“Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta” liburua aurkezteko solasaldia egingo da Arrasaten

0
381

Testua: AED.

‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ Joan Mari Torrealdai Nabeak ia amaitua utzi zuen liburua aurkezteko solasaldi zikloa antolatu dute Berria, Elkar eta Jakin fundazioak datozen asteetarako eta Arrasaten izango da lehen geldialdia, AEDren eta Goienaren laguntzarekin.

Datorren asteartean, otsailak 22, izango da, Kulturateko areto nagusian, 19:00etan. Torrealdaik hasitako memoria lanari bukaera eman dion Joanmari Larrartek egingo du liburuaren aurkezpena eta ondoan izango du Joseba Ezpeleta arrasatearra, Egunkaria itxi zutenean, AEDko lehendakari izaki, Arrasaten sortu zen herri batzordean buru-belarri aritu zena.

Bien artean, eta Goienako kazetari batek gidatuta, Euskaldunon Egunkariaren historia zein haren itxierak piztu zuen herri mobilizazioa ekarriko dizkigute gogora.  

Euskaldunon Egunkaria euskaltzaleon herri ekimenak emandako fruitu nagusi eta pozgarrienetako bat izan da, ezbairik gabe.

Sortze prozesu gatazkatsu baten ondoren, 1990eko abenduaren 6an kaleratu zuen lehenengo alea eta hamahiru urte beranduago bukatu zen haren ibilbidea, 2003ko otsailaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak bortizki itxi eta hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituztenean.

Joan Mari Torrealdaik lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa. Sorreratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen-en, hasieratik izan zen Administrazio Kontseiluko kide –bertako lehendakari ere bai azken urteetan–, eta atxilotutakoen artean zegoen. Bere bizipenetatik abiatuta, hori dena kontatzeari ekin zion Torrealdaik, sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea.

Duela bi urte utzi gintuen berak eta haren lanari jarraipena eman zion Joanmari Larrarte haren lagun minak, beste hainbaten laguntzarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen