen ari dira, presio miliar itogarria, apartheid egoera, eskubide zibil eta politikoen ukapena… Azken hilabeteetan gertatzen ari dena are onartezinagoa izaten ari da. Zuzenean, gure begien aurrean, genozidio bat gertatzen ari da. Eta nazioarteko komunitatea eta legedia ez dira gai izan genozidioa ekiditeko.
Mundu mailan Palestinaren aldeko elkartasun olatu bat altxatu da. Zentzu horretan, Euskal Herria eredu eta abangoardia izan da munduan. EH Bilduk, euskal gizartearen aldarriekiko eta bere balioekiko koherentzian, bai instituzioetan eta bai kaleetan norabide horretan egin du lan. Azken finean, Palestinaren borroka justizia unibertsalaren aldeko borroka da eta genozidioaren aurkako borroka giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka. EH Bildu hor egon da eta hor egoten jarraituko du.
Palestinatik albiste baikorrak iritsi dira azken egunotan. Su etena indarrean sartu bada ere, zuhurtziaz begiratu behar diogu errealitateari eta etorkizunari. Ongi etorria ematen diogu akordioari. Hala ere, ez dakigu Israelek zein jarrera hartuko duen eta akordioa betetzeko borondaterik duen edo ez. Nazioarteko komunitateari dagokio orain akordioa betetzeko behar beste berme eskaintzea.
Genozidioak bere horretan dirau, eta hori ezin dugu inolaz ere ahaztu. Eguneroko errealitatea ez da aldatu: milaka hildako eta zauritu, ehun milaka desplazatu, eskola, ospitaleak, unibertsitateak suntsituta, lurraldearen gehiengoa erauzita, gosetea eta gaixotasunak, lehen mailako zerbitzuen gabezia, laguntza humanitarioaren beharra eta ukapena… Egoera horiekin behin betiko amaitu arte, genozidio baten aurrean egongo gara. Eta ez dugu soilik guk esaten, NBEko nazioarteko batzorde independenteak baieztatu du.
EH Bilduk eta EH Bilduko alkateok argi dugu: orain, inoiz baino gehiago, elkartasuna ehuntzen jarraitu behar dugu. Palestina babestu behar dugu, Palestina entzun behar dugu eta gure esku dagoen hori egitea dagokigu Palestina berreraikitzen eta biziberritzen lagundu eta Israel isolatzeko. Ezin gara besoak gurutzaturik geratu, Palestinan gertatu denaren erantzuleak epaituak izan arte ez da justiziarik izango. Honegatik guztiagatik, konpromisoak hartzeko unea da.
Horregatik, atzo, EH Bilduk erabaki baten berri eman nahi izan zuen. EH Bilduk uste du Israelekin harremanak etetea dela egun Palestina babesteko biderik eraginkorrena. Israelekin harreman ekonomiko, komertzial, diplomatiko eta politikoak eten behar dira genozidioak dirauen bitartean, Israel bera isolatu ahal izateko.
Honek eragin zuzena du EH Bilduk gobernatzen dituen udal eta entitateetan. Horrenbestez, gobernatzen ditugun udal eta entitateetan Israelekin harremanak eteteko erabakia hartzen dugu. Modu horretara, gure esku dagoen guztia egingo dugu: gaurdanik hasiko gara administrazio horiek Israelekin dituzten harreman eta loturak aztertuz, eta dagozkion urratsak emanez, erabaki hau ahalik eta gehien inplementatu dadin.
EH Bilduk ez du ekidistantziaz jokatu eta ez du ekidistantziaz jokatuko. Orain arte egin bezala, elkartasuna eta babesa adierazten eta ordezkaritza duen instituzioetan Palestinaren alde lan egiten jarraituko dugu. Atzo aurkeztutako erabakia hor kokatzen dugu”.






