Eguzki-energia Arrasaten: bai, baina eraikuntzaren arabera? [Testua: Aitor Antxia]

2
806

2020ko azaroan aztertu genuen gure etxean (Altamira baserria) plaka fotovoltaikoak ipintzearen ideia. Horretara dedikatzen den enpresa batekin harremanetan jarri, proiektua prestatu eta tramitazioak burutzen hasi ginen.

Tramitazioaren zati garrantzitsu bat udaletxearen baimena lortzea da eta, gure harridurarako, Arrasateko Udalak ezezkoa eman zion gure proiektuari. Zer dela eta?

Egun indarrean dagoen “Arrasateko udalerrian eguzki-energia biltzeko sistemak instalatzea arautzen duen ordenantza”n 12. artikuluan jasotakoaren arabera “ez da onargarria Udalerriko Egitamu Orokorrean (HAPO) baserri bezala katalogatuta dagoen eraikin nagusian eguzkia hartzeko sistema fotovoltaikoa jartzea. Eraikin hoietan eguzkia hartzeko sistema termikoak bakarrik ezarri ahal izango dira”. Beraz, ordenantzak ezarritakoari jarraituz, udalak ezin du lizentziarik eman instalazio hau burutzeko.

Honen inguruan, ordenantzaren azalpenean zera jasotzen da “….ez dela joan behar hiri eta landa paisaien kaltetan……..elkartu nahi ditugu instalazioak jartzea eta paisaiari egindako eragina zaintzea edo gutxitzea”.

Honen aurrean zera adierazi nahi dugu:

Lehenik eta behin, araua guztiz diskriminatzailea iruditzen zaigula: etxebizitzaren arabera eskubide desberdinak daude. Baserrian bizi garenok ez ditugu arlo honetan “kalean” bizi direnen aukera berdinak. Gainera, paisaiari egindako eraginari dagokionez, zer diferentzia dago plaka termikoak edo fotovoltaikoen artean?

Ulertzen dugu ordenantza bete egin behar dela, baina egindako errekurtsoan goian aipaturiko arrazoietaz aparte, eskaera bat egin genion udalari: ordenantzaren artikulo hori berraztertzea eta aldatzea, denon eskubideak bermatu ahal izateko.

Hau guztia Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasuneko zinegotziari, Ibon Arrupe jaunari, ere adierazi genion. Adi entzun zituen gure arrazoiak eta udalean gaia planteatuko zuela adierazi zigun. Udaletxetik jaso dugun errekurtsoaren erantzunean, esaten dute “…errekurtsogileak adierazitakoa aztertu beharko da, badagokio, etorkizunean ordenantza berrikusiko denean”. Udalari eskatzen diogu, berrazterketa hau ahalik eta lasterren egitea.

Azkenik, zera adierazi nahi dugu: baserriak bizirik jarraituko dutela, bertan pertsonak bizi direlako, ez bakarrik eraikinak mantentzen direlako. Erakunde publikoen zereginetako bat eraikin eta inguru horiek bizirik mantentzen dituzten pertsonak laguntzea dela deritzogu.

2 IRUZKIN

  1. Bada garaia iada,!
    Hirigintzako sailari , zera gogorarazteko:
    HERRIARENTZAT LAN EGITEN DUTELA!
    Botuen gehiengoa dutela aitzakitzat, ezin dutela sudur puntan jarritakoa egin.
    HERRIA ANITZA DELA. BEHAR EZBERDINAK DITUELA.!
    Nahikoa dela partidismoarekin.
    Taldean lan egiten dutenak, profesionalak behar dutela izan. Arrastearrok ez garela ezjakinak, eta ikusten dugula beraien lana zertan datzan. .
    Proektuen gauzatzeak profeaionaltsaun gehiago behar duela, eta batez ere, herriari etorkizunean dagozkien gaiak, eztabaida bat behar dutela.
    Zuen erabakiak, gure diruarekin egiten dituzuen einean, herriaren oneritsia behar duzuela.
    Eta oneritsia, ez dator botuekin bat, baizik eta herriarekin egiten den proiektuarekin bat.!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen