EH Bilduk Debagoienerako eskualde proiektu estrategikoa aurkeztu du

0
458

Testua eta argazkiak: Debagoieneko EH Bildu.

Bergarako Seminarixoan aurkeztu du gaur Debagoieneko EH Bilduk eskualderako proiektu estrategikoa. Hiru lan lerro nagusitan banatu dute egitasmoa: ongizatea, trantsizio ekosoziala eta sozioekonomia.

“Euskal gizarteak erronka kolosalak ditu parez pare, inguratzen gaituen errealitatea asko aldatuko da datozen hamarkadetan, eta horri erantzuteko prest egon behar dugu. Larrialdi klimatikoak, aldaketa demografikoek, zaurgarritasunaren areagotzeak, gorabehera ekonomikoek… neurri estrukturalak eskatzen dituzte. Politika ausartak behar dira, anbiziotsuak baina errealistak” adierazi dute Izaro Elortza, Oñatiko alkateak, eta Haize Kortabarria, Debagoieneko EH Bilduren herrigintza arduradunak. Horretarako, EH Bilduk gobernantzan duen esperientzia aldarrikatu dute.

Eredu publiko-komunitariorantz

Aipatutako erronkei erantzuteko elkarlanaren eredua aldarrikatu dute koalizioko ordezkari politikoek. “Inoiz baino garrantzitsuagoa da herri agenda bat diseinatzea. Hau da, erronka hauei ezin die soilik administrazio publikoak erantzun. Ezinbestekoa da elkarlanaren kulturan sakontzea, desberdinen arteko akordioetan. Herri sektore zabalak elkarlanean jarriko dituzten adostasunak eraiki behar ditugu, bide-orri partekatuak eraikitzeko”.

Horretarako Debagoiena eredu dela aipatu dute. “Eskualde honetako jendarteak gaitasuna erakutsi du garai historiko bakoitzean erantzun berritzaileak emateko unean uneko beharrei, balio komunitarioak guztiz errotuta daude, eta herri ekimen handia dagoela ikus daiteke gaur egun martxan daude askotariko dinamika sozial, kultural zein ekonomikoetan”.

Hiru ardatzetako ekintza plana

Ongizatean, trantsizio ekosozialean eta sozioekonomia ardatzetan banatu dute ekintza plana.

  • Ongizaterako erronka handiak nabarmendu dituzte Nagore Ipiñak eta Nerea Zubiak. “Bizi proiektu duinak eraikitzeko baldintzak eskaini behar dituzte erakunde publikoek, pobreziari eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko neurriak hartu, eta baita ere aldaketa demografikoek ekarri diguten errealitate berriaren aurrean gure zaintza-sistema eta zerbitzuak egokitzea” adierazi dute. Horretarako, honako hauek dira arlo honetan martxan jarri nahi dituzten proposamenak:
    • Eskualdeko harrera herrien sarea eratzea.
    • Zaintza lanak egiten dituzten langileen antolakuntzarako egitura sustatzeko
    • Etxebizitzaren problematikari aurre egiteko neurriak hartzea.
  • Trantsizio ekosozialaren arloa ere lehentasunezkotzat jo dute Garazi Etxeberriak eta Nestor Aranak. “Lehentasunezkoa da erregai fosilekiko dependentzia murriztea eta natur-baliabideen erabilera arduratsuago baterantz joatea, eta horretan, Euskal Herria egoera bereziki zaurgarrian dago. Lehenbailehen hasi behar dugu trantsizio ekosozialerako ibilbide orria diseinatzen”. Proposatzen dituzten egitasmoen artean daude:
    • Eskualde mailako mugikortasun plan estrategikoaren eraikuntza.
    • Energia sorkuntzarako aukeren ikerketa burutzea.
    • Eskualde mailako energia aholkularitza zerbitzua martxan jartzea.
    • Trantsizio ekosozialaren bidean adostasun zabalak lortzeko lan egitea.
  • Eremu sozioekonomikoan dugun erronka nagusiak aztertu dituzte Iosu Lizarralde eta Ibon Unzetabarrenetxea. Erronka nagusienen artean kokatu dute aldaketa demografikoek ezarri duten agertokiari erantzutea, haur da, langileak ordezkatzeko izango den zailtasunari erantzutea. “Industriari dagokionez, baldintza objektiboak daude eskualde aurreratua izateko, baina estrategia baten beharra dago”. Lehenengo sektoreari ere erreparatuta, tokiko ekoizpenean “ekimen interesgarriak” aipatuz. Honako proposamen hauek jaso dituzte:
    • Debagoieneko txikizkako negozioek dituzten beharrei erantzuna ematea eta oinordekotza bermatzea.
    • Debagoieneko elikadura sistema aztertzea eta agroekologiaren bidean indartzeko urrats berriak proposatzea.
    • Debagoieneko sare industrialeko konposizio eta konpetentzien argazkia burutzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen