EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek Jarraipen mahai bat sortzeko eskatu diote alkateari

0
800

Beheko testua: EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate

Koronabirusak eragindako larrialdi egoeraren aurrean, EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate udal taldeek honako neurriak urgentziaz hartzeko eskatzen diogu Arrasateko alkate den Maria Ubarretxenari:

  • Jarraipen mahai bat eratu dezala (ohartzen gara Mahai horrek, koronabirusaren zabalkundea saihesteko eman diren osasun-jarraibideetako bat bilerak saihestea izanik, bitarteko telematikoen bidez edota azpitaldetan funtzionatu beharko duela neurri handi batean), larrialdi egoeraren ondorioz herritarren artean sortzen ari diren behar eta arazoei garaiz eta inplikatutako agenteekin koordinatuta erantzun ahal izateko.
    Mahai horrek gutxieneko osaketa hau izatea proposatzen dugu: Alkatea, Babes zibileko arduraduna, Udaltzainburua, Ongizate eta Gizarte zerbitzuetako burua, Berdintasun saileko burua, Osasun zerbitzuetako ordezkaria, sindikatuak, Alderdi politiko guztietako ordezkariak eta antolatu den Zaintza sare herritarraren ordezkariak.
  • Bando bat kaleratu dezala, herritarrei hartu beharreko gutxieneko neurriak azalduz eta
    erantzukizunez jokatzeko eskatuz.
  • Arrisku handiena duten edo premia bereziak dituzten herritarren zaintza beharrei erantzuteko sortu den boluntario sare horrekin koordinazio estuan aritzea, jada lanean ari diren herritarrekin elkarlanean, herritarrekiko harremanetan bitartekotza eginez (herritarren beharrei erantzuna koordinatu, bolondres sarea koordinatu…) eta boluntarioen eskura baliabide eta bitarteko materialak jarriz (eskularruak, maskarillak, gelak).
    Sare horrek dagoeneko bi zerbitzu jarri ditu martxan:
    • Elikagai eta medikamentuen erosketa: adinduentzat, bakarrik bizi direnentzat, gaixotasun kronikoak dituztenentzat edo beraien egoerak etxetik irteten uzten ez dien pertsonentzat.
    • Haurren zaintza eta/edo eskolako lanak: osasungintzan edo zaintza eremuan lan egiten duten herritarrentzat, haurren zaintza beraien enpleguarekin bateraezina denentzat edo haurren eskolako lanak bideratzen laguntza behar dutenentzat.
  • Telefono bat jar dezala herritarren eskura, zalantzak argitzeko zein bizi ditzaketen egoera larriei erantzun ahal izateko.
  • Etxean koarentenan dauden norbanako eta familia guztiei argindar eta ur horniduran etenik izango ez dutela ziurtatzea.
  • Udal bitarteko guztiak erabiltzea, alkatearen mediazioa tartean, etxegabetzeak geldiarazteko, denboraldi honen baitan emango balira. Bai hipoteka, alokairu, zor egoera edo dena delakoetan.
  • Gizarte Zerbitzuetatik diruz laguntzea oinarrizko horniduretako erosketak.
  • Gizarte Zerbitzuetatik kontaktuan jartzea (badago erregistroa eginda enpresa baten bitartez) etxean bakarrik (edo antzeko adineko bikotearekin) bizi diren pertsona nagusiekin zein ezindu-mendekotasun egoeran daudenekin, izan ditzaketen beharretan laguntzeko, boluntario sarearen berri emateko edo egoera errazago eraman dezaten erraztasunak emateko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen