Egitasmoaren helburu nagusiena da “kooperatiba osatzen duten pertsona edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxatzea, instalazio horiek bereak direla ohartzea eta, instalazio horietan, beren kontsumo elektrikoaren pareko energia-bolumen bat sortzea”.
Energiaren Euskal Erakundeak eta kooperatibak berak aurkeztu dute Ekiola Leintz Bailara izeneko ekimena gaur.
Ekitaldian ere parte hartu dute Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz-Gatzagako alkateek, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru-diputatuak, Aritz Otxandiano Fagor Taldeko ordezkariak, Idurre Albizu Garaia Parke Teknologikoko ordezkariak eta Elena Herrarte Debagoiena 2030 sareko koordinatzaileak.
Ekiola sortzea “guztiz bat dator herrialdeko balioekin eta egitura ekonomikoarekin, eta, horrez gain, tamaina handiagoko proiektuak eratzea ere ahalbidetzen du, herritar kopuru handi bat tartean sartzeko modukoak”.
Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak adierazi du oso pozgarria dela Leintz Bailarako Ekiola laster errealitate bat izateko behar diren pausoak ematen ikustea:
“Formula horri esker, dimentsio esanguratsuko energia-azpiegiturak sortzeko aukera izango da (MW 1etik 5 MW-ra bitarteko potentziako eguzki-parkeak), hurbileko energia sortuko dutenak (0 kilometroa)”.
Azken helburua da “kooperatiba osatzen duten pertsona edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxatzea, instalazio horiek bereak direla ohartzea eta, instalazio horietan, beren kontsumo elektrikoaren pareko energia-bolumen bat sortzea”.
Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko erabili den “sistematikaren arabera, kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosi behar dute, beren etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko kostu batekin”, azaldu du Amagoia Barandiaran Ekiolako zuzendariak.
Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak nabarmendu du Leintz Bailaran trantsizio energetikoan murgilduta daudela “lehentasuna da guretzako”. “Euskal Herrian energia asko kontsumitzen dugu baina gutxi ekoiztu”.
Iragarri duenez, printzipioz Ekiolak 400 familiari eskainiko die energia berriztagarria modu jasangarrian. “Gure eredu kooperatiboa energiaren alorrera ere zabaldu dugu, eskualdearen alde lanean jarraitzeko”.
Lau udalek aurkezpenean aritu dira “0 kilometroko energia berriztagarria sortuko duen proiektu kooperatiboarekiko konpromisoa erakusteko”.
Proiektu hori Europar Batasunaren politiken “ildo beretik doa”, 2030erako helburu gisa ezarri baitu kontsumitzen den energiaren % 32 jatorri berriztagarrikoa izatea, eta autokontsumoak zein energia-komunitateen sorkuntzak eredugarri izan behar dute, beste energia-eredu baterako trantsizioan.
Ekiolaren bitartez, “energia-komunitate kooperatiboak sortuko dira. Kooperatibistak sortzen duten energiaren jabe izango dira, eta herritarrek beren energia sortuko, sustatuko eta kontsumituko dute”.
Ekiolak eta lau udalek konpromisoa hartu dute “teknologia fotovoltaikoa erabiliz argindarra sortzeko proiektuak bultzatzeko beharra, tokiko/eskualdeko herritar kontsumitzaileek partaidetutako kontsumo-kooperatibek kudeatuak, eta ekimen horiek berehala aktibatzeko eta hedatzeko behar diren baliabideak inplementatzeko”.
Udalak bazkide-kolaboratzaile gisa, “irabazi-asmorik gabeko Kontsumo Kooperatiba bihurtzen dela bermatzeko, prozesu hori zabaltzeko asmoarekin beste bazkide kolaboratzaile batzuk kooperatiban integratuz, herritarren ekintza osa dezaten, proiektuak gauzatu eta aurrera eramateko kontrol-prozesuak bultza ditzaten eta Leintz Gatzagako errealitate espezifikora egokitu ditzaten”.
Ekiolak “Leintz Gatzagan sustatuko du teknologia fotovoltaikoa erabiliz argindarra sortzeko proiektua, gutxienez MWn 1eko dimentsioarekin. Horretarako, Ekiolak eta Ekiolan parte hartzen duten taldeek irabazi-asmorik gabeko Enpresa Zerbitzuen Kooperatiba bat eratuko dute, hori lortzeko behar diren baimenak eta lizentziak garatuko dituena”.
Kooperatibak lan egingo du “eraikuntzaren, mantentze eta eragiketen, eta gerentziaren kostua bermatzeko bokazioarekin eta konpromisoarekin, dagozkion kontratuak sinatuz, prezio itxi batean eta gutxienez 25 urteko epe batez, bere bazkide eta partaideen bitartez”.