EH Bildu: “Alde zaharreko bizilagun, komertzioentzat,… arauak malgutu behar dira”

0
1660
alde zaharra

Koalizioak proposatu ditu, besteak beste, zuntz optikoa jarri ahal izatea, jabeei diru bat aurreratzea etxe zaharrak berritzeko,… Izan ere, PER planeko “arauak betetzeagatik ezin dira komertzioak itxi, etxeak zaharkituta geratu,…”.

Arrasateko Herrigune Historikoa eta Arrabalak erabat birgaitzeko Plan Berezia (PERI izenekoa) berritzeko prozesua martxan dago.

Horrenbestez, legea aldatzea aurreikusten da, eta horren harira, EH Bilduk PERa aztertzeko talde bat sortu du koalizioaren inguruan, azterketa bat egiteko:

“6-7 pertsonako taldea izan da, batzuk hirigintzan adituak, beste batzuk arkitekturan, eta beste batzuk legedian. Hala, PERak gaur egun arte ekarritakoa aztertu du”.

Zehazki “gaur egun arte izandako arazoak, arazook konpontzeko proposamenak, eta zein aldaketa eskatu”.

Azterketa horretan oinarriturik “agiri bat osatu dugu, eta Udal-gobernuari aurkeztu diogu alegazio gisa”.

Gainera, EH Bilduk hainbat herritar eta merkatarirekin bilera bi egin ditu. “Ibai-Arteko merkatarien, bestelako merkatarien, ostalarien, bestelako zerbitzuak eman dituztenen eta hainbat bizilagunen ikuspuntuak jaso ditugu”.

Plan berezi honek 20 urte inguru ditu eta planak “aurreikusitako helburu batzuk bete dituen arren, adibidez Alde Zaharraren balio historikoa babestea, albo-kalte batzuk ere sortu ditu”.

Izan ere, PERa “batzuetan oso zurrun eta zorrotz bihurtu da, batez ere Alde Zaharreko bizilagunentzat, komertzianteentzat eta ostalarientzat”.

Horren aurrean, EH Bilduk proposatzen du ondare historikoaren “babes maila mantentzea, eta araudiaren interpretazioa malgutzea”. Horrela, azpimarratu dute “PERaren araudia malgutu behar dela”.

Hala, “herritarrari gauzak erraztu behar zaizkio, zaildu beharrean. Udalak saiatu behar du herritarrari beti baietz erantzuten”. Izan ere, “araua betetzeak ezin du behartu:

  • Dendak ixtera
  • Etxebizitzak zahar egotera

Izan ere, denda batzuek “ezin izan dituzte arauak bete, eta ondorioz itxi behar izan dute. Gainera, etxebizitza askori ez zaizkie berritze obrak egiteko lizentziak onartu, eta ondorioz etxeak zaharkituta geratu dira, irisgarritasun baldintzak bete barik”.

Holakoen ondorioz, “Alde Zaharra pobretu da, baita egungo kontsumo motaren ondorioz ere. Ohitura berri batzuek bertako komertzioa eta ostalaritza kolpatzen dituzte”.

Udalak etxe eta komertzio bakoitzaren fitxa bana dauka. “Fitxak azaltzen du PERa betetzeko zein baldintza bete behar dituen, eta gure proposamen bat da fitxa bakoitza berrikustea eta Udalak zehaztea etxe eta denda bakoitzari zein baldintza malgutu ahal zaion”.

“Baldintza desproportzionatuak malgutu behar dira, esaterako, ezin da denda bat behartu elbarrituendako komun bat egitea, eta aldi berean, dendaren kaleko ateak (goiko solairuetako leihoekin lerrokatuta egotera behartzen denez) zabalera nahikorik ez izatea bertatik elbarritu bat pasatzeko”.

EAJ-PNVek proposatu izan du Alai zinema ohiaren eraikinean etxebizitzak egitea. “Baina dagoeneko etxebizitza asko eraikitzekoak dira Arrasaten, eta hobesten dugu Alai zinema ohiaren eraikina Emakume Txokorako, Udal-artxibategirako, Udal-liburutegia handitzeko, Udaltzaingoaren egoitzarako,… erabiltzea”.

Gaur egun eraikin honek “jabetza pribatua izaten jarraitzen du, eta jabeak gura du Udalak lurzorua berkalifikatzea bertan etxeak egiteko”.

Gainera, “kontuan hartu behar da etxebizitza huts asko daudela Alde Zaharrean bertan. Balia ditzagun egungo baliabideak, adibidez etxebizitzak zaharberritzen”.

EAJ-PNVek ere proposatu du Alde Zaharrean garajeak egitea. “Gu horren aurka gaude, ibilgailuen joan-etorriak gehituko lituzkeelako Alde Zaharrean. Gune honen gauza oneneratiko bat da oinezkoentzat dela, edo behintzat halakoa behar lukeela”.

EH Bildu hainbat bizilagunekin bilerak egin ditu, eta bertako herritarrak kexu dira “karga eta deskargarako arauak zorrotzak direlako. Erosketak etxeratzea eta adineko pertsonak garraiatzea errazteko aukerak berrikusi beharko lirateke, adibidez piboteei dagokienean”.

Hainbat herritarrek etxepean garajea izan nahi dute, baina “alternatiba bat da egunero ia hutsik dagoen Roneoko etxeen azpiko parkinga baliatzea. Horrek Alde Zaharreko bizilagunek dituzten desabantailak orekatzeko balioko luke, neurri batean behintzat”.

“Gasteizko edo Donostiako alde zaharretan garajeak egitea zorakeria bat litzateke, eta gura dugun etorkizunaren kontrako norabidean doa, klima, irisgarritasun eta peatonalizazioari dagokienean”.

EH Bilduk planteatu du ere “komertzioentzat PERa malgutzea eta komertzioak zabaltzeko baldintzak ahalik eta errazenak izatea. Horrek motibatuko lituzke komertzio arloko ekintzaileak”.

“Egun ekintzaile ugarik Nafarroa etorbidean, Mankomunitatearen lokaletan dihardute. Kontuan hartuz Alde Zaharrean lokal ugari itxita daudela, proposatzen dugu ekintzaileen jarduerak Alde Zaharrean jartzea”.

Izan ere, “euren bezeroentzat toki aproposa izan daiteke, eta lokalek erakusleihoak dituzte. Aldaketa lortzeko Udalak Alde Zaharreko lokaletako jabeekin hitzarmenak egin beharko lituzke. Jarduera berriek jarduera gehiago erakarriko lituzkete”.

Horregatik, “komertzioak sustatzeko plan berezi bat eskatzen dugu. Orain egiten ari dena, nahiko gutxi dela uste dugu. Ekintzaileak eta komertzioak elkartu ezean, oso zaila izango da Alde Zaharra biziberritzea”.

Komertzioarekin jarraituz, koaliziotik “moratoria bat eskatzen dugu, legea aldatu bitartean, eta kontsentsu politiko eta teknikoa lortu arte. Komertzio bati ezin zaizkio egungo baldintzak exijitu, hemendik denbora batera (PERa berritu ostean) baldintza horiek ez zaizkiolako exijituko”.

Gaur egun zuntz optikorik ez dago Alde Zaharreko etxebizitza, komertzio, bulegoetan,… udaletxean izan ezik. “XXI. mende honetan, Udalak sustatu beharko luke zuntz optikoa Alde Zahar osoan izatea”.

Horrela, “enpresa pribatu batzuek ez badute lan hori egiten, Udalak lanari ekin beharko dio. Alde Zaharreko herritarrek ez dute zertan bigarren mailakoak izan. Zuntz optiko gabeko negozio batek zailtasun handiak ditu”.

“Udalak inbertsio handi bat egin behar luke Alde Zaharrean etxeek, komertzioek, bulegoek,… zuntz optikoa erabil ahal dezaten”.

EH Bilduren beste proposamen bat gainkargarekin zerikusia dauka. Egun eraikin zahar bat bota eta berria eraikitzeko “gainkargaren edo plusbaliaren tasa arazo bat da. Ikusi dugu eta frogatu dugu promotore batzuek etxe berriak eraikiko lituzketela, baina gainkargaren kostua ikustean, ez dute egitasmoa gauzatu. Gainkargaren tasa berrikusi beharra dago”.

Egungo PERak debekatzen ditu “komertzioetan toldoak jartzea tasa batzuk ordaindu barik, errotuluen tamainak asko mugatzen ditu, apaingarriak jartzea zailtzen du, erakusleihoen zabalera fatxadako leihoekiko lerrokatuta egon behar dute,…”.

Karkabak (eraikinen arteko pasabide estuak) zabaltzeko egitasmoa martxan dauka Udalak, baina “errealitatean gehienak itxita daude, zikin eta erabilera barik”.

Halaber, “oinezkoentzat eta irisgarritasunarentzat parke eta berdegune ahalik eta gehien egon behar lukete Alde Zaharrean. Orokorrean, legea malgutzea eskatzen dugu, besteak beste, gazteentzat erakargarria izan dadin”.

EH Bilduk etxebizitzak berritzeko mugak gaitzetsi ditu, eta alternatiba bat proposatu du. “Bergarako Udalak etxea berritu edota obra txiki bat egiteko, jabeari diru kopuru bat aurreratzen dio”.

Ondoren, “jabeak etxe hori gazteen alokairurako zuzentzen du, eta alokairutik lortutako dirua Udalari itzultzen dio, interes barik. 10.000 eta 30.000 € arteko obrak izango lirateke”.

Hori aplikatu daiteke “Erdiko Kalearen eta Ferreriasen arteko etxebizitza handi eta luzeetan bi apartamentu egin litezke, gazteei zuzenduta. Horrela saihestuko litzateke etxeak hutsik geratzea, baita gazteei etxerako sarbidea eskaintzea ere”.

“Bestela, etxeak zahartzen doaz: gazteek alokairu garesti bat ordaindu behar dutenez, ezin dute etxebizitza berritu. Ondorioz, etxeko horietako bizi baldintzak gero eta txarragoak dira”.

“Etxe asko egurrezkoak dira, atarteak zaharkiturik dauzkate, zoruak gorabeheratsuak dira, … eta beraz inbertsio bat egin beharra dago. Guk proposatzen dugu PERa malgutzea Alde Zaharra berritzeko”.

PERa berritzeko prozesu administratiboa martxan dago, eta proposamenak aurkezteko epea zabalik izan da. EH Bilduk goikoak aurkeztu ditu, eta Ibai-Artek, EAJ-PNVek, hainbat norbanakok,… gauza bera egin dute.

Proposamen hauekin agiri bat osatuko da, eta udaletxeko Hirigintza Aholkularitza Batzordeak aztertuko ditu. Batzorde horretan talde politikoek eta bestelako eragileek parte hartzen dute.

“Batzordean landutako agiria ez da Udal-gobernuarentzat loteslea izango, baina ez litzateke zentzuzkoa izango gobernuak berau ez onartzea”. Prozesu administratibo honen azken pausua Osoko Bilkuraren onarpena izango litzateke.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen