EH Bilduk garraio publiko eraginkorragoa eskatu du

0
2262

EH Bilduk garraio publikoaren egoera hobetu nahi du Debagoienean, eta horretarako hainbat proposamen aurkeztu ditu, bai herrien arteko konexioetan, bai hiriburuetarako loturetan. Koalizioak adierazi duenez, gaur egungo autobus zerbitzua “eskasa” da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenpean dagoen Lurraldebuseko kontratua berritzeko garaia dela azpimarratu dute.

EH Bilduren proposamenen artean, honako hauek daude: herrien arteko autobusak 15 minutuko maiztasunarekin jartzea, Oñati, Bergara eta Arrasate artean konexio zuzenak ezartzea, eta autobus arteko transbordoak hobeto antolatzea. Halaber, autobusen mantenua bermatzea eta Elorregi (Sanpru) eta Epelego biribilgunearen artean autobusentzako bide propioa egitea proposatu dute.

Hiriburuetako konexioei dagokienez, Arrasatetik Gasteizera joan-etorriko frekuentzia areagotzea eta Aretxabaleta zein Eskoriatzatik Gasteizera eta Donostiara lotura gehiago ezartzea eskatzen dute.

Debagoieneko udalerri txikiagoentzako neurriak ere proposatu dituzte, hala nola Elgetako, Leintz Gatzagako edo Antzuolako konexioak handitzea eta gaueko autobus zerbitzuak asteburuetan eskaintzea.

EH Bilduk, gainera, azpimarratu du beharrezkoa dela Aldundiak lizitazio berria lehenbailehen martxan jartzea, zerbitzua hobetu eta baliabide gehiago jartzeko. Azaldu dutenez, Debagoieneko alkateek eta Mankomunitateak “ahal den guztia egiten ari dira Aldundiak behar diren hobekuntzak egin ditzan”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen